Argentinako azken diktadura militarreko genozidetako baten semeak, Pablo Vernak, gizateriaren kontrako krimenen epaiketa batean deklaratu zuen lehen aldiz, apirilean. Verna abokatua da, eta giza eskubideen arloan diharduen abokatu talde bateko kidea. Julio Verna mediku militarra zuen aita, eta hark kontatu zion heriotzaren hegaldi deitutakoen biktimak anestesiatzen aritu zela, baina legeak ez dio modurik ematen aita salatzeko.
2017. urtean Historia Desobedienteak kolektiboa sortu izanak Argentinako memoria, egia eta justizia prozesua inarrosi zuen berriz. Izan ere, genoziden seme-alabek eta senideek osatzen dute kolektibo hori, eta denek arbuiatzen dute beren familiartekoek egindakoa. Mariana Dopazok paratu zituen joko arauak zalantzan lehenik, hilabete batzuk lehenago, aita arbuiatzeaz gain —Miguel Etchecolatz, diktadurako pertsonaiarik makurrenetakoa— auzitara jo baitzuen, eta abizena aldatu ere bai.
Genoziden senideak gehien lantzen ari diren gaietako bat, hain zuzen, zera da, hurbileko ahaideen eta ondorengoen kontra deklaratzea debekatzen duen legea aldatzea. Pablo Vernak, abokatua izaki, urteak daramatza Zigor Kodea aztertzen, eta lege proiektu bat ondu eta aurkeztu du kideekin batera, baina oraindik onartzeko dago.
Zein da Pablo Vernaren historia?
Urteak aitzinera joan ahala, eta poliki-poliki —nire familiari buruz aditzen nituen gauzak zirela medio—, aitak genozidioan parte hartu zuelako susmoa handituz joan zitzaidan, presuntzio ia ukaezin bihurtzeraino. 2013an, amak eta aitak izandako tirabira baten harira, amak nire arrebetako bati kontatu zion aitak zer krimen egin zituen diktadura garaian: bahiketa batzuetan parte hartu, eta heriotzaren hegaldien biktimak ziztatu zituen.
Arrebak niri kontatu, ni aitarekin elkartu, eta hark aitortu zidan egia zela. Ostatu batean izan genuen elkarrizketa hura: hagitz tirabiratsua izan zen, eta hiru ordu eta erdi iraun zuen. Hasieran, dena ukatu zuen; gero, erran zidan nahi izanez gero amaren bertsioa sinesteko, eta, azkenean, dena onartu, eta xehetasunak kontatzen hasi zitzaidan.
Zer gertatu zen gero?
Pablo Llonto abokatuarekin elkartu, Giza Eskubideen Idazkaritzan salaketa aurkeztu, eta idazkaritzak San Martingo 2. Epaitegi Federalera igorri zuen salaketa hori, Alicia Vence buru duen epaitegira. Nahiz eta salaketa kontuan hartu zuten instrukzioan, aita ez zuten sekula deitu ikerketa deklarazioa egitera, eta, noski, auzipetu ere ez zuten egin.
Nola eragin zizun aitak halako aitortza egin izanak?
Hagitz garrantzitsua izan zen, ohartzen bainintzen egunen batean aita hilko zela eta ez zuela kontatuko aitzinetik kontatu gabekorik, eta arrunt deseroso nengoen horrekin. Halako batean, 2008an edo 2009an, deserosotasun hori kezka bihurtu zen, konturatu bainintzen kriminalitatea zegoela genozidioan parte hartzearen gibelean, eta orduan erabaki nuen aitarekin solas egin behar nuela.
Jakin beharra nuen zer gertaeratan parte hartu zuen eta zer egin zuen zehazki. Gogoan dut 2009an, jada argi nuenean aitak genozidioan parte hartua zuela, haserre deitu zidala, etengabe galdeka nenbilelako, eta zera erran zidan: «Zergatik zabiltza galderak egin eta egin? Ez galdetu deus gehiago, ez baitizut ez datarik, ez tokirik, ez inoren ez deusen daturik emanen, ezta torturatzen banaute ere». Behin hori adituta, ez zaizu duda izpirik gelditzen.
Ikuspegi indibidualetik begiratuta, haren aitortza hagitz garrantzitsua izan zen, baina memoriaren, egiaren eta justiziaren aldeko borroka hau kolektiboa da.
«Gogoan dut 2009an, jada argi nuenean aitak genozidioan parte hartua zuela, haserre deitu zidala, etengabe galdezka nenbilelako»
Nola bat egin zenuen Historia Desobedienteak taldearekin?
Tira, jada ez naiz Historia Desobedienteak taldeko kidea. Talde horretan ibilia naiz, baina desadostasun hagitz handiak izan genituen, eta, orduan, Biltzar Desobedientea sortu genuen. Memoriaren, egiaren eta justiziaren alde lan egiten dugu bi mugimenduetako kideek, baina kontzeptu eta helburu arrunt desberdinak ditugu.
Abokatua zara, eta, preseski, erabaki zenuen giza eskubideetan espezializatutako Pablo Llonto abokatua buru duen taldearekin bat egitea. Zer erranahi du zuretzat pauso hori eman izanak?
2013. urtearen hondarrean graduatu nintzen, eta orduan, bulkada izugarri indartsua sumatu nuen egin behar nuela sentitzen nuen hori egiteko. Zaila zait hitzez adieraztea zer den niretzat Pablo Llontorekin lan egitea, norentzat-eta Vesuvio eta Puente 12 Batzordeko biktimentzat, bizirik iraundakoentzat eta senideentzat. Batzorde historiko hori Vesuvio eta Puente 12 izeneko atxilotze eta deuseztatze zentroetan izandako kasuak ikertzen aritzen da.
Auzi horri dagokionez, bete-betean inarrosi ninduen desagertuen seme-alabek jasandakoari buruzko testigantzekin lan egin behar izateak; hagitz modu berezian eragin zidan horrek.
Genoziden seme-alabak lantzen ari diren gaietako bat zera da, legea aldatzea, indarrik gabe uzteko hurbileko ahaideak eta ondorengoak salatu eta haien kontra deklaratzeko debekua. Zertan da auzi hori?
Proiektua parlamentutik kanpo gelditu da. Hori gertatzen da Kongresuan lege bat bozkatu eta ganberaren batek ez duelarik onartzen urte parlamentarioaren barrenean. Izan ere, ez dago borondate politiko aski hura aitzinera ateratzeko. Bere garaian, debekuak aldatzeko aurkeztu genuen proiektu hori, uste baitugu ez lieketela eragin beharko gerra krimenei, gizateriaren kontrakoei eta genozidioei.
Krimen horiek gizateria osoari eragiten diote, eta genoziden seme-alabek aukera izan behar genuke epaiketetan deklaratzeko, gizateriaren kontrako krimenek guri ere eragin baitigute; horretarako aukerarik ez ematea gu gizateriatik kanpokotzat jotzea litzateke.
Bukatzeko, eta hauxe da argudio guzien artean nagusia, giza eskubideen arloko nazioarteko zuzenbideak ezartzen du estatuak behartuak daudela gizateriaren kontrako krimenak prebenitzera, epaitzera eta zigortzera, eta, beraz, estatuetako barne legediak trabak paratzen baldin baditu helburu horiek betetzeko, estatu horiek, nolabait, ez dituzte betetzen beren nazioarteko betebeharrak.