Bosnia eta Herzegovinan errealitate bihurtu ziren, ostera, gerraren bulkadarik krudelenak. Agintari elite batek xehatutako indarkeria planek muturrera gidatu zuten serbiarren, kroaziarren eta bosniaken arteko etsaitasuna. Europara genozidioa itzuli zen berriro, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta ia mende erdi geroago, 1992. urtetik 1995.era. Hiru etnietako herritarrek jasan zituzten gerra krimenak, baina bosniakak izan ziren biktima zibilen %83.
AURREKO EGOERA
Bosnia Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren parte zen 1992. urtearen hasieran, baina, 1980ko hamarkadatik, ildo independentista sendotzen ari zen, Jugoslaviako krisi ekonomikoak eta ildo nazionalisten indartzeak bultzatuta.
Bosnia eta Herzegovinan hiru komunitate bereiz zitezkeen gerraren aurretik: bosniakak (%43,7), serbiarrak (%31,3) eta kroaziarrak (%17,3). Identitate etniko horiek estuki lotuta daude joera erlijiosoekin: bosniarren %90 ziren musulmanak, serbiarren %93 kristau ortodoxoak eta kroaziarren %88 kristau katolikoak. Zatiketa politikoa ere sakona zen, 1990eko bozetan baieztatu zenez. Hiru alderdi nagusitu ziren, horietako bakoitza komunitateetako baten ordezkari. Hala, hiru alderdien artean banatu zuten botere instituzionala, eta koalizioan eratu zuten gobernua.
Elkarlana ez zen batere erraza izan. 1991n, Alderdi Demokratiko Serbiarrak eskualde autonomoak aldarrikatu zituen herrialdearen ekialdean, eta bere ordezkariak erretiratu zituen Bosnia eta Herzegovinako Parlamentutik. Kroaziarrek ere bide beretik jo zuten, eta eremu autonomoak aldarrikatu zituzten demografikoki nagusi ziren eskualdeetan.
Bosnia eta Herzegovinako independentistek beren helburu politikoa lortzeko aukera ikusi zuten 1992ko urtarrilean, Europako Komunitateak —Europako Batasuna bihurtu zenak— Kroaziaren eta Esloveniaren independentzia aitortu zuenean. Bosniakek gidatutako gobernuak independentzia erreferendum bat egin zuen 1992ko otsailaren 29an eta martxoaren 1ean. Alderdi serbiarrak boikotera deitu zuen, baina parte hartze orokorra bi heren ingurukoa izan zen, eta ia boto emaile guztiek egin zuten independentziaren alde (%99,43).
GERRAREN LEHEN URTEAK
Bosniaren independentziak Europako Komunitatearen aitortza jaso zuen egunean hasi zituzten erasoak indar paramilitar serbiarrek, Sarajevon, 1991ko apirilaren 6an. Laster batu zitzaizkien Bosniako Serbiar Errepublikaren indarrak eta Jugoslaviako armadako zenbait unitate. Aste gutxiren buruan, lurraldearen bi heren zituzten kontrolpean, eta garbiketa etnikoari ekin zioten: beren lurretatik bidali zituzten milaka musulman, beste milaka hil zituzten, eta emakumeak sistematikoki bortxatu.
Bosnia eta Herzegovinako Gobernuari egoera zaildu zitzaion hurrengo hilabeteetan. 1992ko uztailean, Herzeg-Bosnia Komunitatea eratu zuten kroaziarrek Zagreben babesarekin, eta horrek gatazka eragin zuen Bosniako Gobernuaren eta indar kroaziarren artean. Kroaziarrek ere bosniarren kontrako garbiketa etnikoa bultzatu zuten, besteak beste Lasvako haranean. Gerra 1994ko otsailean eten zuten, eta bi aldeak federazio batean batu ziren.
Hilabete berean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Bosniako serbiarren hegazkin bat suntsitu zuen, NBE Nazio Batuen Erakundearen hegaldi debekua urratu zuela eta. Aliantza serbiarren kontrolpeko lurraldeak bonbardatzen hasi zen.
JOERA ALDAKETA
Gerraren mugarria 1995. urtea izan zen. Bosniako indar serbiarrek erasoak hasi zituzten NBEren zaintzapeko «eremu seguruetan». Besteak beste, Srebrenica okupatu zuten uztailean, eta 8.000 bosniak inguru hil zituzten. Urte bereko abuztuan, bost lehergailu jaurti zituzten morteroekin Sarajevoko Markale merkatura—hiriburua setiatuta zegoen gerra hasi zenetik—. 47 zibil hil ziren, eta, erasoaren ostean, NATOk aire erasoak areagotzea erabaki zuen. Aldi berean, bosniaken eta kroaziarren erasoek mendebaldeko eskualde batzuk bereganatzea lortu zuten.
BAKE ITUNA
Egoerak negoziaziora behartu zituen serbiarrak. 1995eko azaroaren 21ean, Daytongo Akordioa sinatu zuten, AEBen bitartekaritzarekin. Adostu zuten Bosnia eta Herzegovina estatu federal bat bihurtzea, bi eremutan bereizita: batetik, Bosnia eta Herzegovinako Federazioa, eta, bestetik, Bosniako Serbiar Errepublika. Bien menpe dago Brcko eskualde autonomoa. NATOk 60.000 soldadu bidali zituen, bake akordioa betetzen zela ziurtatzeko.
HILDAKOEN KOPURUA
Bosniako Gobernuaren hasierako kalkuluen arabera, lau urteko gerrak 200.000 hildako eragin zituen herrialdean. Geroago egin diren beste ikerketa batzuek—tartean Sarajevoko Ikerketa eta Dokumentazio Zentroak 2007an argitaratutakoa— ondorioztatu dute hildakoak 100.000 inguru izan zirela. Dokumentazio zentroaren arabera, hildako zibilen %83 bosniakak izan ziren, %10 serbiarrak, eta %5 kroaziarrak.
GERRA KRIMENAK
NBEk Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegia sortu zuen 1993ko maiatzean. Ebatzi zuenez, indar serbiarrek eta kroaziarrek garbiketa etnikoa gauzatzeko plan zehatzen arabera jokatu zuten, beren agintarien esanetara. Indar bosniarretako zenbait arduraduni ere leporatu zizkien zibil serbiarren aurkako gerra krimenak, baina akusaziorik larrienak Serbiako eta Bosniako Serbiar Errepublikako agintarien kontrakoak izan ziren. Batez ere, Srebrenicako sarraskiarengatik eta Sarajevoko setioarengatik.
Slobodan Milosevic Serbiako presidente ohia espetxean hil zen 2006an, haren kontrako epaiketa amaitu gabe zegoela. Radovan Karadzic Bosniako Serbiar Errepublikako buru ohia eta Ratko Mladic Bosniako Serbiar Errepublikako armadaren buru zena bizi guztiko espetxe zigorra betetzen ari dira, genozidioagatik eta gerra krimenengatik.
Bosniako indar serbiarrek 20.000 emakume musulman baino gehiago bortxatu zituzten, baina auzitegiak ez zituen epaitu abusu horiek. Bosniako gerraren harira, nazioartean zenbait neurri adostu zituzten bortxaketa gerrarako arma gisa erabiltzen denean hura zigortzeko.
Bosniako gerrak 30 urte. Nondik-norakoak
Genozidioa berriz Europan
Garbiketa etnikoak ezaugarritu zuen Bosniako gerra (1992-1995). Azken datuen arabera, 100.000 lagun hil zituzten, eta 20.000 emakume baino gehiago bortxatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu