GEORGIA

Georgiako Parlamentuak onartutako atzerriko agenteen legeak protestak eragin ditu Tbilisin

Legearen arabera, finantzaketaren %20tik gora atzerritik jasotzen duten erakundeek «atzerriko entitate juridiko» gisa erregistratu beharko dute Georgian. EBn sartzearen alde dauden manifestariek «antidemokratikotzat» jo dute legea.

Georgiako indarrak, parlamentuak onartutako atzerriko agenteen legearen aurkako protestetan, atzo gauean, Tbilisin. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 8a
16:54
Entzun

Georgiako Parlamentuak onartutako atzerriko agenteei buruzko legeak haserre olatua eragin du georgiarren artean. Arau horren arabera, atzerriko finantzaketa jasotzen duten erakundeek «atzerriko agente» gisa erregistratu beharko dute Kaukasoko estatu horretan; besteak beste, GKE gobernuz kanpoko erakundeak eta zenbait hedabide egongo lirateke zerrenda horretan. Protestak atzo gauean piztu ziren Tbilisin. EB Europako Batasunera batzearen alde dauden milaka manifestarik «antidemokratikotzat» hartu zuten legea, eta legebiltzarreko sarrera blokeatu zuten. Tentsioa hain zen handia, ezen istiluak egon baitziren estatuko indarren eta protestarien artean. Barne Ministerioaren arabera, gutxienez 66 lagun atxilotu zituzten, eta desordena publikoa eta desobedientzia egotzi diete. Atzo ere protestara deitu zuten.

Otsailean, parlamentuak atzerriko agenteen lege proiektuaren bi bertsio erregistratu zituen: bata georgiarrena eta bestea estatubatuarrena; azken hori AEB Ameriketako Estatu Batuetako Foreign Agents Registration Act [Atzerriko agenteak erregistratzeko legea] deritzon itzulpena da. Georgiako bertsioaren arabera, finantzaketaren %20 baino gehiago atzerriko iturrietatik jasotzen duten erakundeek «atzerriko entitate juridiko» gisa erregistratu beharko dute. Legea ez litzaieke aplikatuko pertsona fisikoei; AEBetako bertsioa, berriz, pertsona juridikoei zein fisikoei aplikatzen zaie, eta erantzukizun penala leporatu ahal zaie.

Atzerriko agentearen kontzeptua legean finkatzeko ekinbideak kritika handiak eragin ditu oposizioaren eta Mendebaldeko politikarien artean. Georgiako presidente Salome Zurabixvilik New Yorken egindako adierazpenetan salatu zuen legea «Moskuren agindupean idatzi» dela, eta legea «erretiratzeko» exijitu zuen. Kritikoek diote parlamentuak ontzat emandako legea Errusian 2012an indarrean ezarritako legearen «parekoa» dela; nabarmendu dutenez, Kremlinek lege hori erabili du, zehazki, Mendebaldeko funtsetatik finantzatutako zenbait GKE eta hedabide ixteko.

Hain zuzen ere, parlamentuaren eraikinaren aurrean atzo bildu ziren manifestariek «Errusiako legeari ez» eta «zuek errusiarrak zarete» oihukatu zieten legearen alde bozkatu zuten diputatuei. Bide horretan, Poliziak negar gasa eta ur kanoiak erabili zituen manifestariak sakabanatzeko. Protestari batzuek, berriz, molotov koktelak eta harriak jaurti zizkieten estatuko indarrei. Manifestariek, gainera, esan zuten lege proiektuak kalte egingo diela Georgiak EBn sartzeko dituen itxaropenei.

«Atzerapausoa»

Bien bitartean, talde komunitariora batzeko hautagai estatusa lortzeko Georgiaren eskaera aztertzen ari da Brusela, eta Josep Borrell EBko diplomaziaburuak atzo gauean kaleratutako oharrean ohartarazi zuen legea «bateraezina» zela klub komunitarioko «balio eta arauekin». Erantsi zuen legedi berri hori «atzerapausoa» dela Tbilisirentzat eta horrek herrialdeko gizartea «geldiarazteko» arriskua eragin dezakeela. Hori dela eta, Borrellek Georgiako Gobernuari eskatu zion euts diezaiola «demokrazia, zuzenbidezko estatua eta gisa eskubideak sustatzeko» konpromisoari.

Aitzitik, ekinbidearen bultzatzaileek, Herriaren Boterea mugimendu politikoak eta agintean dagoen Georgiako Ametsa alderdiko buruek, legea beharrezkoa dela diote, atzerritik finantzatutako erakundeen «gardentasuna bermatzeko». Proiektuak aldeko 76 botorekin egin zuen aurrera ganbera, eta Georgiako Ametsa alderdiko presidente Irakli Kobijadzek jakinarazi zuen legea Veneziako Batzordera bidali zutela —Europako Kontseiluko organo bat da—. Igorri bezperan, parlamentuko presidente Xalva Papuaxvilik ziurtatu zuen hiru hilabete barru jasoko dutela batzordearen erantzuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.