Sirena hotsa gailendu da gaur Gernikan, 1937ko apirilaren 26an bezalaxe. Egun ilun hartan, hegazkin naziek Gernika bonbardatu zuten, eta ehunka pertsona hil zituzten. Gizarte zibilaren kontrako lehen bonbardaketa masiboa jasan zuen herria da Gernika, baina ez da azkena izan. Hain zuzen, hori salatzeko bildu dira milaka pertsona Gernikan bertan. «Oraintxe bertan, momentu honetan, Gazan bonbardaketek ez dute etenik; milaka herritar hil dituzte». Gernika-Palestina deialdi herritarrak antolatuta, Palestinako sarraskia salatzeko, Israelen okupazioa behingoz eta betirako bukatzea eskatzeko eta munduari garrasi ozen bat luzatzeko, mosaiko erraldoia sortu dute Pasealekuan.
Toki hori aukeratu izana ez da kasualitatea izan: 1937an bonbardatu zuten merkatua zegoen bertan. «Hemen barazkiak, frutak eta gainerakoak saltzen zituzten, eta beheko partean ganadua», gogoratu dute antolatzaileek. 3.000 lagunek pasealekua bete dute. Pontxo beltz, zuri, berde eta gorriak jantzi dituzte, eta Palestinako bandera erraldoi bat irudikatu dute. Banderaren alde batean, Piccasoren Gernika koadroa irudikatu duen olan bat zabaldu dute. Jende andana bildu denez, guztiek ezin izan dute mosaikoan parte hartu. Haren inguruan geratu dira, Palestinaren aldeko banderak altxatuz.
Minutu batzuk isilik eman ostean, sirena hotsa martxan jarri dute Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen Pilar Ormaetxeberriak eta Palestinako Yazan Ayyoubek. Mosaikoari amaiera eman diote horrela, eta ekitaldiari paso. Oreka TX eta Alos Quartet taldeek musikaz bete dute Pasealekua, eta Saba Alhussainek eta Ikrame Benzyanek olerki bat irakurri dute arabieraz eta euskaraz. Rafeed Ziadah aktibistak eta olerkariak idatzitakoa da. 2008an idatzi zuen: «Israelgo armadak 2008an Gaza bonbardatu zuenean, haurrak bonben azpian hiltzen ziren bitartean, Gazan bonbak erori bitartean idatzi nuen poema hau».
«Boterean dauden guztiek urriaren 7ari buruz hitz egiten dute orain, baina zenbat ‘urriak 7’ bizi izan ditugu guk?».
MOHAMMAD FARAJALLAHEkintzaile palestinarra
Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal bertsolariek mezu irmoa bota dute. Palestina jasaten ari den «genozidio terriblea» salatu du Enbeitak, eta aski dela esan: «Ezingo dugu luzaro iraun beste aldera begira». Ibarzabalek erantsi du isiltzeko aukerarik ez dagoela. «Hitzak» agortzen badira, «garrasi» egiteko eskatu du. Eta argi adierazi du: «Itzuli lurra Palestinari, krimen hau geldiarazi».
Haritzetik olibondora
Euskal Herritik at eragina izateko, Jon Maia bertsolariak idatzitako testu bat lau hizkuntzatan irakurri dute. Maiak berak eta Itziar Ituño aktoreak euskaraz eta gazteleraz irakurri dute, Mohammed Kmailek arabieraz eta Fatima Aspiritou Aznagek ingelesez: «Haritzatik olibondoari, Gernikatik Palestinari».
Irakurleek adierazi dute egun onartezinak diren jazoerak ari direla gertatzen: «Munduak eta historiak ezin dute herri baten suntsiketa bakar bat gehiago onartu, ezin dute Palestinan gertatzen ari dena onartu, ezin dute beste Gernika bat onartu». Gernikatik, «gizartearen historian izandako sarraski guztien artean zoritxarreko leku berezia» duen herritik, Palestinaren aurka egiten ari den «sarraski etengabea» geratzeko eskatu dute, eta genozidio horrekiko edozein onespen eta konplizitate salatu dituzte.
Palestinako herritarrei ere mezua bidali diete: «Zuen hildakoak, gure hildakoak dira; zuen etxe birrinduak, gure etxeak dira; zuen lur okupatua, gure lurra da; zuen haurrak, gureak ere badira». Eta gogoratu dute «iluntasunaren, triskantzaren eta sarraskiaren» ondoren, Gernikan arbola batek zutik iraun zuela. «Ehunka hildako haiek zeutzan lur berean, jolasten dira orain gure haurrak, bonbardaketen biktima haiek mintzo ziren hizkuntza berean». Palestinan berdin gertatuko den itxaropena helarazi dute: «Gernikan haritza bezala, Palestinan olibondoa zutik» .
Gernikako bonbardaketan bizia galdu zuten herritarrak oroitzeko sortu zuen Gernikan abestia Ken Zazpik; Joseba Sarrionandiak jarri zizkion hitzak. Orain, letra moldatu dute: Gernikan, Gazan. Eñaut Elorrieta abeslari gernikarra, eta Ihsan O.S eta Ikrame Benzyane palestinar abeslariak oholtzara igo dira, kanta aurkezteko.
Ekitaldiari amaiera emateko, Mohammad Farajallah ekintzaile palestinarrak hartu du hitza: «Boterean dauden guztiek urriaren 7ari buruz hitz egiten dute orain, baina zenbat urriak 7 bizi izan ditugu guk?». Gogoratu du 21.000 zenbakia ez dela soilik kopuru bat: «Istorioak dira, ametsak dira, eta gure etorkizuna dira». Herritarrei isilik ez egoteko deia egin die, eta egoera salatzeko. «Orain behar dugun laguntza zuen ahotsa da, baita zuen boikota ere». Egitasmoa borobiltzeko, bi haurrek haritz bat eta olibondo bat igo dituzte eszenatokira.