Gerran jarraitu nahi izatea egotzi dio Errusiak Europari, Ukrainari laguntza militar gehiago ematea adostu ondoren

Hilabeteko su etena proposatu dute Starmerrek eta Macronek; Frantziako Atzerri ministroaren arabera, etenaldi horrek erakutsiko du Putin «bakerako prest ote dagoen».

Zelenski, Starmer eta Macron, hizketan, atzo Londresen egindako bileran. JUSTIN TALLIS / EFE
Zelenski, Starmer eta Macron, hizketan, atzo Londresen egindako bileran. JUSTIN TALLIS / EFE
maddi iztueta olano
2025eko martxoaren 3a
13:34
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru urteren ondoren, AEBetako presidente Donald Trumpek mahai gainean jarri du Ukrainarako bake akordio bat erdiesteko aukera, baina Washingtonek orain arte afera horretan hartu duen bidetik aldenduta: Errusiarekin harremana estutzea lehenetsi du, jendaurrean errieta egin dio Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri, eta negoziazioetatik kanpo utzi nahi du Europa. Ukrainaren aliatu europarrek uste dute, ordea, eztabaida horietan parte hartzea dagokiela; hala berretsi zuten, atzo, Londresen egindako bileran. Ondoren, Frantziako presidente Emmanuel Macronek iragarri zuen berak eta Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek proposamen bat egin dietela beste agintariei: Ukrainarako hilabeteko su eten bat adostea. Errusiak, ordea, ez ditu bi aukera horiek begi onez ikusi, egunero egin ohi duen prentsaurrekoan Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur egin dituen adierazpenei erreparatuta: «Ukrainari laguntza militar eta ekonomiko gehiago emango diotela adostea ez da bakerako plan bat».

Frantziako presidenteakLe Figaro egunkarian egindako elkarrizketa batean eman zuen proposamenaren berri, eta gehitu zuen borroken etenaldia erabatekoa litzatekeela: 30 egunez bertan behera utzi beharko lituzkete aire, itsaso eta lur bidezko erasoak, baita energia azpiegituren aurkakoak ere. Eta planaren bigarren fasean Europako herrialdeetako tropak Ukrainara bidaliko lituzkete: «Datorren asteetan ez da Europako troparik izango Ukrainan. Horregatik asmatu behar dugu daukagun denbora tregoa iraunkor bat adosteko erabiltzen, hainbat aste iraungo duten negoziazioen bidez; gero, behin bakea adostuta, tropak zabalduko genituzke». Europako agintarien artean desadostasunak eragin ditu tropak Ukrainara bidaltzearen asmoak; Starmer eta Macron, berriz, hasieratik agertu dira horren alde; haien arabera, «bakea bermatzea» litzateke tropa horien helburua.

Gaur goizean France Inter irratian egindako elkarrizketa batean, plan horren inguruan hitz egin du Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek, eta zehaztu du plan horren beste helburuetako bat zera dela, Errusiako presidente Vladimir Putin «bakerako prest» ote dagoen egiaztatzea. Eta ohartarazpen bat egin du: «Inoiz ez da izan orain besteko arriskurik Europan gerra bat hasteko, etsaia gero eta hurbilago daukagu». Haren arabera, Frantzia lanean ari da Trumpen eta Zelenskiren arteko harremana hobetu dadin, joan den ostiralean Etxe Zurian liskarra izan ondoren, argudiatuta «denen interesekoa» dela Errusiaren «asmo inperialistak» gelditzea.

Frantziako agintariek aho batez defendatu eta bultzatu dute hilabeteko tregoaren proposamena; Erresuma Batukoek, ostera, urrats bat atzera egin dute gaur. Hango armadarako estatu idazkari Luke Pollardek Radio Times hedabidean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, oraindik ez dago menia baterako akordiorik, eta ohartarazi du agian borroken etenaldi batek Errusiari mesede egingo diola, tropak indartzeko erabili ahalko bailuke.

Gastu militarraren plana

Europako hainbat agintarik gastu militarra areagotzeko asmoa adierazi dute azken asteotan, eta ideia horrekin bat egiten du EB Europako Batasunak. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi du bihar gutun bat bidaliko diela talde komunitarioko estatu kide guztiei; testu horretan zehaztuko du zein den gastu militarra handitzeko EBk ondu duen estrategia. 

«Zalantzarik gabe, gastu militarra nabarmen handitu behar dugu, berandu baino lehen», esan du, prentsaurreko batean. Europako Batzordeko presidenteak helburu hori defendatu du iritzita «indarra» erabiltzea dela «bake iraunkor bat lortzeko modu bakarra»

Mineralen akordioa

Zelenskirekin prentsaren aurrean eseri eta liskarra hasi baino lehen, Ukrainako mineralak ustiatzeko akordioa sinatzea zen Trumpen helburua; Ukrainako presidentearena, berriz, horren truke AEBek Errusiaren aurrean segurtasuna bermatzea. Bertan behera geratu ziren bilera eta bi agintarien asmoak. Halere, Zelenski prest dago Washingtonera itzultzeko eta berriz Trumpen aldamenean esertzeko; baita mineralen akordioa sinatzeko ere, atzo gauean egindako elkarrizketa batean esan zuenez. Are, aitortu zuen ostiraleko eztabaidak ez zuela «ezer onik» ekarri. Dena den, Etxe Zuriko maizterraren aurrean izandako jarrera defendatu du: «Ukrainaren jarrera zein den ulertzea nahi nuen, besterik ez».

Starmerrek eta Macronek adostutako planaren inguruan galdetuta, Ukrainako presidenteak adierazi zuen «hurrengo asteetan» izango dela akordio horren xehetasunen berri, eta eskerrak eman zizkien bere aliatu europarrei. Nolanahi ere, beren laguntza «ezinbestekoa» dela esan die aliatuei beste behin, sare sozialetan gaur goizean kaleratutako bideo batean. Horretan, Errusiaren erasoen ondorioz kaltetutako hainbat eremu erakutsi ditu, eta berriro nabarmendu du Ukrainak «laguntza handia» behar duela. Eta gehitu du: «Benetan bake akordio bat erdiesteko negoziazioak hasi nahi dituen norbaitek ez du misil balistikoekin zibilen aurka egiten».

Trumpek, ordea, berriz egin dio errieta Ukrainako presidenteari. «AEBen babesa duen bitartean bakerik nahi ez izatea» leporatu dio Truth Social sare sozialean argitaratu duen mezuan. Gainera, Zelenskik atzo «bake akordioa oso urrun» dagoela esatea gaitzetsi du Etxe Zuriko maizterrak: «Hau da Zelenskik egin zezakeen adierazpenik txarrena, eta AEBek ez dute horrelako adierazpen gehiagorik onartuko!». AEBetako hedabideek gaur argitaratu duten informazioen arabera, Trumpek ez dizkio arma gehiagorik bidali nahi Ukrainari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.