GERRA UKRAINAN

Moskuk Kievi egotzi dio 65 preso ukrainar zeramatzan hegazkin militar bat eroraztea

Abioiak Belgoroden jo du lurra, Errusian, eta barruan zihoazen guztiak hil dira. Kievek ofizialki ez du ezer esan gertatutakoari buruz. Azken hilabeteetan ohikoak dira Ukrainak Errusiako Belgorod eskualdean egindako erasoak.

ERRUSIA.Ilyushin Il-76,
Errusiako armadaren Iliushin Il-76 hegazkin bat.
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 24a
12:10
Entzun

Errusiako armadaren hegazkin bat erori da gaur Belgorod eskualdean, herrialdearen mendebaldean, Ukrainako mugan —50 bat kilometrora dago—. Errusiako Defentsa Ministerioak Telegram bidez jakinarazi duenez, 65 gerra preso ukrainar, tripulazioko sei kide eta hiru militar errusiar zihoazen abioian. Iturri ofizialen arabera, denak hil dira. Moskuk Iliushin Il-76 abioi hori eroraraztea egotzi dio Kievi, Tass Errusiako berri agentziaren arabera. Ukrainako iturri ofizialek, baina, ez dute gertatutakoari buruzko adierazpen ofizialik egin. Errusiak azaldu du Ukrainak gatibu dituen soldadu errusiarren truke utzi behar zituztela aske preso horiek. Aintzat hartu behar da Ukrainako indarrek eskualde hori maiz bonbardatu dutela azkeneko hilabeteetan.

Kremlinek esan du zer gertatu den ikertzen ari dela. Eskualdeko gobernadore Viatxeslav Gladkovek Telegramen esan du Belgorod hiriburuaren iparraldean erori dela hegazkina lurrera. AP Associated Press AEBetako berria agentziak argitaratu du Euskal Herrian 10:25 inguru zirenean erori dela.

Belgorod erasoa

Eta, hain zuzen, Ukrainskaya Pravda egunkariak Ukrainako Estatu Goreneko iturriak aipatuz argitaratu duenez, Ukrainako armadaren eraso batek erorarazi du abioia, argudiatuta S-300 misilak garraiatzen ari zela. Minutu batzuk geroago, ordea, baieztapen hori ezabatu du, eta gehitu iturriek ez zutela «adierazten» Ukrainaren parte hartzea,

Misil horiek baliatu zituen Errusiak, atzo, Kiev eta Kharkiv bonbardatzeko; 18 zibil hil ziren eraso horietan. Errusiako behe ganberako kide eta jeneral erretiratu Andrei Kartapolovek Ukraina egin du erasoaren erantzule. Reuters AEBetako berri agentziak haren hitzak jasoz kaleratu duenez, Mendebaldeak eman dizkion hiru misil erabiliz eraso egin dio hegazkinari; ez du jakinarazi, ordea, hori nork baieztatu dion.

Aliatuek errezeloak agertu izan ohi dituzte Ukrainak beraiek emandako armak erabili izan dituenean Errusiako lurretan baliatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.