Gero eta herrialde gehiagotara ari da hedatzen koronabirusa

Osasunaren Mundu Erakundeak azaldu du Afrika ez beste kontinenteetara iritsi dela Covid-19a, baina baztertu egin du pandemia izendatzea. Europak aztertu egingo du mugak ixtea

Moldavian, Chisinauko aireportuan, mugetako zaindari bat proba egiten bidaiari bati, atzo. DUMITRU DORU / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Covid-19 koronabirusa gero eta herrialde gehiagotara zabaldu da. Osasunaren Mundu Erakundeak atzo azaldu zuenez, Afrika ez beste kontinente guztietan dabil. Hala ere, leundu etazuzendu egin zituen herenegun Adhanon Ghebreyesus presidenteak zabaldu zuen izua, «pandemia eragitearen arriskua» aipatu baitzuen.

Christian Lindmeier bozeramaileak atzo esandakoaren arabera, baztertu egin dute epidemia bat pandemia izendatzen duen irizpide multzoa, «zeinaren arabera gaixotasunak kontinente guztietara heldu behar baitu horrela deitua izateko». OMEk zehaztu zuenez, koronabirusaren egoerari «nazioarte mailako kezka eragiten duen osasun larrialdia» esan behar zaio, erakundeak urtarrilaren 30ean adierazi legez.

Europan, Italiak du kutsatutako eta hildako gehien: 322 pertsona gaixotu ditu birusak, eta 11 dira hilak. Iparraldekoak ziren kasu guztiak atzo arte, baina hegoaldean ere azaldu da kasu bat: Bergamotik Palermora oporretara joandako emakume batena. Horren aurrean, lasaitasuna zabaldu nahi izan zuen Giuseppe Conte lehen ministroak: «Italia herrialde segurua da bizitzeko, beste asko bainoago agian».

Conteren lasaitasun mezuaren aurrean, kontrakoa adierazten duten egoerak ari dira zabaltzen. Suitzan, Italiarekin muga egiten duen Tesino kantoian, kutsatu bat azaldu da; Austriak eta Kroaziak baieztatu egin zuten aurreneko kasuak dituztela, hiru hain zuzen; hirurak Italia iparraldean egondakoak dira edo leku horretako herritarrak. Lasai ez dabilen bestea Bulgaria Air hegazkin konpainia da, Milanerako eta hiri horretatik ateratzen diren hegaldiak martxoaren 27ra arte bertan behera uztea erabaki zuelako atzo. Katalunian, lehen kutsatua azaldu da: emakume italiar bat, Italian egon zena hil honetan.

Gaixotasuna eta OME bezala dabiltza beste erakunde batzuk ere, etengabe aldatuz iritzia plazaratzeko garaian. Hala, Europako Batzordeko bozeramaile Dana Spinantek azaldu zuen atzo gaitzaren egoera «dinamikoa» dela. Horregatik, ez zuen baztertu Europako Batasuneko mugak ixteko aukera, bezperan batzordeak neurri hori baztertu bazuen ere. Eztabaida baten premiaz ohartarazi zuen: «Herrialdeetako mugak ez daude itxita, baina jarrera proaktiboarekin, eztabaidari ekin nahi diogu estatu kideen artean». Herrialdeen arteko elkarlana ere aipatu zuen: «Horrelako eta bestelako neurrietan koordinatuta aritu nahi dugu, zatiketarik egon ez dadin». Europako araudiak dio mugak itxi daitezkeela osasun mehatxua dagoenean, eta, herrialde batek mugak ixtea erabakiko balu, lau aste lehenago jakinarazi beharko lieke batzordeari eta gainontzeko estatuei. Gaur egingo dute bilera Europako Batzordeko komisarioek. Mugak ixtearen balizko aukeraz Belgikako Gobernuak eman zuen atzo iritzia: «Ez luke zentzurik izango, birusak ez direlako gerarazten mugetan». Badaezpadako neurria hartu duena Europako Legebiltzarra izan da, eskatu baitie Italian eta gaitza gehien zabalduta dagoen herrietan egon diren langileei bi astez etxetik lan egiteko.

Botika bat probatuko dute

Asian, Hego Koreako hego-ekialdeak du Txinaren atzetik kutsatu gehien: 893 lagun daude gaixorik, eta zortzi dira hildakoak. Gobernuan den Alderdi Demokratikoa aztertzen ari da berrogeialdiak indartzea, baina bakartze egoerak ezarri gabe, Txinan Wuhanen egin den bezala. Hubei probintzia horretan, gora egin zuen atzo kutsatuen kopuruak; Txinako beste lekuetan, aldiz, behera. Iranen, hamabost lagun hil dira, eta Osasun ministrordea ere kutsatuen artean dago. Bitartean, AEBetako farmazia enpresa batek txerto esperimental bat bidali dio bertako gobernuari, probak egin ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.