Parisko atentatuak. Frantziaren erantzuna

Gerrarako konstituzio bat

Konstituzioa «garai berrietara» egokitu nahi du Hollandek.Salbuespen egoera hiru hilabetez luzatzeko baimena eskatu dio Kongresuari.Neurri judizial, polizial eta militar zorrotzak iragarri ditu

François Hollande Frantziako presidentea, atzo, Sorbona Unibertsitatean, ezker-eskuin Najat Vallaud-Belkacem Hezkuntza ministroa eta Manuel Valls lehen ministroa dituela. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2015eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Frantzia gerran da». François Hollande presidenteak nazioari esandako lehen hitzak. Versallesko Jauregian. Premiazko saioan. Frantziako 348 senatari eta 577 diputatuen aurrean. Aparteko garai batean. Parisen ostiral gauean 129 hildako eragin zituen «gerra ekintzaren» ostean ezarritako neurriak luzatzeko, beste neurrisorta zorrotzago bat iragarri du presidente sozialistak, aurretik sekula errepublikan indarrean izandako neurri judizial, polizial eta militarrak, defentsa gastuak handituta eta gobernuaren boterea indartuta.

1955eko Konstituzioaren erreforma sakon bat aldarrikatu du agintariak ospe handiko ekitaldi horretan: «Konstituzioa garatu behar dugu botere publikoei gerra terrorismoaren kontra jarduten uzteko, zuzenbide estatua errespetatuz». Aldaketa aurrera ateratzekotan, gobernuak eskumen gehiago izango lituzke salbuespen egoeran: tartean, epaileen agindurik gabe miaketak eta atxiloketak egiteko.

Frantziako Kongresuari, alde horretatik, salbuespen egoera hiru hilabetez luzatzeko oniritzia eskatu dio; izan ere, dekretu administratiboz hamabi egun iraun dezake ostiraletik indarrean dagoen neurriak. Konstituzioa «gerra egoera batera» egokitu behar dela esanez justifikatu du proposamena: «Aro berri batean gaude, eta salbuespen neurriak denbora mugatu batez ezarri ahal izateko tresna bat behar dugu, askatasun publikoak arriskatu gabe».

Ministroen Kontseiluak asteazkenean onartuko du lege proiektua, eta senatari eta diputatuei erabakia «astebururako» hartzea eskatu die presidenteak, egun indarrean dagoen neurria hurrengo asteko asteazkenean geratzen baita indargabe. Hollandek Parlamentuko hiru bostenen babesa behar du.

Salbuespen egoerek bermatzen dituzten neurrien artean mugen kontrolak zorroztea eta polizien eskumenak zabaltzea dago, besteak beste, armak erabiltzeko garaian. Arma trafikoaren kontrako zigorrak gogortzea ere aurreikusten da, hala nola estatuaren kontrako delituak egin eta herritartasun bikoitza dutenei herritartasuna kentzea, eta mehatxu diren atzerritarrak kanporatzea.

Alor militarrean eta judizialean ere aldaketa nabarmenak iragarri ditu Hollandek: bi urtean 5.000 postu sortuko dira arlo militarrean, eta 2.500 judizialean. Mugak zaintzeko, berriz, beste mila postu. Eta erreserbistek funtzio gehiago izango dituzte: «Etorkizuneko Guardia Nazionala izango da».

Neurri horiek guztiek aurrekontuetan eragin ditzaketen ondorioez ere mintzatu da Hollande, zehaztuz oraintxe bertan garrantzitsuagoa dela«segurtasun ituna egonkortasun ituna» baino. Haren hitzetan, 2019. urtera arte ez da armadan murrizketarik egingo, eta ziberdefentsa ere indartuko du. Europari, berriz, mugak kontrolatzeko eskatu dio.

Batasun nazionala

Versallestik nazioari esandako hitzek, baina, mundu osoaren arreta bereganatu dute, eta, batasun nazionalerako deitik haratago, «jihadismoaren kontrako nazioarteko koalizio sendoa» eratzearen alde agertu da Hollande: «Gerra honek mundu osoari eragiten dio, ez soilik Frantziari. Eta EI suntsitzeko beharra nazioarteko komunitate osoarena da».

Barack Obama AEBetako presidentearekin eta Vladimir Putin Errusiako presidentearekin «datozen egunotan» elkartuko dela adierazi du presidenteak, eta «koalizio bakar bat» eratu behar dela nabarmendu. Sirian gobernua eta oposizioa babesten dituzten bi koalizioek elkarrekin aritu behar dutela eta erantzun bateratua eman behar dela uste du presidente sozialistak.

Siriako egoera hizpide hartuta, haratago joan da: «Siria terrorista fabrikarik handiena bilakatu da». Atentatuak herrialde horretan «prestatu» zirela adierazita, etxera ere begiratu zuen: «Ostiralean, frantziar batzuek beste frantziar batzuk hil zituzten».

Sirian udan abiatutako operazio militarrak «areagotuko» direla jakinarazi du; Charles de Gaulle hegazkin ontzia azaroaren 18an joango da eremu horretara, han bonbardaketak egiten ari diren hegazkinak laguntzera. Gerra irabazteak «luze» joko duela uste du, baina bitartean «lanean eta bizitzen» jarraitu behar dela: «Basatiek ez dute lortuko libre bizitzeko gure erabakia».

Minutu bateko isilunearekin hasitako ekitaldia ereserkia kantatuz amaitu zen. La Marseillese abesteari ekin aurretik, lelo bat bota zuen presidenteak: «Gora Frantzia!». Agerraldia bukatutakoan, Twitterren esaldi hau idatzi zuen presidenteak. «Terrorismoak ez du Errepublika suntsituko; Errepublikak suntsituko ditu terroristak».

Minutu bateko isilunea

Eguerdian ere minutu bateko isilunea egin zuten Parisen. Agintariak Sorbona Unibertsitatean elkartu ziren, eta herritarrak, berriz, hiriko beste leku batzuetan. Paris, baina, egunerokora itzultzen ari da poliki-poliki. Eiffel dorrea atzo arratsaldean zabaldu zuten, eta hiru gauez ikurraren koloreekin eta hiriko armarriko latinezko leloarekin argiztatuko dute: Fluctuat nec mergitur (Olatuek astinduta, baina ez suntsituta).

Hollandek arratsaldean egindako agerraldiaren aurretik, adierazpen polemikoak egin zituzten gobernuko eta oposizioko ordezkariek. Manuel Valls lehen ministroaren hitzetan, ezin da baztertu datozen egunotan eraso gehiago egotea, eta erasoaren neurriko erantzuna eman behar dela esan zuen: «Itxi egin behar dira Meskitei eta errepublikaren balioei erasotzen dieten elkarteak».

Nicolas Sarkozy oposizioko burua haratago joan zen, esanez susmagarriak diren pertsonek «besoko elektronikoa» eraman behar dutela eta etxeko atxiloaldian egon behar dutela, nahiz eta auzi judizialik ez izan. Oraintxe, 11.500 lagun daude identifikatuta muturreko islamistekin lotura dutelakoan. Marie Le Penek, berriz, mugen kontrolak zorrozteko eskatu du, «terrorista multzo handi bat immigranteekin sartu delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.