Sabri Ok 1958an jaio zen, Adiyamanen. Kurdistan askatzeko mugimendua sortu zutenetako bat izan zen. Turkian espetxeratuta egon zen 23 urtez, eta preso politikoen kolektiboaren arduraduna izan zen. 2008 eta 2011 bitartean, elkarrizketa batzuetan parte hartu zuen Oslon: Turkiako zerbitzu sekretuen buru Hakan Fidan (Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren ordezkari gisa) eta kurduen mugimenduko zenbait buruzagi bildu ziren. Orain, KCK-ko (Komunitate Kurduen Batasuna) kontseilu eragileko kidea da Sabri Ok.
Turkiako Gobernuak kurduen arazoaren inguruan duen jarrerari buruz aritu da Sabri Ok. Horrez gain, duela gutxi Parisen kurduen kontra izandako atentatu «terroristaren» inguruko iritzia eman du, eta Turkian egitekoak diren hauteskundeei buruz ere hitz egin du. Gainera, Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren egoeraz aritu da zehazki: Imraliko segurtasun handiko espetxean dago hura, bakartze erregimen erabatekoan eta inkomunikatuta 2020ko martxotik.
Ikusi gehiago:Abdullah Ocalan, 25 urte espetxean
Iraken mendeko Kurdistango mendietan, Turkiako armada arma kimikoak erabiltzen ari da, denen begien bistan, eta nazioarteko komunitateak ez du inolako erantzunik eman.
Turkiako Gobernuak gerrilla kurdua hilabete gutxiren buruan indargabetzea zuen helburu 2022ko apirilean, Irakeko Kurdistanen erasoa egin zuenean. Baina ez da hala izan. Gerrillak taktika berriak garatu ditu erasoei erantzuteko eta bere burua defendatzeko. Orain, talde txikiagoetan mugitzen da, eta tuneletan ibiltzen da, ondo baino hobeto ezagutzen baititu mendi horiek. Gobernua konturatu denean gerrak luzaroan iraungo duela eta galera handiak dituela, erasoari ekin dio, gasak eta arma kimiko debekatuak erabilita. Arma kimikoak erabili direla erakusten duten zenbait bideo eta froga publikatu dituzte gerrillariek. Nazioarteko komunitateari dei egin genion, OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeari lehenengo, eta eskatu genion ikerketa batzorde bat bidal zezala. Baina, oraingoz, isiltasuna da nagusi. Isiltasun konplizea; izan ere, Kurdistanen gertatzen direnak gerra krimenak dira, gizateriaren kontrakoak.
Isiltasun hori bera darabilte Ocalanen bakartze zorrotzean ere, Imraliko uharte-kartzelan: ukatu egiten dizkiote abokatuen edo senideen bisitak, baita haren hiru kide presoei ere [Omer Hayri Konar, Veysi Aktas eta Hamili Yildirim].
Otsailaren 15ean [gaur], Ocalanek 25. urtea hasiko du kartzelan. Haren abokatuek ez dakite ezer hari buruz 2020ko martxotik. Espetxe administrazioak diziplina zigor arbitrarioak jartzen dizkio Ocalani. CPT [Torturaren Prebentziorako Europako Batzordea, Europako Kontseiluaren mendekoa] Imraliko kartzelan izan zen iazko irailean, baina ez du inongo informaziorik eman bisita horren inguruan. Ocalanen abokatuek esan dute CPTk ez zuela ikusi Ocalan, ezta beste presoak ere, eta hori oso kezkagarria iruditzen zaigu. Gure liderraren osasunaz kezkatuta gaude.
Ocalanek behin eta berriz proposatu zuen negoziazio mahai batean esertzea eta kurduen gatazka hitz eginez konpontzea. Horri emandako erantzuna al da hura bakartzea?
Izan ere. Ocalanek ez dio inoiz uko egin kurduen auzia hitz eginez eta Turkia demokratizatuz konpontzeari. AKP-MHPren [Justizia eta Garapenaren Aldeko Alderdia - Mugimendu Nazionalistaren Alderdia] erantzuna, ordea, kurduen kontra berriz ere genozidio politika bat sortu eta ezartzea izan da. Ez dugu ahaztu behar Turkiako armada NATOko armadarik handienetan bigarrena dela, Ankarak harreman politiko eta ekonomiko onak dituela bai AEBekin eta bai Europarekin, eta biak prest daudela kontu askotan Ankarari amore emateko, garrantzitsutzat jotzen dutenari eustearren; esaterako, Turkiak hesi lanak egitea, Europara iritsi nahi duten migratzaileak pasa ez daitezen. Nabarmentzekoa da, era berean, kurduen auzia ez zaiela kurduei bakarrik interesatzen: Ekialde Hurbilean bizi diren herri guztiei interesatzen zaie.
Europak ere badu, orduan, zeresana.
Europako potentziek Lehen Mundu Gerraren ondoren zituzten interesengatik izan ez balitz, Ekialde Hurbileko hainbat nazio estatu ez lirateke borrokan arituko gaur egun, eta kurduek aitortua edukiko zuten estatus bat. Azkenean, nazioarteko konspirazio bat saretzen ari da herri kurduaren kontra, eta, horregatik, Europak erantzukizun handia du kurduen auzia konpontzeari dagokionez.
Esan al daiteke Europak ez zuela bere gain hartu zegokion zeregina 1998an, Ocalan Europara etorri zenean?
Turkia NATOko herrialde bat da, eta kokapen geopolitiko estrategikoa du; gainera, merkatu garrantzitsua da Europarentzat. Zoritxarrez, Europako kapitalaren diru gosea eta berekoikeria balio demokratiko guztien gainetik dago. Kurdistango herriak kontzientzia handia lortu du berrogei urtez gogor borrokan aritu ondoren. Europako Batasunaren, Estatu Batuen eta NATOren babesik gabe, Turkiak ez zion inola ere horren luzaroan eutsiko, eta bide emango zien elkarrizketari eta bakearen aldeko negoziazioei. Europako Batasunak aurrerantzean ez lituzke toleratu beharko Turkiak oraindik egiten dituen giza eskubideen urraketak eta gerra krimenak.
Zer rol jokatu beharko luke nazioarteak prozesu honetan?
Europak, Ekialde Hurbileko herrialdeek eta Estatu Batuek ulertu beharko lukete denon intereserako izango dela Turkia demokratiko bat, kurduen auzia konponduko duen Turkia bat. Kurduen herriak garesti ordaindu du bizirik irautea, eta garesti ordaindu du bere existentzia bera, demokrazia eta askatasuna erreklamatzea eta defendatzea. Kurduek irabazia dute beren nortasun propioarekin aske bizitzeko eskubidea. Europak errespetatu egin behar du eskubide hori, eta bermatu Turkiak pausoak emango dituela akordio politiko bat eta bakea lortzeko. 1998an, Ocalan Europara etorri zen, zuzeneko eta zeharkako zenbait mezu bidaliak baitzizkioten Europako estatu batzuek; mezu horietan, estatu horiek esan zioten prest zeudela kurduen auziari irtenbide demokratiko bat emateko prozesuan parte hartzeko.
Irtenbide politiko adostu bat lortzeko bide horretan, Osloko elkarrizketak egin ziren, 2013 eta 2015 artean: Imraliko Prozesua deitu zioten, eta Ocalanek zuzenean parte hartu zuen solasaldian.
Berriro ere, Ocalan izan zen prozesu haren arkitektoa. Baina prozesua aspaldi hasia zen: ez da ahaztu behar PKK-k zenbait su eten ezarri zituela 90eko hamarkadan, eta batez ere Ocalan beti gogor aritu dela lanean kurduak bake negoziatuaren ideiarekin bat etor zitezen eta hura onar zezaten.
Aldebakarreko menia ezarri zuten 1998ko irailaren 1ean, nahiz eta zalantza zuten ez ote zen tranpa bat izango; izan ere, Ocalanek uste zuen beti merezi duela arriskuak hartzea bakea lortzeko, aukera gutxi izanik ere. Gerrillariek errespetatu egin zuten su etena, baina, bitartean, nazioarteko potentziak planak egiten ari ziren Ocalan atzemateko eta PKK suntsitzeko hori lortuko zutelakoan zeuden.
Ocalan bera izan zen lehen urratsa egin zuena.
Imralin zegoela, lehenik bi «bake ordezkaritzei» deitu zien: bat gerrillarien eremuan zegoen, eta bestea, Europan. Mugimendu horrek ezustean hartu zuen Turkiako Gobernua. Ocalanek bazekien beharrezkoa zela gizarte kurdua eta Turkiakoa prest egotea gatazka era baketsuan konpontzeko. Aukera politikoak lehenetsi beharra zegoen, eta Estatuaren planteamendua hautsi, hark gerra besterik ez baitzuen nahi. Egiatan, Turkiako Gobernuak ez zuen bakerik nahi, inola ere; are, Imraliko Prozesua erabili zuen [bi urte iraun zuen] gerra mentalitatea indartzeko eta PKKri azken kolpea emateko prestatzeko.
Garrantzitsua da nabarmentzea guk ez geniola inoiz uko egin negoziazioari. Erdoganek probokatu egiten zuen, eta, negoziaziotik erretiratu zela justifikatzeko, PKKri leporatu zion bi polizia hil izana. Edonola ere, handik bi urtera, egiaztatu zen PKK-k ez zuela zerikusirik izan ekintza horrekin, baina ordurako jada ez zegoen tarte nahikorik negoziatzeko. Hala nahi izan zuen Turkiako Estatuak.
Zer iruditzen zaizu Parisen komunitate kurduaren kontra egin berri duten atentatua?
Esan beharra dago Frantziako Estatuarena ez dela inola ere estatu independente eta subirano batek eduki beharreko jarrera. Parisko lehen masakrea estali zuenean [2013koa, PKKren sortzaile Sakine Cansiz, Fida Dogan eta Leyla Saymelez hil zituztenekoa], Frantziako Estatuak bidea prestatu zien MIT Turkiako zerbitzu sekretuei beste sarraski hau egin zezaten; Evin Goyi, Mir Perwer eta Abdurrahman Kizil hil zituzten. Frantziak 2013ko urtarrilaren 9ko sarraskiaren erantzuletzat jo behar zituen Erdogan, MIT eta haren kolaboratzaileak.
Estatu Islamikoaren aurkako borrokan 10.000 martiri baino gehiago eta 20.000 zauritu baino gehiago izan dituen herri baten kontrako erasoak isilaraztea edo ezkutatzea mentalitate horren konplize izatea da, eta AKP-MHPren gobernu faxistaren politikaren konplize izatea, Turkiako Gobernuarena alegia.
Eta zer diozu Turkian laster egitekoak diren hauteskundeez?
HDPko presidente ohiak, eta hainbat parlamentari, alkate, zinegotzi, aktibista politiko, kazetari eta beste ehunka politikari atxilotuta daude gaur egun. Poliziak egunero egiten ditu operazioak. Hala ere, Turkian esperantza dago oraindik. Izan ere, demokraziaren indarrak hasi dira lanean, eta Lanaren eta Askatasunaren Aldeko Batasuna pauso handia da bide horretan aurrera egiteko. Ezkerreko koalizio bat da, eta alderdi hauek osatzen dute: Herrien Alderdi Demokratikoa [HDP], Turkiako Langileen Alderdia [TIP], Alderdi Laborista [EMEP], Mugimendu Laboristaren Alderdia [EHP], Askatasun Sozialaren Alderdia [TOP] eta Kontseilu Sozialisten Federazioa [SMF].
Baliteke batasun horrek hauteskundeetako oreka aldatzea eta Turkiako gizartearen bidea erabakitzea. Horixe eragotzi nahi du Turkiako Estatuak. Agian emaitza onak lortuko lituzke HDP legez kanpo utzita, eta, horregatik, behar-beharrezkoa da jendeak babesa ematea ez soilik HDPri, baita batasun horri ere, suntsipen politika indargabetzeko.
Bihar: Abdullah Ocalanen abokatu Newroz Uysali elkarrizketa.
SERIEA Ocalanek 25. urtea kartzelan (II). Sabri Ok.
«Gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egiten dira Kurdistanen»
Okek kurduen aurkako erasoen «konplizetzat» jotzen ditu Europa eta AEBak. Gerrillari ohiaren esanetan, nazioartea prest dago «amore emateko» beretzat garrantzitsua denari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu