Gerra legea ezarri izana defendatu du Hego Koreako presidenteak

Herriaren Boterea alderdikoa da Yoon Suk-Yeol estatuburua, eta alderdiko arduradunak babestu egin du Yoon kargugabetzea. Larunbatean egingo dute beste zentsura mozio bat.

Yoon presidentea kartzelatzeko eskatzeko duen protesta bat, gaur, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE
Yoon presidentea kartzelatzeko eskatzeko duen protesta bat, gaur, Seulen. JEON HEON-KYUN / EFE
Igor Susaeta.
2024ko abenduaren 12a
10:00
Entzun

Inguratuta dago Yoon Suk-Yeol Hego Koreako presidentea, joan den astean gerra legea ezarri eta ordu batzuk geroago hori bertan behera utzi zuenetik. Hori dela eta, Poliziak ikerketapean dauka traizioagatik —bizi osorako kartzela zigorra ezar diezaiokete delitu horrengatik—, eta haren alderdia, Herriaren Boterea kontserbadorea, geroz eta argiago uzten ari da aurrerantzean ez duela babestuko. Yoonek, baina, hartu zuen erabakia defendatu du, gaur, telebistaz emandako diskurtso batean, eta azpimarratu «demokrazia babestea» zuela helburu. Oposizioak haren kontrako beste zentsura mozio bat erregistratu du Asanblea Nazionalean ordu batzuk geroago, eta, okerrik izan ezean, larunbatean bozkatuko dute.

Yoonek esan du «amaierara arte» borrokatuko dela. Eta aintzat hartuta haren alderdiko lider Han Dong-hoonek diskurtsoaren aurretik esandakoak, aurreikus liteke amaiera hori gertu egon litekeela. Izan ere, agerraldi batean adierazi du zentsura mozioa babesten duela eta Yoonek «berehala» izan behar duela kargugabetua. 300 aulki ditu Asanblea Nazionalak, eta mozioa onartua izan dadin 200 diputatuk bozkatu behar dute alde. Joan den larunbatean ere Yoon kargugabetzeko bozketa bat egin zuten; porrot egin zuen, ordea, Herriaren Boterea alderdiko diputatuek ez zutelako babestu. 108 diputatu ditu ganbera horretan, eta haietako zortzik mozioa babestea nahiko litzateke presidentea kargutik kentzeko.

Oposizioari «matxinada bat» prestatzen aritzea leporatuta ezarri zuen gerra legea Yoonek. Ordu batzuk geroago, baina, bertan behera utzi zuen kaleko presioagatik, parlamentuak ez zuelako hautuarekin bat egin, baita estatu indarren babes faltarengatik ere. Oposizio indar nagusi DP Alderdi Demokratikoa kritikatu du presidenteak gaur ere. Zentro-ezkerreko alderdi horren bozeramaile batek esan du Yoonen hitzaldia «eldarniozkoa» izan dela.

Bestalde, Park Sung-jae Defentsa ministroa eta Poliziaren buru Cho Ji-ho inhabilitatzeko mozioak onartu ditu gaur Asanblea Nazionalak, oposizioak bultzatuta. Biak ala biak atxilotuta daude gerra legea ezarri izanaren bueltan hasitako ikerketaren harira. Militarren agintaritzak atzo jakinarazi zuenez, bere buruaz beste egiten ahalegindu da Park.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.