Harvard Unibertsitateko historialaria

Naomi Oreskes: «Gerra zibilaz geroztik, polarizazioa ez da inoiz hainbestekoa izan AEBetan»

Eric M. Conway lankidearekin batera, 'The Big Myth' (Mito handia) liburua argiratu du, AEBetako mito nagusietako bat desegiteko: merkatu librea hutsezina dela dioena.

Naomi Oreskes. JON SACHS
Naomi Oreskes. BERRIA
Ricard Gonzalez.
Washington
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Hollywooden ametsak eta mitoak sortzeko munduko fabrikarik boteretsuena daukan herrialdean, Harvard Unibertsitateko historialari Naomi Oreskes (New York, 1958), bere lankide Eric M. Conwayrekin batera, lanean dabil AEBetako mito nagusietako bat desegiteko: merkatu librea hutsezina dela dioen mitoa. The Big Myth (Mito handia) lana argitaratu berri dute Oreskesek eta Conwayk, eta azaldu dute nola azkenean dogma bilakatu den merkatu librearen eta demokraziaren batasun hautsezina, NAM (Fabrikatzaileen Elkarte Nazionala) patronal boteretsuak babestua, eta nola dogma horrek balio duen AEBetako politikaren bilakaera azaltzeko.

Egia al da merkatu librea AEBen izaeraren parte dela herrialdea bera sortu zenetik?

Ez, eta hain justu NAM patronalak joan den mendeko 20ko hamarkadan abiatutako kanpaina arrakastatsuagatik lotzen da hainbeste estatubatuarren nortasunarekin. Izan ere, XIX. mendean, bai estatuetan eta bai arlo federalean, gobernuek zuzenean esku hartu zuten ekonomian: erregulatu egin zuten, azpiegiturak eraiki, eta muga zergak ezarri, tokiko industria babestuta egon zedin Europatik etorritako lehiatik. Baina kanpaina hain arrakastatsua izan zen, ezen gaur egun askok pentsatzen baitute —oker pentsatu ere— merkatu librea konstituzioan bildua dagoela eta hari kontra egiten diona antiamerikarra dela.

Patronal handiak nola lortu zuen garaipen kultural hori?

Propaganda etengabe eta erruz erabiliz, eta horretarako diru asko inbertituz. Hori da liburuko lezio nagusietako bat. 30eko urteetan, estatubatuar askok ez zituzten gogoko korporazio handiak eta Wall Street, haiek jotzen baitzituzten 1929ko crash handiaren eta ondorengo Depresio Handiaren erruduntzat. Horri aurre egiteko, NAMen kanpainak zenbait arlotan jardun zuen urteetan: besteak beste irrati programak finantzatu zituen, Hollywoodeko filmak, eta eskolako eta unibertsitateko testuliburuak, indibidualismo erradikalaren ideal horiek zabaltzeko asmoz. Gero, Ronald Reaganek, zeina kanpaina horretan parte hartutakoa baitzen, herrialdeko politikaren muin-muinean jarri zuen ideologia hori. Zera da ideologia horren ideia nagusietako bat: ekonomian edozein esku hartze eginez gero herrialdea gain behera joango dela, komunismoan amiltzeraino.

Orduan bereganatu zuen Alderdi Errepublikanoak ideal hori, edo lehenagotik zeukan?

20ko hamarkadan ere, errepublikanoek, Herbert Hoover presidentea tartean, txartzat jotzen zuten gobernuak nabarmen esku hartzea ekonomian. Baina hori aldatu egin zen Depresio Handian, eta alderdiko buruzagiek, Eisenhower presidentea barne, ulertu zuten beharrezkoa zela gehiago esku hartzea. Hori guztia aldatu egin zen Ronald Reagan iritsi zenean. Haren kanpainak printzipio bat zuen oinarri: gobernu handia txarra zela, arriskutsua. NAMek bere propagandan erabilia zuen kontzeptu zahar hori, eta Reaganek berreskuratu egin zuen. Izan ere, 20ko urteetan, korporazio handiak jotzen zituzten arazo askoren erruduntzat. Reaganek irauli egin zuen ideia hori, eta gobernu handiari bota zion errua. Geroztik, ideia hori gailendu da herrialdeko politikan.

Azkenean demokratek ere bat egin dute ideia horiekin...

Bai, batzuek behintzat bai, batez ere Bill Clinton presidente izan zenetik. Hark desarautu egin zituen arlo batzuk, hala nola telekomunikazioak eta finantza merkatuak, eta horrek ondorio kaltegarriak izan zituen urte batzuk geroago, 2008ko finantza krisian.

«Oso kezkagarria litzateke Trumpek agintzea, botere ia mugagabea edukiko luke eta»

Donald Trumpek zenbateraino sinesten du ideologia horretan?

Trump oso pertsona konplikatua da. Zenbait alderditan, ez dator bat errepublikanoen moldearekin, batez ere politika protekzionistak ezarri izan dituelako; nolanahi ere, etengabe egin die aurre ingurumen arloko erregulazioei eta langileak babesteko neurriei. Eta argi ikusi dugu hori haren politiketan, eta izendatu dituen epaileek emandako ebazpenetan. Hura presidente zela, guztira hamalau estatuk onartu dute legeren bat haurrek lan egiteko debekua malgutzeko edo salbuespenak ezartzeko, hain justu gai hori gainditua zela uste genuen honetan.

Zer gertatuko da Trumpek bigarrenez agintzea lortzen badu?

Oso jokaleku kezkagarria izango da, batez ere auzitegiei dagokienez. Auzitegi Gorenak immunitate oso handia eman berri dio presidenteari, eta horrek botere ia mugagabeak emango dizkio. Trumpek ikaragarri erreakzionarioak diren epaile asko izendatu ditu, eta, beste lau urte izanez gero, horretan segituko du. Hark izendatutako epaileetako batek Trumpen aurkako demanda bat artxibatu berri du Floridan, faltsukeriak argudiatuta. Demokrazia batean, auzitegiek oinarri-oinarrizko eginkizuna dute, herritarrek horra jotzen baitute eskubideak urratu badizkiete. Eta, hala ez bada, arazo larri bat daukagu.

Kontuan hartuta Trumpen kontra atentatu bat egin zutela uztailean, AEBetako politikan nolakoa da polarizazioa gaur egun, beste garai historiko batzuen aldean?

Izan ditugu polarizazio handiko garaiak, baina kontu hori aztertu duten nire lankideetako askok esaten dute gerra zibilaz geroztik ez dela izan gaur egun adinako polarizaziorik. Egiatan, uste dut ez ginela guztiz suspertu horretatik guztitik. Gaur egungo eztabaida batzuek garai hartan dute jatorria. Oso kezkagarria da, AEBetan 300 milioi pistola baino gehiago baitabiltza eskuz esku.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.