Gerra legea indarrean, soldadu armatuak Bangkokeko kaleetan patruilan, gutxienez hamar telebista kate armadaren kontrolpean, eta urte erdi pasean protestan ari diren manifestarien kanpalekuak, gobernuaren kontrako eta aldeko herritarrenak, metrailetadun soldaduz inguratuak. Estatu kolpe baten antza guztia dauka Thailandian atzo goizaldetik gertatzen ari denak. Baina ez dela halakorik nabarmendu du Prayuth Chan-ocha jeneralak, Thailandiako armadako buruak: gerra legea herrialdean «bakea eta ordena» berreskuratzeko ezarri bide dute, gobernua eta oposizioa «negoziatzera» behartzeko.
Gerra legea goizeko hiruretan sartu zen indarrean Thailandian, herritar ia denak lo zirela. Chan-ocha jeneralak irrati eta telebista bidez zabaldutako mezu batean azaldu zuen armadak segurtasun alorreko zeregin guztiak bere gain hartu dituela, gobernuaren aldeko eta kontrako manifestarien artean indarkeria piztea saihesteko: «Bi aldeetako manifestariak negoziatzera behartu nahi ditugu».
Estatu kolpe bat, jardunean dagoen gobernu baten kontra eman ohi da, baina estatu kolpea ez bide den salbuespeneko neurri hau ez du gaizki hartu Thailandiako behin-behineko gobernuak. Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 7an kargugabetu zuen Yingluck Shinawatra lehen ministroa, agintekeria egotzita, eta ordutik Niwatthamrong Boonsongphaisan dago gobernuaren buru. Chan-ocha jeneralak argi utzi du gerra legea ezarri arren gobernuak jardunean jarraitzen duela, eta erantsi du «izua» izateko arrazoirik ez dagoela.
Behin-behineko lehen ministroak armadari eskatu dio Konstituzioa bete eta indarkeria ez baliatzeko, eta are argiago mintzatu da Chaikasen Nitisiri Justizia ministroa: «Gobernuak ez dauka arazorik egoera berri honekin, eta normal jarraitu dezake herrialdea gobernatzen».
Gobernuaren Segurtasun Kontseiluko buru Paradorn Pattanatabut-ek azaldu zuen militarrek ez zietela aurrez jakinarazi gerra legea ezarriko zutela, baina larritasun handirik ere ez zuen erakutsi: «Dena normal doa, ez bada orain militarrek dutela segurtasun nazionalaren ardura». 1914ko lege bat baliatu du armadak Bakea eta Ordena Administratzeko Zentroa desegin eta segurtasunaren ardura oro bere gain hartzeko.
Elkarrizketarako deia
Iazko urritik gobernuaren kontrako manifestariek, kalera irten, eta egoitza ofizial ugari hartu izan dituzte, apenas istilurik gabe, baina azken asteetan gogortu egin dira liskarrak alde bietako ekintzaileen artean. Guztira, 28 lagun hil dira, eta 800 inguru zauritu, eta Thailandiako armadako buruak «protesta oro» amaitzeko eskatu die bi aldeetako manifestariei: «Laguntza eskatzen diet ekintzaile talde guztiei krisi hau gainditzeko».
Behin-behineko lehen ministroak azaldu du abuztuaren 3an hauteskundeetara deitzeko eskaera egina duela eta, Hauteskunde Auzitegiak onartuz gero, egoera bideratzeko modua izan litekeela hori. Iazko abenduan Yingluck Shinawatrak legebiltzarra desegin eta oposizioak otsaileko hauteskundeei boikota egin ostean, izan ere, Auzitegi Konstituzionalak emaitzak baliogabetu egin zituen martxoan.
Suthep Thaugsuban-ek gidatzen dituen gobernuaren kontrako manifestariek, ordea, hauteskundeak egin aurretik herritarrek hautatu gabeko batzar batek estatuko administrazioa birgaitzea nahi dute, sistema ustelduta dagoelakoan. Eta, gerra legearekin edo gabe, protestan jarraituko dutela esan du Thaugsubanek.
Gerra legea Thailandia baketzeko
Segurtasuneko zereginak bere gain hartu ditu armadak, baina ez dela estatu kolpe bat izan azaldu du Prayuth Chan-ocha jeneralakOposizioko eta gobernuaren aldeko taldeak negoziatzera behartu nahi dituzte militarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu