Ordu bakar batean 48 lagun hil ditu Israelek Gazan gaur goizean, airez zerrendako hiru gune bonbardatuta. Erasoa iazko urriaren 7az geroztik Tel Avivek Palestinaren aurka abiatutako oldarraldiaren parte da. Urriaren 7an, Hamasen adar militarrak eta beste zenbait milizia palestinarrek Gazaren eta Israelen arteko muga gurutzatu, eta bertakoei eraso egin zieten. Mila lagunetik gora hil eta 251 bahitu zituzten egun hartan. Erasoan gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egin zituztela ondorioztatu du gaur HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak.
Iazko urritik aurtengo ekainera, HRWko taldeak elkarrizketak egin dizkie 144 pertsonari, eta urriaren 7ko erasoko 280 argazki eta bideotik gora aztertu ditu; horien ondorioak Ezin dut odol guztia burutik kendu izeneko txostenean bildu ditu, 236 orritan. Bertan nabarmendu dute urriaren 7ko erasoan gutxienez bost milizia palestinarrek hartu zutela parte: Hamasen adar militarrak, Palestinako Jihad Islamikoaren adar militarrak, Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoaren adar militarrak, Palestina Askatzeko Fronte Popularraren adar militarrak eta Aqsa Martirien Brigadak. Bost taldeek erasoa egin aurretik hura prestatu eta elkarlanean aritzeko akordioa zutela baieztatu du HRWk: «Plangintza eta antolaketa handia zegoela erakusten du milizianoen jarrerak».
«Israel eta Palestinako abusuen ziklo amaigabea bukatzeko, ezinbestekoa da arrazoi sakonei heldu eta krimen larrien egileei kontuak emateko eskatzea»
IDA SAWYERHRWko krisien eta gatazken saileko zuzendaria
GKEak azpimarratu du zibilak hiltzea eta bahitzea zela erasoaren helburu nagusietako bat, eta horiek gizateriaren aurkako krimenak direla ondorioztatu du txostenean. AFP albiste agentziaren ikerketak aipatuta, HRWk dio urriaren 7an hil ziren 1.195 lagunetatik 815 zibilak zirela, eta 251 bahituetatik zerrendan oraindik 116 geratzen direla; 42, berriz, hilda daude. Hamasek GKEaren galderei erantzun zien ikerketan zehar, eta milizia islamikoaren arabera —Hamasek galderei erantzuteko GKEari bidali zion gutuna txostenean dago—, erasoaren helburua Israelgo armadako Gaza Dibisioa zen, zeinaren kideak mugatik gertuko kibbutzetan bizi baitira.
Are gehiago, milizianoek «zibilen aurka ez egiteko eta nazioarteko giza eskubideak errespetatzeko» agindua zuten, Hamasen hitzetan. Operazioa, ordea, hankaz gora jarri zen, «azkar» lortu baitzuten dibisioa menderatzea, eta «kaosa» hedatu zen. HRWk, baina, ez ditu sinesten Hamasen hitzak. Haren ikerketaren arabera, erasoa hasi orduko miliziano palestinarrek «zibilak bilatu eta lekuan bertan hiltzen zituzten».
Giza eskubideen aldeko erakunde horrek aztertutako gerra kimenei dagokienez —betiere gerra arautzen duen Genevako hitzarmena oinarri hartuta—, zortzi identifikatu ditu: zibilak hiltzea; jendea bahitzea; bahitutakoak hiltzea; tortura eta tratu txarrak ematea; gizakiak ezkutu gisa erabiltzea; gorpuak mutilatzea; harrapakatzea; eta sexu indarkeria erabiltzea. Azken horri dagokionez, HRWek azpimarratu du bortxaketarik ez zela egon —edo gutxienez ez duela horren frogarik—.
«Israelen kontakizuna»
Txostenak harrabotsa eragin du Hamaseko kideen artean. HRWren ikerketaren ondorioak gaitzetsi, eta «Israelen kontakizun faltsua» soilik erakutsi izana leporatu diote erakundeari, gaur kaleratutako ohar batean: «Gezurrak eta okupazioaren aldeko jarrera lotsagabea arbuiatzen ditugu». Gainera, urriaren 7a «historiaren hasieratzat» hartu izana aurpegiratu dio HRWri. Haien aburuz, iazko erasoa aurreneko urrats gisa ulertzeak 1948tik Israelek palestinarren aurka egindako gerrak, sarraskiak, torturak eta setioak «gutxiesten» ditu: «Gure herriak okupazioa pairatzen du; hori da gaitz guztien erroa, eta edozein baliabide erabiltzeko eskubidea du horri aurre egiteko». Hamasek esan du Tel Avivek «gehiegikeriak» egin dituela, eta salatu du ez dutela aipatu Israelgo armadak urriaren 7an zibilak hil zituela —armadak aitortu du palestinar milizianoen aurkako borrokan hamahiru zibil israeldar hil zituela—.
Hedadura aldetik Hamasi eta beste lau miliziak egindako erasoari eskainitakoarekin konparatuta gutxi bada ere, HRWk Israelen jarrera ere arbuiatu du. Erasoaren ostean Gaza setiatu eta oinarrizko zerbitzuak sartzen ez uztea «zigor kolektiboa» dela iritzi dio erakundeak; hau da, gerra krimen bat. Israelen jarrera horrek «larriagotu egin ditu» orain hamazazpi urte hasitako Gazaren itxiera eta palestinarren aurkako «jazarpena eta apartheida». GKEaren krisien eta gatazken saileko zuzendari Ida Sawayerrek txosten batean idatzi du «ankerkeriek» ezin dituztela «ankerkeriak» justifikatu.