Gerra amaitzeko zazpi eguneko plan bat proposatu die Iranek AEBei

«Baldintza batzuk betez gero», Teheranek Ormuzko itsasartea zabalduko luke zazpigarren eguna amaitzean, eta horrek bide emango lieke bi aldeei elkarrizketak hasteko. Teheranek ez du zehaztu zeintzuk diren baldintza horiek.

Irango ordezkaritza asteazkenean, New Yorken, NBEren Batzar Nagusiko bilkuran. SARAH YENESEL / EFE
Irango ordezkaritza asteazkenean, New Yorken, NBEren Batzar Nagusiko bilkuran. SARAH YENESEL / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko irailaren 25a
08:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zazpi eguneko plan bat proposatu dio Teheranek Washingtoni, negoziazioen bidera itzultzeko. Horren arabera, bi aldeek erasoaldiak etengo lituzkete, eta, etenaren zazpigarren eguna amaitzean, Iranek Ormuzko pasabidea irekiko luke; horren ostean hasiko lirateke Irango programa nuklearrari buruz eztabaidatzen. Proposamena asteon iritsi dela zabaldu du The New York Times hedabideak gaur goizaldean, Teherango iturri ofizialak aipatuz. Donald Trump AEBetako presidenteak eta Masud Pezexkian Irangoak NBEren Batzar Nagusiko eztabaida orokorrean parte hartu dute asteon New Yorken. Hitzaldi gogorrak egin dituzte bi agintariek, baina, aldi berean, bi herrialdeetako ordezkariak negoziatzen aritu dira, Qatar bitartekari zutela.

«AEBei plan bat aurkeztu diegu bitartekarien bidez. Plan horren arabera, baldintza batzuk betez gero, Ormuzko itsasartea zazpigarren eguna amaitzean irekiko litzateke, eta berriro hasiko lirateke bi aldeen arteko elkarrizketak». Hitz horiekin azaldu du Irango Atzerri ministro Abbas Aragtxik Washingtoni egindako proposamena. New Yorken, NBEren egoitzan, agerraldi bat egin zuen atzo. Gaineratu zuen proposamenak «gertutik islatzen» dituela ekainean AEBek eta Iranek adostutako memorandumean ezarritako konpromisoak. Hala ere, The New York Times-ek zabaldu duenez, plan berria aurrekoa baino «askoz azkarrago» aurrera egiteko diseinatuta dago —hirurogei eguneko epea eman zioten elkarri ekaineko memorandumean, eta zazpi egunekoa proposatu du orain Teheranek—.

Aragtxik azpimarratu du, gainera, Iran prest dagoela plana ezartzen hasteko, «Washingtonek oniritzia eman bezain laster», eta nabarmendu du hobea litzatekeela akordio bat lortzea AEBetako agintaldi erdiko bozak egin aurretik. Azaroaren 3an egingo dituzte bozak, asteartearekin, eta, ohi duten bezala, Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena berrituko dituzte.

26

 

Zenbat ontzik igaro zuten atzo Bab el-Mandeb itsasartea. Kpler etxeak gaur zabaldutako datuen arabera, atzo 26 ontzik igaro zuten Bab el-Mandeb itsasartea. Horietako hamabi bertatik atera ziren, eta beste hamalauak, berriz, sartu egin ziren. Asteazkenean 27 izan ziren itsas pasabide horretatik igaro ziren ontziak, eta asteartean, berriz, 24. Azken hamar egunetan, 26 ontzik igaro dute itsasartea batez beste.

 

Asteartean, Iran «suntsitzeko» mehatxua egin zuen Trumpek, NBEren Batzar Nagusiko bilkuran emandako hitzaldian. Adierazi zuen akordiorik egin ezean «infernura» bidaliko zituela, «bizirik irauteko aukerarik eta itxaropenik gabe». Hala ere, nabarmendu zuen uste zuela Iranek akordio bat egitea proposatuko zuela, baina agintaldi erdiko bozen ostean —Trumpek Irani mehatxu egiten zion bitartean bi herrialdeetako ordezkariak bilduta zeuden beste areto batean—.

Teheranek, berriz, atea ireki zion diplomaziari. Asteazkenean emandako hitzaldian, Pezexkianek adierazi zuen Teheranek ez duela gerra abiatu, eta ez duela gerrarik nahi. Baina, kontrara, nabarmendu zuen gerrarako prest daudela «Irango herria defendatzeko» baldin bada. Aurrez, Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak zera adierazi zuen Teherango ordezkaritzak New Yorkera bidaiatu baino lehen: «Negoziatzeak ez du esan nahi Iran gudu zelaitik erretiratzea. Baizik eta eremu horren zati bat diplomazia izeneko beste eremu batera eramatea».

Hain zuzen, Pezexkianek elkarrizketa bat eman du gaur goizaldean —arratsaldea New Yorken— Fox News hedabidean, eta berretsi du Iran prest dagoela AEBekin akordio bat egiteko. Baina bakea lortzeko oztopo bat dagoela: AEBek, hitz egin beharrean, erasoei ekiten diotela, Iran bonbardatuz eta «elkar ulertzeko» bide guztiak blokeatuz. «Guk ekintzekin erakutsi dugu ez dugula estatubatuarrik hil nahi, baina AEBak irandarrak hiltzen ahalegindu dira. Dakigun gauza bakarra da guri eraso egiten badigute guk geure burua defendatuko dugula», gaineratu du.

Hala ere, adierazi du bi aldeek sinatu zutela memoranduma ekainean, eta, orain arte paper errea bilakatu dela esan badaiteke ere, Irango presidenteak nabarmendu du memorandum horretan oinarrituta «aurrera» jarraitu nahi dutela.

SAUDI ARABIA BABESTEN DUELA BERRETsI DUTE haren ALIATUEK

Pakistanek eta Turkiak, Saudi Arabiaren aliatuek, Riaden aldamenean daudela berretsi dute gaur. Jakinarazi dutenez, hiru herrialdeetako armadetako buruak Riaden bilduko dira datozen orduetan —ez dute zehaztu noiz—, Yemengo huthien aurrean Saudi Arabia nola babestu erabakitzeko —Riadek Yemengo Gobernuari laguntzen dio militarki—. Abuztuaren 7an defentsan oinarritutako akordio bat sinatu zuten hiru herrialdeek: Mekako Ituna. Bertan, zehaztu zuten hiru estatuek konpromiso batzuk hartuko zituztela. Esaterako, «segurtasun kolektiboa indartzeko, eskualdean bakea, segurtasuna eta egonkortasuna sustatzeko, eta etorkizun seguru eta oparoa lortzeko».

 

Horrekin lotuta, Ankarak ohar baten bidez gaur esan du Riaden «behar militarrak asetzen» lagun dezakeela, «beharrezkoa bada».

 

Uztailean hasi zen tenkatzen Saudi Arabiaren eta huthien arteko soka —2022an tregoa bat adostu zuten, nahiz eta hauskorra izan den—. Yemengo matxino xiitek itsas blokeoa ezarri zioten Saudi Arabiari, Bab el-Mandeb itsasartea itxita. Argudiatu zuten Riadek, Yemengo Gobernuarekin batera, «blokeoa» ezarria dutela Yemen mendebaldean. 

 

Gerora, hainbat aldiz egin diete eraso elkarri; atzo, azkenekoz. Milizia xiitak atzo zabaldu zuen ohar batean azaldu zuen dozenaka misil eta drone jaurti zituztela Saudi Arabiako helburuen aurka. Riadek, berriz, beste ohar batean zabaldu zuen bere defentsa indarrek huthiek jaurtitako sei misil balistiko atzeman zituztela.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA