Georges Ibrahim Abdallahk inoiz baino gertuago du kartzelatik ateratzea

Libanoarrak 40 urte daramatza Frantzian kartzelatuta; Europan espetxeratuta denbora gehien daraman preso politikoa da. Auzitegi batek bihar ebatziko du aske utziko duen ala ez.

Abdallahren aldeko manifestazio bat, Parisen, iazko abenduan. TERESA SUAREZ / EFE
Abdallahren aldeko manifestazio bat, Parisen, iazko abenduan. TERESA SUAREZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko otsailaren 19a
05:05
Entzun

14.728 egun daramatza preso Georges Ibrahim Abdallahk Frantzian. Hau da, 40 urte, hiru hilabete eta 26 egun igaro ditu gatibu Palestina Askatzeko Herri Fronteko (FPLP) eta Libanoko Frakzio Armatu Iraultzaileko (FARL) kide izandakoak; eta, gauzak horrela, Europan espetxeratuta denbora gehien daraman preso politikoa da. Frantziako auzitegi batek bihar ebatziko du Abdallah aske utziko duen ala ez.

1984an atxilotu zuten Abdallah, Lyonen (Frantzia), dokumentu faltsuak gainean izatea egotzita. Hiru urteren buruan, ostera, hil arteko kartzela zigorra ezarri zioten 1982an AEB Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentrala eta Israelgo Mossad zerbitzu sekretuetako agente banaren hilketetan parte hartzea egotzita. 1999tik, hala ere, eskubidea izan du aske utz dezaten eskatzeko.

Zortzi aldiz eskatu du espetxetik irten ahal izatea; auzitegiek, baina, beti atzera bota dituzte haren eskaerak. Iazko azarora arte: Frantziako Zigorrak Aplikatzeko Epaitegiak agindu zuen hura baldintzapean aske uzteko; betiere Frantziatik alde egiten badu eta inoiz itzultzen ez bada. Gobernuak ez zuen erabakia begi onez ikusi, eta Terrorismoaren Aurkako Frantziako fiskalak helegitea jarri zion ebazpen horri. Bihar erabakiko dute azaroan ebatzitakoa indarrean sartuko ote duten.

Hugo Minviellek iritzi dio Israelen aurkako eta «zapaldutako herrien erresistentziaren» ikur bihurtu dela Abdallah. Frantziako ezker iraultzailearen eta Palestinaren aldeko Urgence Palestineelkarteko kide da Minvielle, eta goraipatu du azken berrogei urteko espetxealdian Abdallahk «bere ideiak alde batera utzi ez izana».

«Israelentzat eta AEBentzat, inperialismoaren eta kolonizazioaren aurkako erresistentziaren erantzuleetako bat da [Abdallah]»

HUGO MINVIELLEUrgence Palestine elkarteko kidea

Abdallahk inoiz ez ditu bere gain hartu leporatzen dizkioten hilketa horiek, baina babestu egin ditu, «ekintza antiinperialistatzat» jo baititu. Hori dela eta, hainbatek defendatzen dute bere pentsamendu politikoengatik dagoela espetxeratuta, baita berak ere. Hala argudiatu zion BERRIAri emandako elkarrizketa batean, duela hamar urte: «Existitzen ez den delitu bat aplikatu didate: iritzietan oinarritutako arriskua».

Abdallah preso politikoa denez gero, haren aldeko hamaika aldarrikapen egin dituzte, eta manifestariek hainbatetan hartu dituzte karrikak hura kartzelatik askatu dezaten eskatzeko. Frantzian protesta horiek indarra hartu dute azken urteetan, milaka pertsona biltzeraino. Halere, Minviellek azaldu du Abdallahren aldeko mobilizazioak duela zenbait hamarkada hasi zirela, eta, nabarmendu duenez, mobilizazioetan gehienak ezker iraultzaileko kideak diren arren, «alderdi sozialdemokratak» ere Abdallahren askatasunaren alde agertu dira.

Ekialde Hurbila

Ekintzailearen alde agertzen direnen iritziz, AEBak eta Israel daude Frantziak hainbeste urtez Abdallah kartzelan eduki izanaren atzean; eta ez soilik Abdallahri egozten dizkioten biktimak herrialde horietako herritarrak zirelako, baizik eta «etsai sinbolikoa» delako. «Israelentzat eta AEBentzat, inperialismoaren eta kolonizazioaren aurkako erresistentziaren erantzuleetako bat da. Haientzat, iraina litzateke Georges [Abdallah] aske uztea», azaldu du Minviellek.

Bihar ebatziko duten auzia abenduaren 19an hasi zen, eta hiru egun lehenago AEBetako Justizia Departamentuak gutun bat helarazi zion Parisi. Gutun horretan zera adierazi zuen Washingtonek: Abdallah askatzeak AEBetako diplomazialariak «arriskuan» jarri ez ezik, Ekialde Hurbilean eragin «negatiboa» izan dezakeela. «[Abdallahk] Bere sorterrira itzultzeko nahia adierazi du hainbatetan. Israelen eta Hezbollahren arteko gatazka kontuan izanik, litekeena da eskualdea kolokan jartzea Abdallah askatuz gero, ez baitu inoiz ukatu erresistentzia egiten dionik ‘okupazioari’», jartzen du AEBek Parisi bidalitako gutunean.

Abdallahren abokatu Jean-Louis Chalansetek behin baino gehiagotan esan du AEBen iradokizuna «ergelkeria hutsa» dela, FARLek hamarkadak daramatzalako desagerturik. Abokatuak garrantzirik eman ez arren, Minviellek uste du Ekialde Hurbileko egoera erabakigarria izan daitekeela Abdallahren auzian. «Israelek Gazan egindako sarraski genozidarengatik, ofentsiba mediatiko sionistak gero eta garrantzi handiagoa du Frantziako eztabaida politikoan», gaitzetsi du Urgence Palestine elkarteko kideak.

Gauzak horrela, Minviellek ez du argi Abdallah askatuko ote duten edo, aurreko zortzi aldietan gertatu den legez, kartzelan jarraitzeko aginduko ote dioten, hil arte. Ekintzaileak nabarmendu du iazko azaroan hartutako erabakia berresten ez badute eta preso libanoarrak espetxean jarraitu behar badu, protestak areagotu egingo direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.