Genozidioa egiaztatu dute Bremenen

Sri Lankako estatua Eelam-eko tamil herriaren genozidioa gauzatzen ari dela frogatutzat eman du Herrien Auzitegi Iraunkorrak Bremenen, eta AEBak eta Erresuma Batua konplizetzat jo ditu.

Bremen
2013ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ebidentzietan oinarrituta, Sri Lankako estatua tamilen aurkako genozidio bat egiten ari dela egiaztatu du Herrien Auzitegi Iraunkorrak. Krimen horretan Erresuma Batuaren eta Ameriketako Estatu Batuen konplizitatea frogatu du. India ere konplizetzat jotzeko zantzuak badaude, baina hori, oraindik ezin izan da egiaztatu.

Abenduaren 7tik 13ra Bremenen (Alemanian) Sri Lankako Genozidioaren Inguruko Herrien Auzitegi Iraunkorraren bigarren saioa egin dute. Akusazioak karguak aurkeztu zituen: Sri Lankako estatua genozidioaren erruduntzat jo zuen, eta Erresuma Batuari, AEBei eta Indiari krimen horren konplize izatea leporatu zien. Bestalde, genozidioak etenik gabe jarraitzen duela salatu zuen.

Aurretik, 2010ean, Dublinen izan zen lehen saioa. Hor egiaztatu zuten Sri Lankako Gobernuak eta bere indar armatuek gerra krimenak —hilketak, desagerpenak, torturak, sexu indarkeria eta zibilen bonbardaketak—, gizateriaren kontrako krimenak —biztanleria zibilaren aurkako nahitako eraso sistematiko eta planifikatua— eta agian genozidioa egin zituztela. Auzitegiak uste osoa izan arren, ezin izan zuen baieztatu genozidioaren akusazioa, artean ebidentzia nahiko ez zeudelako.

Baina Bremeneko saioan, biktima ugarik testigantza ikaragarriak emateaz gain, froga sendoak aurkeztu dituzte genozidio salaketa egiaztatzeko. Horietako batzuek segurtasun arrazoiengatik ateak itxita deklaratu dute, Sri Lankako Gobernuaren mehatxuengatik. Era berean, diplomazialariak, kazetariak eta giza eskubideen aldeko langile batzuek argudio argiak eman dizkiote auzitegiari genozidioa urtetako planifikazioaren emaitza izan zela ziurtatzeko. Halaber, Channel 4 telebista kate britainiarrak ekoitzitako film dokumental bat ikusteko aukera izan da Bremenen: No Fire Zone. Pelikula horrek indar armatuek zibilen aurka egindituzten ekintza izugarrien froga bideografiko eztabaidaezinak erakusten ditu.

Saioak amaituta, aurkeztutako material osoa aztertuta, hamabi epailez osatutako auzitegiak ez du zalantzarik izan: Eelameko tamilen kontrako genozidio baten aurrean gaudela ondorioztatu du. Sri Lankako armadak ez zituen tamilak gizabanako gisa hil, talde nazional baten moduan baizik, taldearen identitatea suntsitzeko helburuarekin, eta, behar izanez gero, bere kideak ezabatu ditu ere. Horrez gain, duela hamarkada batzuetako jazarpen eta sarraskiekin hasitako genozidioa ezin dela amaitutzat jo nabarmendu du auzitegiak, etengabe jarraitzen baitu.

Genozidio horren txikizio handiena 2009an izan zen. Urte horretan, maiatzean, Sri Lankako armadak 40.000 eta 70.000 pertsona bitartean hil zituen, iturri ezberdinen arabera. Horrez gain, Eelameko tamilek urte askotan zehar sortutako egitura sozialak ere guztiz suntsitu zituzten.

Genozidioaren faktoreak

Eelameko tamil herria lehen Zeilan zeritzon Sri Lankako uhartearen iparraldean eta ekialdean bizi da. Uharteko 20 milioi biztanleetatik, hiru milioi eta erdi dira Eelameko tamilak, eta 20.000 kilometro koadroko eremu batean bizi dira, Euskal Herriak duen eremu beretsuan. Kolonia garaian Britainiar Inperioak herri zingalesa lagun hartu zuen uhartearen geopolitika kontrolatzeko, tamilen aurkako diskriminazioa hasiz. Oso ur sakonak dituen Trincomalee portua genozidioaren beste zergati bat da. Tamilen lurraldean dago; Nelson almiranteak «munduko porturik onena» zela esan zuen duela bi mende baino gehiago. Enklabe pribilegiatua da Ekialde Urruna Mendebaldearekin lotzen dituzten nabigazio-bideentzat. XX. eta XXI. mendeetan zehar AEBak eta India ere gatazkara gehitu dira, beraien interes estrategikoak asetzeko. Beste askotan bezala, potentzia inperialistek erakutsi dute bere helburuak lortzeko edozer egiteko gauza direla, inolako eskrupulurik gabe.

Genozidioaren oinarri ideologiko nagusiak, independentziaz geroztik ere, hauexek dira: alde batetik, estatuak uharte osoan duen egitura unitarioa; eta, beste alde batetik, Zeilan estatuari inposatutako chauvinismo zingales budista, hasieran ideologia dominante gisa, eta gero estatuko nazionalitate bakar bihurtuz.

Azken hamarkadetako erresistentziari dagokionez, Eelameko tamil herriak bere burua antolatu zuen bere eskubideak defendatzeko. Mugimendu hori indar handi bihurtu zen, eta Sri Lankako estatua eta haren aliatuak negoziatzera behartu zituen.

Tamil Eelameko Askatasun Tigreak (LTTE) 1976an sortu ziren, urtetako Gandhiren Satyagrahan (indarkeriarik ezaren bidezko erresistentzia) inspiratutako borroka baketsuaren ostean. 1983an borroka armatuari ekitea hautatu zuten arte.

Horrela, borroka luze baten ostean, beraien lurraldearen zati bat askatu zuten, de facto-ko estatu bat sortuz, Tamil Eelam. Eta ezaugarri antikapitalistak zituen gizarte proiektu bat sortu zuten han. Mugimendu gerrillari matxinatu boteretsua eraiki zuten Tamil Tigreek, bere ekintzetan airekoak eta itsas armada erabiltzera iritsi den munduko talde gerrillari bakarra izan baita.

Mugimendua, gaur egun

2002an su-etenaren ondoren, bakerako elkarrizketak hasi zituzten Sri Lankako Gobernuak eta LTTEk. Alabaina, AEBek eta Europako Batasunak erakunde terroristen zerrendan sartu zuten LTTE, eta elkarrizketak bertan behera geratu ziren.

Erresuma Batuak eta AEBek defendatutako paradigma militarra garaile atera zen handik aurrera. Horrenbestez, Sri Lankako Gobernuak edozein gauza egiteko babesa jaso zuen, herri oso bat suntsitzeko ere. Kasu horretan, beste hainbestetan bezala, lege definizioa onartuta ez duen terrorismo hitzak estatuek disidentzia eta herrien kontra erabiltzen duen errepresioa ezkutatu eta errazten du. Bremenen batzartutako Herrien Auzitegi Iraunkorrak hori ere azpimarratu zuen. Tamilen kasuan terrorismo hitzaren erabilera legez kontrakoa mugimendu politikoa izendatzeko eta hedaduraz herri oso bat kriminalizatzeko besterik ez da erabili.

Gaur egun Eelameko tamil herriak ez du amore eman, oraindik Sri Lanka uhartetik justizia eskatzen du ozenki, eta bere burua berriro antolatzen hasi da. Munduko beste lekuetan ere iheslariz osatutako diasporak herri gisa desagertzeari uko egiten dio, eta aldi berean eskatzen dute, aldarrikatzen dute eta exijitzen dute, gizaki gisa eskubide indibidualen errespetua, eta Tamil Eelameko herri gisa, eskubide kolektiboak errespetatuko dituen irteera negoziatu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.