Greziako portuetatik itsasoratzeak libre izateari utzi dio. Gobernuak Gazako kostara doazen itsasontziei portutik ateratzea debekatu die. Erabakia itsasoko eskubideen 128 artikuluagatik hartu duela argudiatu du Greziak. Horren arabera, gerra edo gatazkaren bat dagoen lurralde batera joateko debekua ezar dezakete. Erabaki horrek Gernika itsasontzia setiatua utzi du portuan, eta, abiatzea galarazteko, kostazainek gau eta egun zaintzen dute.
Debekua «ankerra» eta «nazioarteko legeen aurkakoa» dela salatu du Hamasek. Edorta Jimenez Gernikan doan euskal idazleak BERRIAri jakinarazi dionez, bat egiten du iritzi horrekin, Greziak, EB Europako Batasuneko kide den heinean, batasuneko kideei itsasoz mugitzeko eskubidea bermatu behar diela uste du. Schengengo Itunaren arabera, EBko herrialdeen arteko barne mugak desagertu egin ziren, eta herritarrek askatasunez mugitzeko eskubidea dute. Jimenezekin batera, Begoña Astigarraga kazetaria, Nekane Perez NaBaiko parlamentaria eta Mikel Zuluaga idazlea daude, eta flotillako euskal ordezkariak dira.
Synaspimos Greziako ezkerreko koalizioak salatu du gobernua Israelen «laguntzaile estrategiko» bihurtzen ari dela, eta gaineratu dute Israel Greziaren larritasun ekonomikoa erabiltzen ari dela estu hartzeko. Azken hilabeteetan bi herrialdeen arteko bilerak areagotu direla esan du, eta Israelek diru «kopuru handia» eman izana debekuarekin lotu dute. Vangelis Piffias Greziako flotillako kideak adierazi du gobernua aspalditik jendea saltzen ari dela eta orain haien arima ere saltzen saiatzen ari direla.
Baina Grezia ez da Israelen aurrean makurtu den herrialde bakarra. Europako Batasunak Israel Gazan egiten ari den blokeoa legez kanpokoa dela dioen arren, herritarrak Israelek flotillaren aurka eginiko mehatxuen defendatu beharrean, Gazara ez joateko gomendatu die. Gernikan Perez eta Marina Albiol Esquerra Unidako Valentziako parlamentaria ere doa, eta Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri direla azaldu du Jimenezek. Gobernuak ez du bermatu Gernikako kideen segurtasuna, eta portuan geratzea gomendatu diete.
Greziako Gobernuaren «legez kanpoko» debekuaren aurka egiteko protestak antolatu dituztela jakinarazi du Laura Arau flotillako kideak. Horrekin batera, Gazara joateko «behar dena» itxaroteko prest daudela ohartarazi du Santiago Alba Rico idazleak.
Israelen «defentsa»
Defentsa onena eraso on bat dela dioen filosofiari jarraitzen dio Israelek. Flotilla herrialdera joateko prestatzen ari zela jakin zuenetik etengabe mehatxatu ditu giza ekintzaileak. Horrekin batera, ekintzaileen izen ona zikintzeko flotilla antisemita eta homofoboa dela esan dute.
Israelgo Gobernuak barkamena eskatu behar izan du, bideo faltsu bat zabaltzeagatik. YouTube eta Twitter bitartez homosexuala izateagatik flotillatik kanpo utzi zuten Mark izeneko israeldar baten bideoa zabaldu zuten. Markek ikusleei norekin «oheratzen» diren ondo begiratzeko esaten die, zure taldearekin ekintzak egiten hasi eta konturatu gabe Hamasekin bat egiten buka dezakezulako. Baina Robert Mackey bloglariak jakinarazi du ustezko ekintzailea Tel Aviveko Omer Gershon aktorea dela. Israelen azken urteetan hainbat iragarkitan agertu da Gershon.
Kasua ezagutu ondoren, gobernuak ez du gezurtatu bideoaren atzean dagoela, eta informazioa aurretik ez egiaztatzeagatik barkamena eskatu du. Bideoa zabaltzen lehenetakoa Guy Seemann izeneko gaztea izan da. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoko bekaduna da. Baina bideoa bidali izanak haren lanarekin erlaziorik ez duela eta grabazioa lagunek ikusteak merezi zuelako bidali duela azaldu du.
Flotillako itsasontziek jasotako sabotajeen atzean ere Israel dagoela uste du Dror Freiler flotillako bozeramaileak. Sabotajeak komeni zaizkion bakarra Israel dela gogorarazi du. Irlandako Saoirse itsasontziaren motorraren matxura nahita eragindakoak direla salatu du, eta itsasontzia bidean ondoratzeko helburuarekin eginak zeudela. Israelek ukatu egin du.
'Gernika' ontzia setiatuta
Greziako Gobernuak Askatasunaren Ontzidiari Gazara abiatzea debekatu dio; euskal ordezkariek salatu dute portuan setiatuta daudela eta kostazainak jarri dituztela euren itsasontzia zaintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu