Tel Aviven (Israel) bizi den emakume palestinar bat da Xahd Bixara (Nazaret, Israel, 1993). Medikua da, eta komunitate juduaren eta arabiarraren arteko bizikidetzaren alde lan egiten duen Standing Together elkarteko kidea. Euskal Herrian izan zen irail hasieran, Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako hitzaldi batzuetan parte hartzera gonbidatuta. Israel Gazaren aurka egiten ari den «genozidio gisako gerraz», elkartearen helburuez, eta Israelgo herritartasuna daukan palestinar bat izatearen erronkez mintzatu da, besteak beste.
Palestinarra zara, baina Israelgo herritartasuna daukazu, eta Tel Aviven bizi zara. Nolakoa da zure errealitatea?
Nazareten jaio eta hazi nintzen, Israelen kontrolpeko hiri arabiar handienetako batean. Israeldar herritartasuna daukadanez, B klaseko herritarra naiz. Gazan eta Zisjordanian dauden palestinarrekin alderatuta, bizi baldintza hobeak dauzkagu, baina, finean, gure bizimodua bizirik irautea da.
Osasun zerbitzuei dagokienez, adibidez, arabiarrak gehiengoa diren hirietakoak edo auzoetakoak ez daude israeldarrei bideratutakoak bezain garatuta. Eta gure egoera sozioekonomikoa juduena baino askoz ere txarragoa da; ondorioz, urte gutxiago bizi gara, eta jaioberrien heriotza tasa handiagoa da. Datu horiek guztiak ez dira kasualitatea, Israelgo agintariek arabiarren aurka ezartzen dituzten diskrimaziozko neurrien ondorio dira.
Duela hiru urte erabaki zenuen Standing Together mugimendura batzea. Zergatik?
Haurra nintzela jabetu nintzen komunitate arabiarretako gizartea oso kontserbadorea dela: gizonek esaten digute emakumeoi nola jantzi behar dugun, norekin ezkondu, zenbat urterekin... 18 urterekin Hungariara joan nintzen, medikuntza ikastera. Han nengoenean, ordea, ohartu nintzen jasaten nuen errepresioa ez zetorrela soilik gizarte arabiarretik, baizik eta baita Israelgo okupaziotik ere. Nire gizartean pairatutako bidegabekeria sistematikotik ihes egitea lortu ondoren, erabaki nuen bazela garaia nire gizarte osoa erreprimitzen duen sistema kolonialaren aurka egiteko.
Zeintzuk dira mugimenduaren helburuak?
Nagusiki, palestinarren eta israeldarren arteko berdintasunaren alde lan egitea eta supremazismo juduari aurre egitea. Izan ere, palestinarrak deshumanizatzearen bultzatzaile nagusia supremazismo judua da; horrek betikotzen ditu bi komunitateen arteko gorrotoa eta zatiketa.
Pentsaera hori oso orokortuta dago Israelgo herritarren artean?
Batzuen artean, bai. Baina, oro har, Israelgo agintarien artean dago barneratuta palestinarrak gizakiak ez diren ideia hori.
Ez da ohikoa palestinarrak eta israeldarrak elkarlanean ikustea. Ohituta egongo zarete ingurukoei azalpenak ematera, ezta?
Bai, maiz entzuten ditut gisa horretako iruzkinak; azkenaldian batez ere, jendea gero eta muturrekoagoa baita, bi aldeetan. Testuinguru horretan mahai gainera diskurtso berri bat eramatea arraroa da askorentzat, are gehiago diskurtso horren helburua bada bi komunitateen artean zubiak eraikitzea. Ulertzen ditut haien kezkak eta mesfidantza; genozidio estiloko gerra honen erdian bakeari buruz hitz egitea oso erradikala da. Gainera, uste dut Standing Together-en gisako mugimendu bat inoiz baino beharrezkoagoa dela orain.
«Standing Together-en gisako mugimendu bat inoiz baino beharrezkoagoa da orain»
Zer eragin izan du azken urtean Israelek Gazan areagotutako erasoaldiak Israelen kontrolpeko lurretan bizi zareten palestinarrentzat?
Urriaren 7aren ondorengo asteetan, beldurgarria zen. Kalean arabiarrez hitz egiteko beldurra nuen, ez nuen nahi inork ni entzutea, ondoren eraso egingo nindutela uste bainuen. Arabiar mordoa kaleratu zituzten euren lanpostuetatik, Gazako palestinarrei babesa edo elkartasuna adierazteagatik; nire lanean ere, mediku gisa, isilik egotea erabaki nuen, baina ez zen erraza. Mugimenduari esker, halere, hobeto eraman nuen. Horko kide juduek itxaropena eman zidaten, eta erakutsi zidaten posible zela beste aldeko norbaitekin hitz egitea.
Eta mugimenduari nola eragin dio?
Urriaren 7aren ondoren, jende askok itxaropena galdu zuen, baita konfiantza ere, baina baldin badakizu jendearekin nola hitz egin, eragina izan dezakezu haiengan, onerako. Elkartasun ekintzak egiten hasi ginen, bi aldekoei zuzenduta, beldurra baikenuen gatazka Israelen bizi diren komunitateen artean ere areagotuko ote zen. Harrigarria da, baina iazko urriaren 7tik hona izugarri handitu da mugimenduko kideen kopurua.
Israelek Gazaren aurka areagotutako erasoaldiak beste Nakba bat eragin dezake?
«Eragin dezake», ez: hau dagoeneko beste Nakba bat da, bigarrena. Ez dakizkit hildakoen kopuru zehatzak, ezta zenbat desplazatu dauden ere, baina palestinarron esperientzia kolektiboa Nakba besterik ez da; 1948an hasi zen, eta ez da inoiz bukatu.
Zisjordaniako egoera ere larria da. Gaur egun, milioi bat kolono israeldar bizi dira han. Ugaritzen ari da arabiar biztanleria, baina 1948an genituen lur eremu berean kabitu behar dugu. Tel Aviv, berriz, kilometro bat handitzen dute urtero. Israelen kontrolpeko eremuetan bizi garenok ere okupazioaren pean bizi gara, nolabait. Israelek egiten duena da palestinarren garbiketa etnikoa sustatu: zuzenean palestinarrak hiltzen edo, guri dagokigunez, bizi baldintza kaskarrak eragiten; kasurako, osasun sistema penagarri baten bitartez.
«Palestinarron esperientzia kolektiboa Nakba besterik ez da»
Hori ikusita, itxaropenik ba al daukazu?
Ez dut etorkizunik irudikatzen. Nahiago dut orainaldian pentsatu. Halere, itxaropentsu nago. Ez naiz oso optimista, baina itxaropena daukat oraindik. Bestela, ez nintzateke aktibista izango. Zazpi milioi palestinar bizi gara Palestinako lurralde okupatuetan, eta beste zazpi milioi judu. Esango banizu bi talde horietako bat lurralde hauetatik kanporatua izango dela noizbait, gezurretan ariko nintzateke, hori ez da gertatuko. Errealitatea oso gogorra da, eta errealitate hori aldatzeko barneratu behar da lurralde hauetan zazpi milioi palestinar bizi direla, eta horiek ez direla beste inora joango.