Georgiako lehen ministroak oposizioa legez kanpo utziko duela mehatxu egin du

Manifestariek lau egun daramatzate protestan, gobernuak EBn sartzeko negoziazioak eten zituelako. Poliziak oposizioko burua atxilotu du gaur.

Georgiako Gobernuaren aurkako manifestariak, bart, Tbilisin. DAVID MDZINARISHVILI / EFE
Georgiako Gobernuaren aurkako manifestariak, bart, Tbilisin. DAVID MDZINARISHVILI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abenduaren 2a
16:25
Entzun

Georgiako lehen ministro Irakli Kobajidzek oposizioko alderdiak legez kanpo uzteko aukera jarri du mahai gainean, gaur. Azken egunetako protestek «konstituzioa urratzen» dutela eta, Auzitegi Konstituzionalari oposizioko alderdiak legez kanpo uztea eska diezaiokeela iradoki du Ministroen Kabinetearen bilkuran —telebistaz eman dute—. Ostegunean piztu ziren protestak, Kobajidzek iragarri ostean 2028ra arte eten egingo zituztela EB Europako Batasunean sartzeko negoziazioak. Urriaren 26an egin zituzten parlamenturako bozak, eta Kobajidz buru duen Georgiako Ametsa alderdiak lortu zuen boto gehien.

Ostegun gauetik milaka manifestari irten dira Tbilisi hiriburuko kalera, gauero. Eta istiluak izan dira manifestarien eta Poliziaren agenteen artean; gobernuaren arabera, 224 herritar atxilotu dituzte. Hain zuzen, gaur goizaldean, Poliziak oposizioko talde nagusiko buruzagietako bat hartu du atxilo. Aldaketarako Koalizioak X sare sozialean jakinarazi du Poliziak Zurab Japaridze atzeman duela bart. Koalizioak salatu du Japaridze «jomugan» zutela; izan ere, zehaztu dute protestak izan diren gunetik urrun hartu dutela atxilo, manifestazioetatik alde egiten ari zenean. Aldaketarako Koalizioa bigarren indarra da Georgiako Parlamentuan, hemeretzi eserleku lortu zituen urriko hauteskundeetan —Georgiako Ametsak, 89 ditu—.

Georgiako Barne Ministerioak jakinarazi du bost lagun atxilotu dituztela gaur, Poliziaren agenteei eraso egiteagatik, eta jabetza publiko zein pribatuak hondatzeagatik. Ministerioak kaleratutako oharrean gehitu du 113 polizia agente zauritu dituztela iragan ostegunetik. Eta protesten antolatzaileei ohartarazpena eman diete: «Legez kanpoko ekintza orori merezi duen erantzuna emango dio Poliziak». Manifestazioetan parte hartu duten herritarren aurka negar gasa eta ur kanoiak erabili ditu Georgiako Poliziak.

Bestalde, Georgia «desorekatzeko» saiakera gisa definitu ditu Moskuk azken egunetako protestak. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak egunero ematen duen prentsaurrekoan salatu du «iraultza» bat egin nahi dutela, Ukrainan 2014an gertatu zenaren antzekoa. 2013ko azaroan, orduko Ukrainako Gobernuak EBrekin elkarrizketak amaitzea erabaki zuen. Orduan hasi zen Euromaidan izeneko protesta oldea, eta 2014ko otsailean amaitu, Ukrainako Parlamentuak Viktor Janukovitx herrialdeko presidentea kargugabetu zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.