GEORGIA

Georgian protestak piztu dira atzerriko agenteen legea berriro ezartzeko asmoa dela eta

Testuari buruz eztabaidatzen hasi dira parlamentuan. Gobernuarentzat, ez dago arrazoirik «txarra» dela pentsatzeko. Oposizioak uste du disidentzia zapaltzeko baliatuko dutela.

Milaka herritar bildu zituen, atzo, atzerriko agenteen legearen aurka Geogiako hiriburu Tbilisin egindako mobilizazioak. DAVID MDZINARISHVILI / EFE
Milaka herritar bildu zituen, atzo, atzerriko agenteen legearen aurka Geogiako hiriburu Tbilisin egindako mobilizazioak. DAVID MDZINARISHVILI / EFE
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 16a
15:00
Entzun

Georgiako Parlamentuak atzerriko agenteen legea onartu zuen iazko martxoan. Hori gertatu eta ordu batzuk geroago, ordea, hango gobernuak atzera bota zuen, herritarren protesta masiboen ondorioz. Agintean dagoen Georgiako Ametsa alderdiak, baina, legea parlamentura eraman du atzera, eta hari buruz eztabaidatzen hasi dira gaur. Oposizioak mobilizatzera deitu du, iruditzen baitzaio lege hori disidentzia erreprimitzeko tresna bihurtu daitekeela, eta adierazpen askatasuna murriztuko duela. Gobernuari jarrera errusiazalea izatea egozten dio, eta, horren harira, ezarri nahi duen legea Errusian duela hamarkada bat ingurutik indarrean dagoen baten antzekoa izatea.

Kaukasoko herrialde horretako gobernuak proposatutako arauak ezartzen du finantzaketaren %20tik gora atzerritik jasotzen duten erakundeak «atzerriko agente» gisa erregistratu behar direla. Horrek GKE gobernuz kanpoko erakundeei eta zenbait hedabideri eragingo lieke, besteak beste. Gobernuak hil honetan iragarri zuen testua berriro aurkeztu asmo zuela, argudiatuta beharrezkoa dela «gardentasuna» sustatzeko eta «atzerritarrek ezarritako balio sasiliberalei» aurre egiteko. Neurria justifikatzeko ahaleginean, Irakli Kobajidze Georgiako lehen ministroak lehengo astean adierazi zuen GKEen «finantzaketa iturrien %18ren berri bakarrik» dutela agintariek.

Iaz aurkeztutako testuaren eduki bera du orain parlamentura eraman dutenak. Aldaketa bakarra egin diote, Mamuka Mdinaradze Georgiako Ametsa alderdiak ganberan duen liderrak hilaren hasieran azaldu zuenez: «atzerriko eraginpeko agentea» jarri beharrean, «potentzia atzerritar baten interesak defendatzen dituen erakundea» idatzi dute testuan. Gobernuko blokeak gehiengoa du parlamentuan; hortaz, berriro onartzeko moduan dira. Aurtengo urriaren 26an egingo dituzte parlamenturako hauteskundeak.

Nolanahi ere, neurri hori tentsio iturri da. Atzo oso argi geratu zen hori parlamentuan, legeari buruz eztabaidatu duen batzordeko saio batean. Mdinaradze mintzatzen ari zen, eta oposizioko Hiritarrak alderdiko Aleko Elisaxvili parlamentariak ukabilkada bat eman zion. Ganberatik kanporatu zuten. «Ez dago argudiorik pentsatzeko lege hau Errusiakoa dela, txarra dela», esan zuen Mdinaradzek.

%80

EBko kide bihurtu nahiko luketen georgiarren portzentajea. Azken urteetan herrialdean egin dituzten inkesten batezbestekoaren arabera, georgiarren %80k nahiko lukete beren herrialdea EB Europako Batasuneko kide bihurtzea.

Bitartean, parlamentuaren egoitzaren kanpoaldean, Tbilisi hiriburuan, milaka lagun elkartu ziren atzo, eta «errusiar!» oihu egin zieten bai polizia agenteei, baita gobernuaren blokean dauden parlamentariei ere. Gaur ere bildu dira. Barne Ministerioak jakinarazi du atzoko protestetan hamalau pertsona atxilotu zituztela.

EBn sartzeko oztopo

«Herritarrak engainatu zituen [oposizioak]», azpimarratu zuen Kobajidzek hilabete honen hasieran, iazko martxoko protestei erreferentzia eginez. «Baina ezingo du gizartea berriro engainatu. Gardentasunik eza onartezina da guretzat».

Salome Zurabixvili presidentea, ordea, legearen kontra dago. «Poliziaren tropa bereziak prest daude beren etorkizun europarra defendatzen duten zibilen kontra egiteko», idatzi du X sare sozialean. «Mobilizazioekin jarraituko dugu. Georgia ez dute berriz sobietartuko!». Sobietar Batasuneko errepubliketako bat izan zen Georgia; 1991z geroztik da independentea.

EB Europako Batasuneko estatu kide bihurtzeko hautagai estatusa eman zioten Georgiari iazko abenduan, eta oposizioak uste du lege hori onartzeak ez liokeela mesede egingo talde komunitarioko kide izateko bidean egin beharreko urratsetan. Iazko martxoan, legea onartu zutenean, Bruselatik bertatik esan zuten edukia ez zela «bateragarria» klub komunitarioaren «balioekin».

Iparraldean Errusia edukitzeak Georgiaren politikak baldintzatzen ditu, nahiz eta 2008an bi herrialdeek edukitako gerraz geroztik hautsita dauden haien arteko harreman diplomatikoak. Hori bai, iazko maiatzetik, georgiarrei ez diete bisarik eskatzen Errusian sartzeko, eta  urtebete da Errusiaren eta Georgiaren arteko hegaldi zuzenak berrezarri zituztela. Iazko martxoan, Georgiako Parlamentuak atzerriko agenteen legea onartu zuenean, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileari galdetu zioten ea Errusiak zerikusirik ote zuen horrekin; ezetz erantzun zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.