Ruandan konstituzioaren erreformaren inguruko erreferenduma dute gaur. Herrialdearen etorkizuna urte batzuetarako baldintza lezake; izan ere, herritarrek onartuz gero, Paul Kagame presidenteak aukera izanen luke 2034ra arte aginteari eusteko. Hain zuzen, Ruandaren hegoaldeko bizilaguna, Burundi, arrazoi bertsuagatik murgildu da gatazka betean, Pierre Nkurunziza presidentea joan den udan berriz ere hauteskundeetara aurkeztu zelako. NBE Nazio Batuen Erakundearen ustez, «genozidio arriskuan» dago herrialdea. Lotura estua duten herrialdeak dira Ruanda eta Burundi; osaera etniko bertsua dute —hutuen eta tutsien lurraldeak dira—, eta paraleloan jasan dituzte etnia horien arteko gerra zibilak eta genozidioak. Gaur egun, ordea, egoera politiko aski ezberdina dute batak eta bertzeak, eta presidenteen agintaldiak luzatzeko asmoek hori erakutsi dute.
Kagamek ez du traba handirik izan konstituzioaren erreforma erreferendumeraino eramateko. Parlamentuak joan den urrian onartu zuen ebazpena. Kagameren aldekoek 3,7 milioi sinadura bildu zituzten eskaria parlamentura eramateko —6,4 milioik dute botoa emateko eskubidea—. Oposizioko Alderdi Berde Demokratikoak auzitara jo zuen ekinbidea gelditzeko, baina ez zioten arrazoia eman.
Orain arte, presidenteek zazpi urteko legegintzaldiak izan dituzte, eta, gehienez, bertze behin aurkeztu zezaketen hautagaitza. Erreforman proposatu dute bortz urtera murriztea legegintzaldia, aurkezteko muga berbera mantenduta. 2024an sartuko litzateke indarrean erreforma. Baina Kagamerentzat salbuespen bat onartzen du. Horrela, 2017an berriz aurkeztu ahalko litzateke zazpi urterako, eta 2024an hutsetik has liteke; beraz, bortz urteko agintaldi banatara aurkeztu ahalko litzateke. Kagame 2000. urtean hautatu zuten presidente, Pasteur Bizimunguk kargua uztean. 2003tik egindako bi hauteskundeak irabazi ditu. Guztira, 34 urte egin litzake boterean.
Kagameren argi-ilunak
Horretarako, hauteskundeak irabazi beharko lituzke, baina, gaurkoz, ez dago itzal egin diezaiokeen inor, Kagame azken urteotan pertsona erabakigarria izan baita Ruandan. 1994an gerra irabazi eta tutsien aurkako genozidioa gelditu zuen RPF Ruandako Fronte Patriotikoa gerrilla tutsiko buruzagia zen. Haren agintepean herrialdeak hazkunde ekonomiko ikusgarria izan du, eta osasunean eta hezkuntzan inbertsio handiak egin ditu. Dena den, oposizioak eta nazioarteko erakunde anitzek kritikatu dute haren kudeaketa. Autoritarismoz agintzea leporatzen diote, eta Ruandaren aberastasunen zati bat Kongoko Errepublika Demokratikoa arpilatzetik lortzea.AEBen aliatu estrategikoa da Kagame, baina Etxe Zuriak kritikatu egin du gaur bozkatuko duten erreformarako proposamena.
Burundik, berriz, 1990eko hamarkadako sarraskiez geroztik bertzelako bilakaera izan du, eta, horren ondorioz, Nkurunzizak oposizio gogorra du. Apirilean adierazi zuen hauteskundeetara berriz aurkeztuko zela, eta, ordutik, borroketan 400 lagun inguru hil dituzte, NBEren arabera. Zied Ra'ad al-Hussein giza eskubideetarako goi mandatariak atzo adierazi zuen ondoko herrialdeetara hedatu litekeela gatazka. Adama Dieng NBEren Genozidiorako Prebentzioaren aholkulariaren ustez, «genozidio arriskua» sortu da Burundin, eta Ruandan 1994an izandakoarekin alderatu du. «Erabiltzen ari diren hizkera berdintsua da. Bereziki, gukora hitza. Lanera erran nahi du kirundieraz, eta Ruandan genozidioa sustatzeko erabili zuten». Diengen arabera, «bi aldeetako liderrek» dute jokabide hori. Nkurunziza hutua da. 2003ko bake hitzarmenera arte, tutsiek monopolizatu zuten agintea.
Genozidioen eraginei lotuta
Ruandan Kagame presidenteari ia hogei urte gehiagoan botereari eustea ahalbidetu diezaiokeen erreformaren inguruan bozkatuko dute gaur.Burundin «genozidio arriskua» dagoela uste du NBEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu