Gazako egunerokoa (11)

«Gerran, egun bakoitza da sakratua»

GAZA
Gazako emakume batzuk hildako bati azken agurra ematen, urriaren 27an. HAITHAM IMAD / EFE
2023ko azaroaren 25a
05:00
Entzun

Urriak 27, ostirala

Hogeita batgarren eguna. Adham, gure adiskide eta bizilaguna, Farajen etxera etorri zaigu gauak pasatzera. Elektrikari iaio-iaioa da, eta badaki sistema elektriko bat muntatzen etxean zenbait bateria aldi berean konektatu ahal izateko. Horrek esan nahi du gau osoan izan dezakegula Internet, eta ez dugula aitaren irrati zaharrarekin lardaskan ibili beharrik seinale garbi baten bila. Txantxetan, esan diet gure Faf poz-pozik egongo dela hemendik aurrera, bere irrati dontsua berreskuratuta.

Adhamek gurekin ematen ditu gauak orain; familia, berriz, bere aita-amaginarrebenean dauka orain, Farajenetik ez oso urruti. Iritsi zenetik, telefono zutoin bat ikusten dudan aldiro hortxe dago bera, puntara igota, etxebizitzak elektrizitate edo telefono lineara berriz konektatzeko lanean jo eta su. Espero dugu gaur gauean Internetera konektatu ahal izatea etenik gabe, azkenean. Hori pribilegio bihurtu da egun hauetan; beraz, berandu arte esna egotea erabaki dut, aprobetxatzeko. Gaueko bederatzietarako, ordea, logurak hartu nau.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Adham eta Faraj berriketan dabiltza, txikitako lagunak gogoratzen. Ni, berriz, lurrean etzan, eta irakurtzen ibili naiz pixka bat, lasaitzeko. Lokartzen ari nintzela, ordea, eztanda bat entzun da oso gertu. Gazako zerrenda lurralde estu-estu bat da, jendez gainezkatua, eta, horregatik, eraso bat gertatzen den aldiro, badirudi ondo-ondoan gertatu dela. Gazako hirian misil bat eroriz gero, Rimal-en adibidez, Jabaliakoek ere sumatzen dute. Dena dela, jakinik ere leku guztiak dauden baino gertuago sumatzen direla, horrek ez du beldurra arintzen.

Sakon egin dut lo, eta, begiak ireki ditudanean, ezin nuen sinetsi sei eta erdiak zirela eta gau osoa eman dudala lo, etenik gabe. Otoitzerako deiak bai, entzun ditut nik uste, baina, hori kenduta, segida-segidan egin dut lo. Mohammedek esnatu ez banindu kafea egitera jaiki denean, lo segituko nuen. Baina nire koltxoia sukaldearen ondoan zegoen, eta ezinbestean esnatu naiz.

—Tira, gaua lasaia izan da orduan, ezta? —galdetu diot.

—Halaxe dirudi —hark erantzun.

Gero, ordea, benetan zer gertatu den jakin dugu SMS bidez, eta ohartu gara ez dela izan batere gau lasaia. Besterik gabe, hain geunden nekatuta, ezen ume txikiek bezala egin baitugu lo. Adham jakinarazpen batzuk irakurtzen hasi da: aireko erasoak izan omen dira Rafahn, beste sarraski bat Nuseiraten, aireko eta itsasoko erasoak Beit Lahian, eta baita Gazako hiriko kostalde osoan ere. Inork esan izan balu «Itxaron, joan den asteko albisteak irakurtzen ari naiz-eta», sinetsiko nion. Bonbardaketa, tiro, suntsiketa eta heriotza ziklo amaigabe bat: horra gure bizitza. Senide batek, Nabil-en emazte Bothinak, honela galdetu zidan, batere ironiarik gabe galdetu ere, familiako ia guztiak sarraskitu zizkioten egunean: «Nire kulpa al da gerra hau?». Ez zen galdera erretorikoa. «Ez horixe», erantzun nion. Sekula ez da biktimaren kulpa. Biktimak biktima dira, zein ere ausartak eta irmoak diren, zenbat ere tematzen diren biktima direla ez onartzen. Ametsetan agertu zait berriz Bothinaren galdera, eta haren aurpegia, eta haren ahotsa Jainkoari erreguka, egun hartan bederen bere bilobetako bati bizirik segitzen utz ziezaion, hartara zerbait geratuko zitzaiolakoan, bere bizitzaren parte bat. Ala-rekin negoziatzen saiatu zen. Baina kale, noski. Duela bi egun, bizilekutzat hartua zuten etxearen kontrako lehen eraso hartatik bost egunera, azken bi umeen gorpuak aurkitu genituen. Berriz lokartzen saiatu naiz.

«“Nire kulpa al da gerra hau?”. Ez zen galdera erretorikoa. “Ez horixe”, erantzun nion. Sekula ez da biktimaren kulpa. Biktimak biktima dira».

Bart, nire senideenetik gertu autoa aparkatzen ari ginela, eraikin bat lehertu zen pareko kalean. Sua ikusi nuen kalerantz zabaltzen. Korrika jo nuen gainera zetozkidan harri pusketatik babestera. Handik minutu gutxi batzuetara, zenbait emakume ikusi genituen eraikin haren ondoko kalezulo batetik irteten, ilea hautsez estalita, oihuka, erasoak harrapatutako eraikinera seinalatuz. Abu Jobain familiaren etxea zen. Guztiz suntsituta geratu zen, eta ondoko etxeak ere, oso kaltetuta. Hamar minutu geroago, dena bare zegoen berriz, normal dena berriz, eta modua izan nuen Farajen etxera joateko lotara.

Gaur goizean, aireko beste eraso batek leherketa bat eragin du gertu, eta guztiz zapuztu dit berriz lokartzeko saialdi oro. Farajen etxetik iparraldera gertatu da, eraikin gutxi batzuk harago: Mahmud Mohaiseen-en etxea izan da oraingoan, zeinaren amaginarreba nire izeba Ratiba baita. Hamabi lagun hil dituzte hondakinetan hondoratuta. Mahmud, berriz, zigarreta batek salbatu du: erretzera aterea zela izan baita erasoa. Zigarreta piztu, kea xurgatzen hasi, eta, konturatzerako, akabo etxea eta familia. Bera zaurituta dago, eta seme-alaba guztiak galdu ditu. Haien artean zegoen Eid, nire lagunaren aita, eta haren emaztea ere bai; berez kale nagusian zuten biek etxea, baina hara joanak ziren pentsatuta seguruagoa izango zela kalexka batean geratzea.

Etxerainoko bidea egin dut autoan, prentsaren eraikinera ez joatea erabakita. Ostirala da gaur, eta senak esan dit egun sakratua dela. Gerran, egun bakoitza da sakratua eta egun bakoitza da laneguna. Arrastorik ere ez daukat zer jango dudan gaur. Nire seme Yasserri eskatu diot joan dadila Wihda kaleko Saj okindegi koxkorrera, ilaran jartzera. Berrogeita hamar lagun inguru daude zain. Esan diot: «Ordu eta erdi gehienez, ikusiko duzu». Hura zain geratu dela, ni supermerkatura joan naiz, kozinatu gabe jateko moduko edozeren bila.

Orain etxean nago berriz, eta idaztera eseri naiz, leherketak adituz nonahi. Ez mugitzen saiatu naiz. Eraikinak dar-dar egin du; leihotik, ehun bat metrora, beste eraikin bat ikusi dut kraska hotsez apurtzen eta erortzen. Keak eta hautsak modua egin dute gelaraino sartzeko; eztula eragin didate. Idazten segitu dut. Ezer aldatzerik ez dago, eta nik ezin dut ezer egin gerra hau geldiarazteko.

Hurrengo atala: «Mundutik bereiz utzi gaituzte»

 

Atef Abu SaifPalestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.