Boli Kosta

Gerra zibilaren mamuak

Gbagbok boterea utz dezan, esku-hartze militarra baimentzeko eskatu diote NBEri; kakaoa eta kafea esportatzea debekatu duteHerrialdea genozidio baten atarian dagoela ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak

Akkra
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Azken hamar urteetako gatazkaren amaiera ekarri behar zuten hauteskundeek, baina momentuz, zatiketa areagotzea besterik ez dute ekarri. Aurki bi hilabete beteko dituzte bi presidenterekin Boli Kostan. Laurent Gbagbok ez du presidentetza utzi nahi; eta bozen emaitzek beste garaile bat eman dute: Alassane Ouattara. Krisia konpontzeko orain artean egin diren ahaleginak antzuak izan dira, eta nazioarteko balizko esku-hartze militarraz ere ez dira bat etortzen Gbagbo eta Ouattara. Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidego Ekonomikoa izan da azkenekoa esku-hartze militarra aldarrikatzen; NBEko Segurtasun Kontseiluari egingo dio eskaera. Gbagbo agintetik kentzeko modu bakarra dela uste du. NBE Nazio Batuen Erakundeak, berriz, herrialdea genozidio baten atarian dagoela ohartarazi du, alde bateko eta bestekoen arteko borrokak aintzat hartuta gerra zibilaren mamuak ez baitira isildu. NBEk 2.000 kasko urdin gehiago bidaltzea onartu berri du —misioak 11.500 kide izango ditu orain—.

Krisialdi honetan lekuko eta aktore dira kazetariak. Ghanako hiriburuan batzartu berri da herrialdeko kazetari talde bat. Afrika Mendebalderako Hedabideen Fundazioak deitu ditu. Euren lanak gatazkan nola eragiten duen aztertu dute, eta aitortu dute askotan sutara egur gehiago bota dutela, komunikabide ia denek egin baitute bataren edo bestearen aldeko hautua. Badaezpada bere izena zabaltzerik nahi ez duen kazetari beterano baten esanetan, neutraltasunik ez dago: «Gertakariak ez dira diren bezala kontatu, eta hedabide gerra batek gaiztotu du giro politikoa».

Denetariko iritziak

Azaroaren 28ko bozen ondorengo krisiaren erantzukizuna alde bakarrean dagoela uste du Maryam Coulibalyk. Boli Kostako berri agentzia ofizialeko erredaktore burua da, eta nahiz eta estatuarena izan agentzia, ozen hitz egiten du Gbagboren kontra: «Bozak galdu dituela dakien gizon batek bahituta gauzka. Demokraziarik eza dago honen guztiaren atzean». Arestiko kazetariak, ordea, ñabardurak egin beharra ikusten du: «Ouattarak irabazi duela argi dagoen arren, Konstituzio Batzordeak bestelakorik dio, eta hori da estatuko aginte gorena; Gbagbo legea betetzen ari da».

Coulibalyk zehaztapena egin du: «Konstituzio Batzordeko burua, Paul Yao N'dre, Gbagboren laguna da». Batzordea iparraldean ustez izan ziren irregulartasunetan oinarritzen da boto horiek baliogabetzeko. Eta Coulibalyk uste du baliogabetzekotan emaitza orokorra baliogabetu beharko litzatekeela eta bozak berriz egin: «Hori dio legeak. Konstituzionalak ezin ditu soilik barruti batzuetako emaitzak ezabatu».

Gbagbok botereari eusteko dion irrikari beste azalpen bat topatu dio beste kazetariak, gatazkaren muinera begiratuta: «Ouattara 2002ko matxinadaren aita gisa ikusten dute, eta orain ezin dute onartu presidente bihurtzea». 2002ko errebolta NF Indar Berriak gerrillak abiatu zuen, eta iparraldetik, Ouattararen sorlekutik. Iparraldeko biztanleak baztertuta zeudelako altxatu ziren. Musulmanak dira nagusi eremu honetan, eta Mali eta Burkina Fasoko etorkinak ugari dira.

Esku-hartze militarra

Erreboltaren ondotik gerra zibila etorri zen, eta nahiz eta 2007an amaitutzat eman, egonkortasun handirik ez da izan. Herrialdea bitan zatituta egon da: hegoaldea eta ekialdea estatuaren kontrolpean daude, eta mendebaldea eta iparraldea, berriz, gerrillak kontrolatu du. Gbagboren aldekoek Frantziari egotzi izan diote gerrilla armaz eta gizonez hornitzea, eta Mali eta Burkina Faso ere begitan hartuta dauzkate, matxinoak laguntzeagatik.

Horiek horrela, munduko kakao produktorerik handienean tentsioa da nagusi azaroaz geroztik, eta ez da baztertzekoa egoerak okerrera egitea. Ouattarak kakaoa eta kafea esportatzea debekatu du otsailaren 23ra bitartean —herrialdeko diru iturrien %40 da bi produktu horien salmenta—. Gbagbori boterea uzteko ultimatumek emaitzarik eman ez dutela ikusita hartu du neurria; Ouattarak berak behin baino gehiagotan eskatu du esku-hartze militarra.

Horrek, ordea, oso ondorio larriak izan ditzakeela diote kazetariek: «Gbagboren kontrako ekintza militarrik badago, argi izan behar da itzela izango dela atzerritarren kontrako erreakzioa, batez ere Burkina Faso eta Malikoen kontra». Coulibalyk ez du uste esku-hartzea beharrezkoa denik. «Indar Berriak, matxino ohiak, eta Ouattararekin bat egin duten armadako soldaduak egoeraren jabe egingo dira eta Gbagbo kenduko dute». Nazioarteari geroagorako ikusten dio zeregina, «bakeari eusten». Horren itxaropena dute kazetariek, beste gerra bat saihestea delako lehentasuna; «azken urteetako egoera itzela izan da, eta jasan daitekeenaren mugara iritsi da gizartea».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.