Beste koska bat areagotu da NBE Nazio Batuen Erakundeko Idazkari nagusi Antonio Guterresen eta Israelgo agintarien arteko tentsioa; oraingoan, azken egunetan Israelgo armadak Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoen egoitza nagusiaren aurka egindako erasoen harira. Nazioartea eskatzen ari zaio Tel Avivi kasko urdinen —horrela deitzen zaie NBEren misioetako soldaduei— aurka ez egiteko, baina hango agintariek jarraitzen dute ekintza horiek justifikatzen. Israelgo Energia ministro Eli Cohen eta lehen ministro Benjamin Netanyahu izan dira hori egiten azkenak: aurrenak esan du Unifilek ez duela «ezertarako balio»; bigarrenak, Hezbollahk «giza ezkutu» gisa erabiltzen duela.
Cohenek uste du NBE israeldarrei laguntzeko gauza ez bada ez lukeela gatazkan esku hartu beharko, eta borroka eremuetatik atera beharko lituzkeela bere tropak; hori idatzi du gaur X sare sozialean. Antzera iritzi dio Netanyahuk. Atzo zabaldutako bideo batean, Guterresi mintzatu zitzaion, eta esan zion «irtenbiderik egokiena» Unifileko tropak herrialdetik ateratzea litzatekeela. Guterresek berehala erantzun zion Israelgo lehen ministroaren eskaerari, komunikatu baten bidez, eta zehaztu zion Unifilek Libanon jarraituko duela. Are, gogorarazi zion NBEko Segurtasun Kontseiluari dagokiola tropak Libanotik ateratzeko erabakia hartzea, eta ez soilik berari.
Argudio horixe bera erabili du Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak Guterresen alde egiteko. EBko Atzerri Ministroak Luxenburgon bildu dira gaur, eta, hara iritsi berritan egindako adierazpenetan, Borrellek eskatu dio Tel Avivi utzi diezaiola Guterres kasko urdinei eraso egiteko «aitzakia gisa» erabiltzeari. «Gogorarazi nahi diot mundu guztiari ez dela NBEko Idazkari nagusia misio horren gainean agintzen duena; NBEko Segurtasun Kontseiluari dagokio horri buruzko erabakiak hartzea», gehitu du. Unifil 1978. urtean sortu zuten, eta nazioarteko 10.000 soldaduk osatzen dute. Hiru dira misioak Libanorako zehaztutako helburuak: Israelen eta milizia xiitaren arteko borrokak gainbegiratzea, zibilek laguntza humanitarioa jasotzen dutela bermatzea, eta 2006ko Israelen eta Libanoren arteko gerraren ondorioz desplazatutakoak etxera itzultzeko baldintza egokiak sustatzea.
Guterresen eta Borrellen argudioek ez dute Netanyahuren jarrera aldarazi, eta gaur iluntzean berriro adierazi du NBEren soldaduen segurtasuna bermatzeko modu bakarra dela «Israelen eskaerei jaramon egitea, eta arrisku guneetatik behin-behinean joan daitezela».
Iragan urriaren 7az geroztik, apurka-apurka gaiztotu egin da Israelgo agintarien eta Guterresen arteko harremana. Hil horretan bertan, NBEko ordezkariei bisa emateari uko egin zion Israelek, eta Guterresen dimisioa eskatu zuten hainbat ministrok, argudiatuta Hamas justifikatzen zuela, Israelek «palestinar guztiei jarritako blokeo kolektiboa» gaitzesteko idatzi zuen mezu batengatik.
Urtebeteren ondoren, hil honen hasieran, beste pauso bat eman du Israelgo Gobernuak: joan den urriaren 2an, Guterres persona non grata izendatzea eta hari herrialdera sartzea galaraztea erabaki zuen, Iranek aurreko egunean Israelen aurka egindako erasoaren inguruan egin zituen adierazpenengatik. Idazkari nagusiak gatazka Ekialde Hurbilera zabaltzearen arriskuaz ohartarazi zuen X sare sozialean, baina ez zuen Iranen erasoari buruzko aipamen zuzenik egin.
Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek «terroristei laguntzea» leporatu zion Guterresi, baita «gerraren hasiera-hasieratik Israelen aurkako politika bat» abian jartzea ere. Bada, Katzek atzo berriro hitz egin zuen afera horren inguruan, eta esan zuen orduan hartutako erabakiek ez dutela atzera-bueltarik.
Erasoak, etenik gabe
Guterresek eta Netanyahuk mezu horiek trukatu zituzten egun berean, atzo, NBEko misioak salatu zuen, komunikatu baten bidez, Israelgo bi tankek behera bota zutela bere egoitza nagusiko —Libano hegoaldean dago— atea, eta hainbat soldadu barrura sartu zirela, 45 minutuz. Horrez gain, jakinarazi zuen zenbait tiro entzun zituztela misioaren egoitza nagusitik ehun metrora, eta segidan kea sartu zela eraikinaren barrura. Misioaren arabera, ke horrek zauri arinak eragin zizkien hamabost soldaduri.
Atzo iluntzean, Israelgo armadak baieztatu zuen bere tanke bat «hurbildu» egin zela Unifilen egoitza nagusira, baina, haren arabera, Hezbollahk hainbat soldadu zauritu zituen, 25 misil jaurtita, eta asmoa zen zauritutako soldadu horiei babesleku bat bilatzea. Eraso horren inguruan xehetasun gehiago eman ditu Israelgo armadak gaur goizaldean, Telegramen kaleratutako bideo baten bidez. Horretan salatu du talde xiitak kasko urdinen egoitzatik gertu jaurti zituela misilak, eta miliziaren «dozenaka arma» aurkitu dituztela eremu horretan.
Bestalde, talde xiitak Israelgo Haifa hiriko hegoaldeko auzo bati egin dio eraso bart, droneen bidez, eta gutxienez 67 pertsona zauritu ditu, Israelgo larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Bada, herrialde horretako Atzerri Ministerioak esan du, gaur goizaldean kaleratutako ohar baten bidez, Israelgo lau soldadu hil direla eraso horretan.
AEBen tropak, Israelen
Israelera misilen aurkako defentsa sistema bat bidaltzekoak dira Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Iranen etorkizuneko «eraso posibleen aurrean defendatzeko», AEBetako Segurtasun Departamentuak atzo iluntzean ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Gainera, hainbat tropa ere bidaliko dituzte hara. «Ekintza honek berretsi egiten du AEBek Israelen defentsarekin daukaten konpromisoa» esan zuen Pentagonoko bozeramaile Pat Ryderrek.
Iragan urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, AEBek gutxienez 17.900 milioi dolarreko laguntza militarra eman diote Israeli, Brown Unibertsitateko ikerketa baten arabera.
Hain justu, iragarpen horren harira, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik leporatu zion Washingtoni «inoizko arma gehien esportatzea» Israeli, baita bere tropen biziak «arriskuan» jartzea ere, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez. Are, bere jendea eta interesak defendatzeari dagokionez, Iranek «marra gorririk» ez daukala ohartarazi zuen: «Azken egunotan esfortzu handi bat egiten ari gara gerra eskualde osora zabaldu ez dadin».
Joan den astetik Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetara bidaiatzen ari da Irango Atzerri ministroa, Israel Gazan eta Libanon egiten ari den erasoaldiak hizpide. Libanon eta Saudi Arabian izan zen joan den astean, Iraken izan zen atzo, eta Yemengo matxino huthien buruzagitzarekin bildu da gaur, Omanen.
Gazako eremu humanitarioei eta ospitale bati egin die eraso israelek
Nazioarteko arreta Libanon jarrita dagoen arren, Israelgo armadak jarraitzen du etengabe Gazako zerrendari eraso egiten. Bart, kasurako, Gaza erdialdeko al-Nuiserat errefuxiatuentzako kanpalekua bonbardatu du, eta gutxienez hogei palestinar hil eta dozenaka zauritu ditu, Gazako Babes Zibilerako Agentziak jakinarazi duenez. Halaber, gaur goizean Gaza erdialdeko Deir al-Balah hiriko al-Aqsa ospitalea bonbardatu du Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Gutxienez lau pertsona hil ditu, eta 40 zauritu.
Bestalde, Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, Gaza iparraldeko Jabaliako errefuxiatuentzako kanpalekuari ere eraso egin diote gaur goizaldean. Zehazki, elikagaiak banatzeko zentro bat jo dute, eta gutxienez hamar palestinar hil dituzte, eta 30 zauritu. Gaur iluntzean, Israelgo hegazkinek berriro bonbardatu dute Jabaliako kanpalekua, eta hango eskola bat bete-betean jo dute: bigarren eraso honetan, gutxienez hiru errefuxiatu palestinar hil eta lau zauritu dituzte. Eraso horien artean, gaur hasi da zerrendan polioaren aurkako txertaketa kanpainaren bigarren fasea. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Gaza erdialdean hasiko dute kanpaina, eta gaurtik asteazkenera iraungo du.
Libanoko iparraldeari ere eraso dio Israelek, eta gutxienez 21 lagun hil eta zortzi zauritu ditu. Alderdi horretan, herritar gehienak kristauak dira, eta Israelek orain arte bonbardatu gabea zen.