Gerrak ebatsitako bizitzak

Sei hilabete dira Etiopiako Gobernuak eta Tigrayko gerrillak su etena hitzartu zutela, baina oraindik asko dago egiteko. Gerrak 2,23 milioi barne desplazatu eragin ditu, eta sexu indarkeriaren milaka kasu.

Gerra hasi aurretik, nekazaritzatik bizi ziren tigre gehienak. O. E. J.
Oskar Epelde Juldain.
Mekelle
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Duela bi urte, gerra hasi eta bederatzi hilabetera, 2,23 milioi desplazatu zeuden Tigrayn, NBEn arabera. Gehienak ez dira oraindik sorlekura itzuli. Tigray mendebaldea eta hegoaldea gatazka betean daude oraindik.

Getachew Barakik 54 urte ditu; 30 urtez laboraria eta abeltzaina izan da, Setit ibaialdean. Bere burua aberastzat zeukan, baina bat-batean ondasun guztiak galdu ditu; besteak beste, 150 behi. Mekelleko Sebacare barne desplazatuen kanpamentuan, Meaza Tsegarrek prestatu duen kafea hartzera gerturatu da. «Amharak gerra prestatzen ari ziren. Guk bakea eskatzen genuen, baina gure ondasunak harrapatzeari ekin zioten; gerra hasi baino lehen izan zen hori», azaldu du. Gerrak ihes egitera behartu zituen. Tigray erdigunera iritsi ziren, baina frontea ere gerturatuz joan zen; Mekelle hiriburura jo zuten orduan, baina han ere gerra hotsak ziren nagusi: «Askatasunaren alde borrokatzera behartu gintuzten; Tigrayko indarrekin bat egin nuen. Ihesaldian hamaika zailtasun bizi ondoren, eta aukera guztiak galduta, borroka egin genuen bizitzak sakrifikatuz».

Meazak 21 urte ditu, eta berak ere garai gogorrak bizi izan ditu, baina tigreen biziraupena posible egin duen elkartasun izpirituari darion irribarrearekin prestatu du kafea. Dansha herrian bizi izan zen, Tsegeden, eskola utzi eta ihes egin behar izan zuen arte. Gurasoak Sudango mugaz bestaldera abiatu ziren, eta bera lagun batzuekin geratu zen; 700 kilometro egin zituen oinez Mekelleraino. Ez da eskolara itzuli oraindik. Bi urtez eskola guztiak itxita egon dira Tigrayn, eta itxita daude oraindik, ez dutelako irekitzeko nahikoa dirurik. Meazak ez du inoren menpe egon nahi, eta kafeak prestatzen ditu 10 zentimoren truke. Bakea lortzen bada, ikasten jarraitu nahi luke. Ez du etorkin bihurtu nahi; Tigrayn bizi nahi du.

Bere istorioa kontatzeko indarra atera du 44 urteko Habenom Alemuk ere, kafea hartu ondoren. 1985ean Etiopiako iparraldean jasan zuten gosetearen ondorioz, Habenom Sudanen hazi zen, eta 1993an Tigrayra itzuli. Bere belaunaldia izan omen zen Mai Khadra inguruan lehen laborantza lurrak prestatu zituena. Haren esanetan, oso zaila da Tigray mendebaldeak jasan duen oinazea hitzez azaltzea. «2020ko urriaren bukaeran, aurrez prestatutako amhara miliziak iritsi ziren Sudan aldetik, Abdurafitik. Jendea hiltzen hasi ziren, aiztoak eta aizkorak erabiliz; miliziek tresna guztiak erabili dituzte tigreak hiltzeko», azaldu du. Bera atxilotu egin zuten, baina ordurako Mai Khadrako 2.000 herritar zeuden desagertuta.

Nekazaritza esparrua zenez—sesamoa lantzen zuten, besteak beste—, kanpotik joandako langile asko zeuden garai hartan, eta jakina da haietako hainbat ere hil zituztela, baina inork ez daki zehazki zenbat izan ziren. Listua irentsi du Habenomek, bere burua lasaitu nahian. Baina ez ditu ezkutatzen trauma eta ezinegona; ezin du ezer egin, giza laguntza heltzen den desplazatuentzako kanpaleku honetan agonia luzatu besterik.

Gatazkaren jatorria

EPRDF Etiopiako Herriaren Fronte Demokratiko Iraultzailea agintean zen bitartean, etnietan oinarrituriko federalismoa egon zen indarrean. Praktikan, komunitate guztiakez ziren berdin tratatuak, eta horrek protestak eragin zituen, batez ere oromo eta amhara etnietan. Jokaleku horretan, EPRDFk Abiy Ahmed izendatu zuen lehen ministro —oromoa da—, TPLF Tigray Askatzeko Herri Fronteak kontrako iritzia eman ondoren, eta lehen ministroak erreformak iragarri zituen, sistema zentralizatu bat ezartzeko. Bitartean, EPRDF bere alderdiarekin ordezkatu zuen, koalizio berri bat osatuz —Oparotasunaren Alderdia—, eta horrek guztiak haserrearazi egin zituen tigreak, indar horretatik kanpo geratzeraino.

Gatazka amaitze aldera Etiopiako Gobernuak eta Tigrayko gerrillak adostutako akordioaren arabera, Addis Abebaren ardura da militarrak Tigraytik erretiratzea, baina ez dute zehaztu horretarako egutegirik. Iheslarien esanetan, su etena adostu zutenetik lau hilabete igaro diren arren, inor ez da arduratu hitzartutakoa betetzen ari direla bermatzeaz.

Birhan Gerezgiherrek 34 urte ditu, eta isilik egon da orain arte, kafetegiko aulki batean eserita, besteen istorioak entzuten. Humeratik iritsi zen Birhan. Bonbardaketak hasi zirenean, senarra non zegoen jakin gabe, ume jaio berria hartu, eta Mekellera joan zen ihesi. Hamabi senide galdu ditu Etiopiako indarren esku. Ahotsa dar-dar eta begiak gorri dituela, nazioarteko komunitateari eskatzen dio berma dezala bakea, sorlekura itzuli ahal izan daitezen. Birhanek malkoak lehortu ditu eskuaz. Oinazearen gainetik, bada zerbait ona: bizirik iraun dutela.

Desplazatuen kanpamentuan ez dute ezer egiteko aukerarik, lan egiterik ere ez. Sebacare eremuan badira 9.000 desplazatu. Batzuk dendak irekitzen saiatu dira, baina inork ez dauka erosahalmenik. «Gure lurretara itzuli ahalko bagina, nekazaritzara itzuli ahal izango ginateke; ez dago beste konponbiderik», esan du Getachewk.

Justizia beharra

Etiopiako iparraldean bakea eta adiskidetzea lortzeko justiziak duen garrantziaz mintzo dira iheslariak. Sarraski eta bortxaketek eragin dituzten zauriak sendatzea da Tigrayren berreraikuntzak duen erronka handiena, Elshadai Sorospenerako eta Garapenerako Elkartearen sortzaile Yemane Woldomariam-en esanetan.

Gerraren ondorioz familiarengandik banandutako 1.200 adingabe bildu zituzten Mekelleko aterpetxean. Familiak aurkitzen saiatzen ari dira beste elkarte baten laguntzaz, baina ehunka daude oraindik Elshadaiko andetan. Gazteetako ehun inguruk sexu indarkeria jasan dutela dio Yemanek. «Buruko osasun arazoak dituzte. Gurasoak nola hiltzen zituzten ikusi zuen Mai Khadrako ume batek. Alamatako beste neska batek familia guztia galdu zuen droneekin etxea leherrarazi zietenean. Bera bakarrik atera zen bizirik; gurean dago orain. Su etenaren berri izan zuenean, gaixotu egin zen gertatutakoa gogoratuz. Itunari esker, haur batzuk gurasoekin elkartu ahal izango dira, baina berak ezingo du!», salatu du Yemanek.

Mekelleko Hamlin Fistula klinikak Afar, Amhara eta Eritreako gaixoak hartzen zituen gerraren aurretik, baina, krisia hasi zenean, funtsik eta botikarik gabe geratu zen. «Ospitalea ixtea beste aukerarik ez zegoela zirudienean, laguntza eskatu genien tokiko erakunde eta bizilagunei, eta, horri esker, 487 ebakuntza egin ditugu gerra garaian», azaldu du Melaku Abraha zuzendariak. Inguruko osasun zentroen %80 arpilatuta edo itxita zeudelarik, Melaku eta erizainak bortxaketetatik bizirik ateratakoak sendatzeko lanean hasi ziren. «Tratatu ditugun kasuen %7 bortxaketa kasuak izan dira. 17 urte atzera egin dugu. Talde bortxaketen ondorioak eta droneen eztandek zauritutako pertsonak ikusi ditugu. Kasuak gero eta gehiago dira, gero eta larriagoak, eta gehienetan hainbat hilabeteko tratamendua behar izaten dute».

Oraindik ez dago argi zenbat bortxaketa izan diren gerrak iraun duen bitartean; 10.000eta 100.000 artean izan direla diote Tigrayn. Estigmaren beldur, bizirik atera diren gehienak isilik daude, eta oraindik ez dituzte jaso beharrezko osasun zerbitzuak. Melakuren esanetan, askokkaltetuta edo hondatuta dauzkate umetokia eta ondestea: «Beharrezkoa da emakume horiek ospitalera eramatea. Baina ez da hori bakarrik; ospitaletik ateratzen direnean, laguntza behar dute erabat osatu eta laneanhasteko. Hori egin ezean, pobreziara itzultzen badira, minak depresioa eragingo die». Justizia soziala behar dutela dio Melakuk, samina berriz azaleratuko ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.