Ukrainako krisia hasi denetik Vladimir Putinekin bildu den Mendebaldeko aurreneko buruzagia izan da Emmanuel Macron. Eta gaur, Moskun, gerra saihesteko Europa guztiarentzako «baliagarria» izango den erantzun bat taxutzen hasteko eskatu dio Frantziako presidenteak Errusiakoari. Kremlinen egindako bileraren aurretik Macronek Twitterren adierazi duenez, erantzun hori Putinekin batera taxutu behar dute, eta, horretarako «egonkortasuna, konfiantza eta ikusgaitasuna» eskatu dizkio. Iruditzen zaio Frantziako presidenteari gaurko bilera lagungarria izan daitekeela tentsioa baretzeko eta Europa ekialdean segurtasun bermatzeko. Asteburuan Joe Biden AEBetako presidentearekin telefonoz hitz egin ondoren eta Putinekin azkeneko bi asteetan hirutan mintzatu eta gero iritsi da, gaur, Moskura. Alde guztiei erantzukizunez jokatzeko eskatu die Macronek, egoera «kezkagarria» iruditzen baitzaio. AEBek jarraitzen dute azpimarratzen piztear dagoela gatazka militarra.
Sputnik Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera, Putinek eskertu egin ditu Macron eta Frantziako Gobernua «segurtasun bermeei buruzko krisia» konpontzeko egiten ari diren ahaleginak. Errusiako presidentearentzat, berme horiek, ikuspegi historiko batetik, «berdintasunean» oinarritu beharko lukete. Gaineratu du horrekin lotuta dagoela, hain zuzen, Ukrainako «barne krisia». Nabarmendu du, bide batez, Europako segurtasunari buruzko kezka konpartitzen dutela berak eta Macronek.
Mahai baten bueltan eseri dira biak, baina, Kremlinen arabera, COVID-19ari aurre egiteko protokoloak direla eta, bata bestearengandik bost bat metrora jarri dira. 16:30ean hasi da bilera, eta, edizio hau ixteko orduan, artean ere bilduta zegoen.
Frantziako presidente gisa joan zen Macron Moskura, baina, gainera,Frantzia EBko presidentetzan egongo da ekainaren 30era bitartean.Hori, batetik. Eta, bestetik, aintzat hartu behar da Frantziako presidentetzarako hauteskundeak egingo dituztela apirilaren 10ean, eta Macron izango dela kargu horretan jarraitzeko hautagaia. Gainera, Angela Merkelek Alemaniako kantziler izateari utzita, EBren interesen defendatzailearen bozeramailetza hartu du, nolabait, Macronek. Recep Tayyip Erdoganek bere burua aurkeztu du Errusia eta Ukrainaren artean bitartekari izateko—NATOko presidente Jens Stoltenbergek irtenbide bat bilatzeko «babes aktiboa» eskertu dio, gaur,— eta, lehengo astean, Turkiako presidenteak esan zuen Merkelen falta sumatzen duela orain. «Lehen, behintzat, Merkel agertzen zen, eta berak bai, berak irtenbide baterako giltza eduki zezakeen».
Macronek hartu du rol hori, eta, gaur Putinekin bezala, bihar Ukrainako presidente Volodomir Zelenskirekin batzartzekoa da, Kieven. Gainera, beste hamaika bilera egiten ari dira Ukrainako aferaren bueltan. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra gaur bilduko da lehen aldiz Bidenekin, eta Etxe Zurian egitekoak diren bilkuran hizpide izango da Europa ekialdean piztutako krisia. Bihar, Macronek, Scholzek eta Andrzej Duda Poloniako presidenteak bilera bat egingo dute Berlinen, Weimarko Hirukiaren formatuaren barruan.
50.000 bat hildako
Ukrainako auziaren inguruko egoera ez da asko aldatu azkeneko astean. Mendebaldearen esanetan, Errusiak 100.000 bat soldadu dauzka hedatuta Ukrainako mugan eta Bielorrusian. Moskuk, ordea, ukatu egiten du Ukrainari eraso egiteko asmorik duenik. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak segitzen du, bestalde, Europa ekialdean posizioak indartzen. Errusiak segurtasun eskaera batzuk egin zizkien AEBei eta Mendebaldeko aliantza militarrari, baina, iradoki duenez, eman dioten erantzunak ez du asebete. Ez alde batek, ez besteak ez du jakinarazi erantzuna, baina, El País egunkariak otsailaren 1ean kaleratutako bi dokumenturen arabera, Washingtonek eta NATOk ezezkoa eman diete Kremlinen segurtasun eskaera nagusiei; hau da, ez dute aliantzaren hedatzea geldituko, eta Ukrainari ez diote ukatuko horren kide bihurtzeko aukera.
Horrekin lotuta, Stoltenberg NATOko buruak gaur adierazi du aztertzen ari direla aliantza militarrak Europa ekialdean duen presentzia handitzea «epe luzera». «Ez dugu azken erabakirik hartu, baina NATOn prozesu bat dago ekialdean dugun presentzia doitzeko eta gure defentsa gehiago indartzeko», azaldu du, Duda Poloniako presidentearekin Bruselan bildu ondoren emandako prentsaurrekoan.
Gatazka militar batek 50.000 bat zibil hiltzea eragingo luke. Hori argitaratu du The New York Times-ek, Pentagonoko iturriak baliatuta. Iruditzen zaie Ukrainako 25.000 soldadu hilko liratekeela gerra bat balego, eta Errusiako armadako 10.000 bat kide. Ohartarazi dute, gainera, errefuxiatuak edo desplazatuak milioi bat eta bost milioi artean izango liratekeela.
Municheko Segurtasun Konferentzian ere gai nagusia izango da Ukrainako auzia. Hilaren 18tik 20ra egitekoak dira, eta, Sputnik berri agentziak gaur kaleratu duenez, Putinek ez du horretan parte hartzeko asmorik; ez telematikoki, ez presentzialki.