Mikheil Kavelaxvili hautatu dute Georgiako presidente

Gobernuan dagoen alderdiak proposatu du Kavelaxvili, Georgiako Ametsak. Orain arteko presidente eta oposizioko buru Salome Zurabixvilik adierazi du ez duela kargua utziko, hauteskundeetan «iruzurra» egin izana egozten baitio Georgiako Ametsari.

Mikheil Kavelaxvili, gaur, Georgiako Parlamentuan. GEORGIAKO PARLAMENTUA / EFE
Mikheil Kavelaxvili, gaur, Georgiako Parlamentuan. GEORGIAKO PARLAMENTUA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abenduaren 14a
16:44
Entzun

Georgiako Parlamentuak Mikheil Kavelaxvili izendatu du gaur herrialdeko presidente. Urrian hauteskundeak irabazi zituen Georgiako Ametsa alderdiak proposatu du Kavelaxvili estatuburu kargurako. Oposizioak ez ditu onartzen bozen emaitzak, eta gaur ez dute parte hartu presidentea hautatzeko bozketan. Hala, Kavelaxvili izan da hautagai bakarra, eta haren aldeko botoa eman dute bertaratu diren 225 diputatuetatik 224k. Orain arteko presidente Salome Zurabixvilik esan du ez duela kargua utziko. «Zilegi ez den parlamentu batek ezin du presidente berria hautatu», adierazi zuen atzo gauean emandako prentsaurreko batean.

Lehen aldiz, Georgiako presidentea parlamentuan hautatu dute. Orain arte, herritarrek bozkatzen zuten hauteskunde presidentzialetan —2018an egin ziren azkenengoz—. Gaur, Georgiako Parlamentuko 150 diputatuak eta beste 150 udal ordezkari zeuden deituta presidentea hautatzeko bozketara. 300 boto posible horietatik, 200 aldeko boto behar zituen Kavelaxvilik, eta 224 lortu ditu.

Kavelaxvili Georgiako Parlamentuko diputatu da 2016tik. Aurrez futbolari profesionala izan zen; Ingalaterrako Manchester City taldean jokatu zuen besteak beste, eta 2006an utzi zuen futbol profesionala. Hasieran Georgiako Ametsa alderdiko diputatu izan zen, baina 2022an Herriaren Boterea eskuin muturreko mugimendu politikoa sortu zuen. Herriaren Boterea taldeko ordezkariak Georgiako Ametsa alderdiaren zerrendatan aurkeztu ziren urriko bozetan. Izan ere, bi taldeek antzeko diskurtsoa dute. Errusiaren hurbilekoak dira, eta Mendebaldearekin kritikoak.

Presidente berriak aurten emandako zenbait hitzalditan egotzi izan die Mendebaldeko herrialdeetako informazio zerbitzuei Georgiaren eta Errusiaren artean gerra bat sortu nahian aritzea. Horrez gainera, maiatzean onartutako atzerriko agenteen lege proiektuaren babesle sutsuenetako bat izan zen, eta LGTBI komunitatearen aurkako neurriak ere bultzatu ditu. Herrialdeko lehen ministro eta Georgiako Ametsa alderdiko buru Irakli Kobajidzek esan du Kavelaxviliren hautaketak herrialdeko «polarizazioa» murriztea eragingo duela; eta 2018tik Georgiako presidente izan den Zurabixviliri agindu dio kargua uzteko: «Bi aste barru presidente berriaren inbestidura saioa egingo dugu. Zurabixvilik kargua utzi beharko du», adierazi du gaur parlamentuan.

Azaroaren 28an, Kobajidzek iragarri zuen Georgia EB Europako Batasunean sartzeko negoziazioak etengo dituztela 2028ra arte. Horrek oposizioaren haserrea areagotu zuen, eta ordutik zenbait protesta egin dituzte herrialdeko hiriburuan, Tbilisin. Atzo emandako prentsaurrekoan, Zurabixvilik protestan jarraitzeko deia egin zien herritarrei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.