Georgiako Hauteskunde Batzordeak ontzat eman ditu bozetako emaitzak

Hautesleku batzuetako aktak berrikusi ondoren, batzordeak berretsi egin du Georgiako Ametsa alderdiaren garaipena. Oposizioak iruzurra salatu du, eta egunotan protestak izan dira herrialdean.

Bozetan iruzurra egon zela salatzeko protesta, oposizioak deituta, larunbatean, Tbilisin. DAVID MDZINARISHVILI / EFE
Bozetan iruzurra egon zela salatzeko protesta, oposizioak deituta, larunbatean, Tbilisin. DAVID MDZINARISHVILI / EFE
maddi iztueta olano
2024ko urriaren 31
17:51
Entzun

Georgian iragan larunbatean egin zituzten parlamenturako bozak, eta, ordutik, hautsak harrotuta daude herrialdean. Georgiako Hauteskunde Batzordeak agintean zegoen Georgiako Ametsa alderdia jo zuen bozen irabazletzat, botoen %54 lortu zituela iragarrita. Oposizioak, ordea, iruzurra salatu zuen. Georgiako Hauteskunde Batzordeak 366 hauteslekutako akten %91 berrikusi ditu egunotan —denera, emandako boto guztien %14—; gaur jakinarazi duenez, iragarritako emaitzak berretsi dituzte, eta Georgiako Ametsa alderdia jo dute berriro hauteskundeen garailetzat. 

Oposizioko buru eta Georgiako presidente Salome Zurabixvlik larunbatean bertan gaitzetsi zituen emaitzak, eta «iruzurra» salatu zuen. Asteon, EB Europako Batasunak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek ere zalantzan jarri dituzte Georgiako Hauteskunde Batzordeak emandako emaitzak. Are, atzo kaleratutako komunikatu batean, Europako Batzordeak esan zuen ez duela «gomendatzen» Georgia EBko estatu kide izateko eztabaidei berriro ekitea. Bada, herrialdeko Barne Ministerioak jakinarazi du, gaur, gutxienez bi pertsona atxilotu dituztela, bozetan «irregulartasunak» egitea egotzita. 

Egindako adierazpenen harira, Zurabixvli fiskaltzaren aurrean hitz egitera deitu du Georgiako Justizia ministro Rati Bregadzek; haren arabera, ikerketarekin «kooperatu» dezan. Georgiako presidenteak esan zuen atzo, ordea, ez daukala fiskaltzaren aurrean adierazpenik egiteko asmorik. «Egin dezala bakoitzak dagokion lana, presidentearekin kontuak ateratzen ibili ordez», adierazi zuen Zurabixvlik. 

Georgiako Hauteskunde Batzordeak egindako iragarpenaren ondoren, oposizioak protesta bat antolatu du datorren astelehenerako, azaroaren 4rako. Elkarretaratzea egingo dute parlamentuaren aurrean.

Haserrea kaleetan

Azken egunotan kalera irten dira Georgiako milaka herritar, oposizioaren gisan, bozetako emaitzen harira «iruzurra» salatzeko. Protesta gehienak hiriburuan egin dituzte, Tbilisin, Georgiako Parlamentuaren inguruan. 

Bestalde, Demokraziaren eta Hauteskunde Justuen aldeko Nazioarteko Taldea gobernuz kanpoko erakundeak txosten bat atera du gaur. Dokumentu horretan adierazi dute emaitzak «direnak direla» ere «ezin» dituztela Georgiako boto emaileen «lehentasunak» islatu, eta jakinarazi dute bozekin lotutako «irregulartasun askoren frogak» bildu dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.