Georgia, errusiar mundurantz lerratuta

Georgiarentzat, Errusia da, auzo herrialderik handiena ez ezik, beldur iturririk handiena ere. Tbilisik 'Atzerriko eragileen legea' onartu izana garaipen txiki bat da Kremlinentzat.

Onartu duten legearen kontra Tbilisin egindako manifestazio bat, joan den maiatzaren 14an. DAVID MDZINARISHVILI / EFE
Onartu duten legearen kontra Tbilisin egindako manifestazio bat, joan den maiatzaren 14an. DAVID MDZINARISHVILI / EFE
Alex Bustos
Mosku
2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

«Ongi etorri errusiar mundura». Besteak beste, lelo hori erabili izan dute Georgiako gardentasun legearen kontrako manifestariek. Atzerriko eragileen legea ere esaten zaio lege horri, Errusiako legediaren antza duelako. Maiatzaren 14an onartu zuten, eta, indarrean sartzen denean, finantzaketaren %20 gutxienez beste herrialde batzuetatik jasotzen duten entitate guztiek —izan gobernuz kanpoko erakundeak, izan komunikabideak— publikoki jakinarazi beharko dute hori, eta «atzerriko potentzia batek finantzatutako erakundearen» etiketa jarriko zaie. Agerikoa da zeinen konnotazio txarrak izango dituen etiketa horrek. 2023an ere saiatu zen Georgiako Gobernua halako lege bat onartzen, baina atzera egin zuen azkenean.

Errusiaren aldeko joera hori ez dator bat georgiar gehienen nahiarekin: gehienek hortz eta bihotz babesten dute Kiev, eta Europako Batasunaren eta NATOren parte izan nahi dute. Boluntario ugari dabiltza kausa horren alde lanean eta dirua biltzen, eta Georgiako hiri asko Ukrainako banderaz josita daude. Oraingoz, Tbilisin agerian geratu dira herritarren lehen erreakzioak, kaleak bete baitituzte Georgiako Gobernuarekin ados ez daudela adierazteko. Errusiaranzko joerak tentsioan jarri du gobernuaren eta oposizioaren arteko harremana —horren erakusgarri, parlamentuan oposizioko buru Aleko Eliaxvilik muturreko bat jo zion Amets Georgiarra alderdi ofizialistako ordezkari bati, Mamuka Mdinardzeri—. Horrexegatik, ofizialismoaren eta Salome Zouraxviliren harremana ere ez dago bere onenean. Eta lege horren ondorioak nabariak izango dira parlamenturako urriaren 26ko hauteskundeetan. Kaukasoko herrialde txiki horretan lurrikara politiko eta soziala sortu da, baina lege hori oraindik harago doa.

Auzo herrialdea haserretu nahi ez

«Eskertzen diogu Georgiari Errusia ez molestatzea», esan zuen Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek 2023an. Badirudi horixe dela Georgiako Gobernuaren araua 2022an gerra hasi zenetik. Errusiaren mugan dauden beste herrialde europar batzuez bestera, Georgiak ez die inolako hesirik eta mugarik jarri Errusiako herritarrei, eta ia urte guztia eman dezakete Georgian bisa baten beharrik ere gabe. Zigor ekonomikorik ere ez diote ezarri Errusiari, eta, are gehiago, 2023an bi herrialdeen arteko hegaldiei berrekin zieten, 2019tik arrazoi politikoengatik bertan behera egon ondoren.

Sobietarren mendekoa izandako eskualdea garai gorabeheratsuan dago, eta Mosku ahaleginak eta bi egiten ari da Mendebaldera hurbildu nahiago izan duten ardi galduak berriz bereganatzeko eta ingurukoek ihes egin ez dezaten. Bielorrusia inoiz baino leialagoa zaio oraintxe, eta Asia erdialdeko herrialdeak haren menpe daude gutxi-asko; beraz, Kremlin lasai samar dago. Kirgistanek ere —Asiaren bihotzeko stan herrialderik demokratikoenak— Errusiaren bideari jarraitu dio, eta, azken urteetan, autoritarismoa handitu du, halako moldez non atzerriko eragileen lege bat onartu baitu hark ere, Errusiaren uberan.

Georgiarren %80 inguru daude EBko kide izatearen alde, baina orain arriskuan dago aukera hori: EBko kide bihurtzea.

Hori dela eta, hegoaldeko auzo herrialdeekin harremana hobetuta, Errusiak garaipen bat lortu du, eta ez du horretarako giharrik erakutsi behar izan, gainera —2008an, aldiz, bai, Tbilisirekin gerran hasi zenean—. Garrantzitsua da hori, batez ere kontuan hartuta Armeniarekin duen harremana ez dagoela bere onenean. Georgiaren ondoko herrialde horrek ez du garrantzirik nazioartean, baina badu nolabaiteko eragina Eurasiako herrialde hartan, bere diaspora dela eta. Hala eta guztiz ere, Moskuk ez ikusi egin izan dio Erevani, zigor gisa. Izan ere, Moskuk ez zuen begi onez hartu Nikol Paxinian lehen ministroaren gobernuaren hurbilketa, eta horrek, azkenerako, eragina izan du Karabakh Garaiko gatazkan. Izan ere, Errusia neutro agertu da gatazka horretan, eta aitortzarik ez duen herrialde horrek, nazioarteak Azerbaijanen partetzat jotzen duen herrialde horrek, ez du izan Bakuri amore eman beste aukerarik. Ikuspegi aldaketa hori nabarmentzeko, Jankendin kontsuletxe bat jartzea pentsatzen ari da Errusia —huraxe izan zen garai batean Karabakh Garaiko hiriburua: orduan, Stepanakert zuen izena—; hala, lurralde hori Azerbaijanena dela berretsiko luke. Beste herrialde batzuez bestera, Baku ez dago Moskuren hain mendean, besteak beste zenbait akordio eginak dituelako EBrekin eta Turkiarekin, eta energia baliabideak dituelako; orain, Azerbaijanek harreman hobea duenez Errusiarekin, Moskuk ez du zertan beldurrik izan Kaukason luze gabe bere interesen kontrako tentsiogune nabarmenik piztuko ote den.

Europarako bide bihurria

Gardentasun legeak, atzean duen guztiagatik, alarma guztiak piztu ditu Bruselan. EBk, 2023an, oniritzia eman zien Georgiak, Moldaviak eta Ukrainak Batasuneko kide izateko aurkeztutako hautagaitzei. Hiru estatu horiek aldaketa handiak egin beharko dituzte Batasunaren parte izan nahi badute, baina lanean hasiak dira beren ekonomia hobetzeko, ustelkeria apaltzeko eta oligarka nazionalen botereari buru egiteko.

«Lege hau onartu izanak eragin txarra izango du Georgia EBrantz egiten ari den aurrerabidean. Georgiaren esku dago erabakitzea zer bide hartu», esan zuen Josep Borrell EBko Atzerri Politikako buruak, legea onartua izan eta biharamunean. EBk gogor kritikatu du Tbilisik atzerriko eragileen legea onartu izana, eta eskatu dio atzera bota dezala neurri hori, EBren funtsezko balio eta legeen kontrakoa delakoan. Georgiarren %80 inguru daude EBko kide izatearen alde, baina orain arriskuan dago aukera hori.

Ukraina eta Moldavia kontrako bidea hartuta daudela, Tbilisi EBranzko bidetik urruntzea garaipena da Errusiarentzat, baita berme bat ere, Georgiak oraingoz behintzat Estoniaren, Letoniaren eta Lituaniaren bidea hartuko ez duelako bermea, hiru estatu horiek EBn eta NATOn sartu baitziren bere garaian. Horixe da Kremlinen beldurrik handienetako bat, eta ia-ia 1991tik, hots, sobietar blokea erori zen urtetik, ahalegina egin du SESBen parte izan ziren herrialdeetan eragina izateko, aurrerantzean ere nazioartean eragile garrantzitsua izateko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.