Gazako egunerokoa (25)

«Gerra bukatzen denean, infernua izango da hau»

GAZA - PLAESTINA - ISRAEL
Palestinar talde bat Gaza hegoladerako bidean, azaroaren 11n. HAITHAM IMAD / EFE
2023ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Azaroak 11, larunbata

Hogeita hamaseigarren eguna. Al-Xifa ospitalea setiatuta dago. Hango notiziarik ez da orain, nahiz eta huraxe den notizia. Zera baino ez dugu entzuten: bonbak eta leherketak urrunean. Han zeuden gehienek alde egin behar izan dute, nahiz eta bidean hiltzeko arriskua handiagoa den han geratzearen arriskua baino. Osasun ministroak, Mai al-Kailak, jendaurrean esana du 50 jaioberri inguru hilko direla erietxean argindarrik ez dagoelako. Soldaduek norbait ikusten badute ospitaleko eraikin batetik bestera joaten, tiro egiten diote begiztatu orduko. Ospitalean dagoen erizain batek jakinarazi du bi anbulantzia baino ez daudela orain eraikinean. Jendearen sartu-irtenik ez: tankeen jaurtigaienak soil-soilik.

Zorionez, Wissam hegoaldera eraman dute. Hasieran ez nengoen seguru haren onerako izango ote zen. Baina zenbait botika ematen ari zaizkio orain Khan Yunisko ospitale europarrean, eta baldintza hobeak dituzte han: argindarra dute, Internet, sakelakorako seinalea eta jaki egokiak. Hango ezagun batzuen bitartez, erietxeko zuzendariari eskatu nion joateko Wissam bisitatzera eta esateko bai berak eta bai bere taldekoek ahal den guztia egingo dutela eroso egon dadin. Orain, arazoa da ni ezin naizela bisitan joan; Israelgo defentsa indarrek bitan zatitu dute zerrenda, wadi-an zehar beste burdin hesi bat ezarriz, eta Wissam beste aldean dago. Ezagun batzuek esan didate hobeto dagoela. Analgesikoak eman dizkiote, eta kontu handiagoz garbitzen dute.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Zerrendaren iparraldeko hiru ospitaleri etengabe erasotzen diete: Al-Xifari, Indonesia ospitaleari eta Nasser erietxeari. Bart bi aldiz esnatu naute Indonesia ospitalearen inguruko eztandek. Txostenek diotenez, lehendik ere argindarrik gabe zeuden erietxe horietan. Medikuak ikasten ari ziren nola egin ebakuntzak beren sakelako telefonoen linterna erabiliz, eta hori, pentsa, bonbardaketak hasi aurretik zen. Gau osoan entzun ditugu tankeen erasoak eta tiroak, crescendo batean bezala.

«Palestinar gehienen kontzientzia kolektiboan, erresistentzia dorre klasiko bat da Jabaliako esparrua, desafio egiten duen gotorleku bat. Gaur gauean, ordea, beldurra nabari dut elkarrizketa hauetan»

Goizean, Eixak eta Mohamedek gosaria prestatu dute. Bart, Mohammedek eta Yasserrek garbantzuak eho zituzten falafel nahaski bat egiteko. Atsegin une bitxi bat izan zen familia inguruan edukitzea erritu txiki horretan, ikustea nola zerabilten betiko ehogailu horietako bat, gure amak halakoetan erabiltzen zuenaren gisakoa. Gogora ekarri zigun nola haurrak ginela aita-amekin esertzen ginen eta falafelaren nahaskia prestatzen laguntzen genien. Nahaski horrekin egindako falafelak jaten ari ginela, honela esan diot Eixari, adeitsu: «Inxa’allah, gerra hau bukatzen denean halako beste otordu bat egingo diguzu». Horixe da oraintxe nire otoitz nolabaitekoa: denok bizi gaitezela une hori ikusteko. «Erromesaldi bat egiteko desira baino desira jasoagoa da hori», erantzun dit. Eta arrazoi du.

Jada ez naiz ausartzen Jabaliako esparrutik irteten. Gero eta eremu txikiagoan ibil naiteke. Bi egunok kanpalekuan eman ditut oso-osorik, kalean hara-hona eta lagunekin hizketan, besterik gabe. Sartu, eta alde egiten dute lagunek, etengabe gerraz mintzo. Nire kalean betiko jendea dabil: 40 urte inguruko gizon batek, Mustafak, umeentzako gozokiak saltzen ditu; Samik, berriz, janaria, gurditxo berri batean; eta Wafik, jokoak eta freskagarriak. Jendea taldeka esertzen da, hizketan, zer gertatzen ari den aztertuz, gertakari bakoitzaren inguruko iritzia emanez. Galdera nagusia, inork erantzun ezin duena, hauxe da: esparrua ere inbadituko ote dute? Denak bat datoz, antza, «Al-Xifa erori» ondoren Jabalia eroriko dela hurrena. Palestinar gehienen kontzientzia kolektiboan, erresistentzia dorre klasiko bat da Jabaliako esparrua, desafio egiten duen gotorleku bat, eta, Jabaliako biztanle gisa, harro gaude ospe horretaz. Yasser Arafatek berak ere berdin sentitzen zuen; esparrura etortzen tematzen zen Eid oro, eta «Iraultzaren Esparrua» esaten zion toki honi. Gaur gauean, ordea, beldurra nabari dut elkarrizketa hauetan.

Kalezulo estu batean aulkiak jarri, eta bertan eseri gara zazpiok, auzoko beste ehunka bazterkale tipiko horietako batean. Nire anaia Ibrahimek esan zidan hemen lan egiteko, nahi banuen; izan ere, «wifia kalean» eskaintzen duen zentro bat dago hurbil, eta beste edozein tokitan bezain azkar dabil. Nork bere ikuspegia du gertatzen ari denaren inguruan. Batzuk nekatuta eta nazkatuta daude. Zenbaitek, berriz, dena oraintxe bukatzea nahi dute, edozein dela ere ordaina. Batzuk zinikoak dira, eta beste batzuk, hitz handientsuz mintzo, erraz pizten dira. «Baina zer gertatuko litzateke gerra bihar bukatuko balitz, bat-batean?», galdetu du batek. «Zer egingo genuke?». «Ospatu», nik erantzun. «Baina milaka lagun etxerik gabe geratuko dira, dozenaka milak ez daukate etxerik, ez daukate nora itzuli. Non biziko dira?». Elkarri begira geratu gara. Batek esan du: «Nazioarteak esku hartuko du». «Etxe berriak ekarriko dizkigute?». Ni bat nator; gutxienez bost urte beharko dira Gaza berriz eraikitzeko. «Eta zer egingo dugu ordura arte?», galdera berriz. «Dozenaka mila lagun horiek UNRWAren eskoletan biziko al dira datozen bost urteetan?». «Inork ezin du jakin zer gertatuko den», erantzun dut. Taldea isilik geratu da. Elkarrizketa hau hasi duena zuzen dago, jakina: gerra bukatzen denean, infernua izango da hau. Baina orain, infernuaren bertsio honetan, atsedenaldi bat behar dugu. Orain arte hori ere ez digute eman, ordea: ez tregoarik, ez su etenik, ez eta politikari mendebaldar bakar bat ere hitz hori ahoskatzen ausartu denik. Ezertxo ere ez. Eta, ausartzen diren arte, hementxe eserita geratuko gara, noiz hilko zain.

«Atsedenaldi bat behar dugu. Orain arte hori ere ez digute eman, ordea: ez tregoarik, ez su etenik, ez eta politikari mendebaldar bakar bat ere hitz hori ahoskatzen ausartu denik. Eta, ausartzen diren arte, hementxe eserita geratuko gara, noiz hilko zain»

Gero, Beit Lahia-ren senide batzuekin elkartu naiz; tankeek etxaldeak suntsitu zizkieten, eta ihesi etorri ziren esparrura. Familiaren parte horretan nor eta zenbat hil diren kontatu didate: nire bi izeba nagusi Nima-ren eta Nawal-en semeak, alabak eta bilobak. Triste eta minez gaude denok. Beste senide batek lurrak galdu ditu, eta horixe auhendatu du. «Ezin lanean hasi ere», esan du. «Seme-alabek eta nik aurrezki guztiak erabili genituen haziak erosi eta lurra prestatzeko. Geneukan guztia erabili genuen uzta ona izan zedin. Orain, esku hutsik geratu gara». Marrubitan ibiltzen ziren batez ere. Oraindik estimu handiz gogoratzen dut nola pasatzen nituen zenbait gau izeben etxean, zerrendaren iparralde honetan bertan, eguzkitan lotan eta fruta freskoa janez leporaino egin arte. Aurten ez da marrubirik izango Gazan.

Gogora etorri zait aurrekoan Ahmad arrantzalearekin izan nuen elkarrizketa bat. Nahigabetuta zegoen: garai honetan, itsasoa arrainez mukuru, eta inork ezin harrapatu. Adore ematen saiatu nintzen, esanez itsasoratzen direnean asko arrantzatuko dutela eta dirutza egingo dutela. «Ez», erantzun zidan. «Armadak portua suntsitu du, eta arrantzontziak egoten ziren lurmuturra birrindu». Kontatu zidan nola duela egun batzuk sardina sarda bat ikusi zuten itsasertzetik gertu, eta nola lagun batzuekin sareak hartuta igerian joan eta barrura sartu zituzten guztiak.

Galdetu nion ea bazuen bere barkuaren berri. «Hantxe dago oraindik?». Haren begiek atsekabea baino ez zuten islatzen. «Ez daukat haren berri».

Hurrengo atala: «Negu hau infernua izango da»

 

Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministroa eta idazlea da. Urriaren 7an Gazan zen, eta han gelditzea erabaki zuen Israelen erasoa hasi zenean. Bertatik idazten ari den egunerokoa BERRIAren esku jarri du, eta egunez egun argitaratuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.