Genero aferak, egungo politikaren erdigune, ezker zein eskuin

Eskuin muturrak genero gaiak bere intereserako nola erabiltzen dituen salatu dute hainbat adituk EHUren Donostiako campusean; esaterako, feminismoaren aldarriak erabiltzen ditu immigrazioaren aurka.

Ezkerretik hasita bigarrena da Alabao; hirugarrena Gutierrez, eta laugarrena Gotz. Azaroaren 28an, EHUren Donostiako campusean. BERRIA
Ezkerretik hasita bigarrena da Alabao; hirugarrena Gutierrez, eta laugarrena Gotz. Azaroaren 28an, EHUren Donostiako campusean. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abenduaren 11
05:05
Entzun

«Asaldura moral handia loratzen dutelako dira egungo politikaren erdigunea genero aferak; izan ere, herritarrak mugiarazteko gaitasun handia dute». Hala azaldu zuen Ctxt aldizkariko kazetari eta ekintzaile feminista Nuria Alabaok eskuin muturra generoari lotutako diskurtsoekin gehiago aritu izana. «Historikoki ezkerrarenak izan diren debateetan sartu da eskuin muturra.  Gaur egun, eremu politikoan eta eztabaida publikoan lehian ari dira hainbat ideologia», nabarmendu zuen. Izan ere, ezkerraren —eta bereziki feminismoaren— zenbait aldarri bere egin ditu eskuin muturrak; Alabaok adierazi zuenez, baina, bestelako helburu bat dute: «Polarizazioa hauspotzea».

Antifeminismoa eta arrazismoa. Gorroto-delituak bandera politiko gisa mahai ingurua antolatu zuen Medicus Mundik EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako campusean, azaroaren 28an, eta, bertan kazetariak azaldu zuenez, aldarri horiek «gizarteko arazoak sinplifikatzeko» erabiltzen ditu eskuin muturrak: immigrazioa, esaterako.

Eskuineko mugimenduek eta alderdiek feminismoaren aldarria den berdintasuna, gizonen eta emakumeen artekoa, erabiltzen dute etorkinen aurka egiteko: «Batez ere, musulmanen aurka egiteko. Eskuin muturreko ekintzaileek argudiatzen dutenez, haiek emakumeei jazartzen diete, Europan ez bezala». Judith Gotzek zenbait argudio eman zituen eskuin muturrak orain darabilen ideia horren aurka: «Gizonen arazo estruktural bat da indarkeria, ez migranteen kulturarena. Indarkeria maskulinitatearekin dago erlazionatua mundu osoan».

«Historikoki ezkerrarenak izan diren debateetan sartu da eskuin muturra»

NURIA ALABAO'Ctxt' aldizkariko kazetaria

Zientzia Politikoetan doktorea da Gotz, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaz eskuin muturrak egiten duen erabilera diskurtsiboa aztertu du. Bereziki, Austriako testuinguruari erreparatu zion Donostian egindako mahai inguruan. Iragan irailaren 29an, Austriako Parlamenturako bozetan FPO eskuin muturreko alderdia gailendu zen, botoen %29,2 lortuta. Alderdi hori ez dago gobernuan, baina «argi utzi dute mugimendu arrazistak eta feminismoaren aurkakoak gai direla herritarrak erakartzeko», Gotzen iritziz.

Feminismoari eraso

Europako beste mugimendu «etnonazionalistek» legez, Austrian ere immigrante musulmanek emakumeen aurka egiten duten ideia zabaldu du eskuin muturrak. FPOren diskurtsoak, ostera, feminismoaren aldarri historikoak erabiltzeaz gain, eskuin muturrak feminismoaren aurka nola egiten duen azaltzeko bide ematen du, Gotzen ustez. Alderdi horiek adierazi dute Europan jada emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna «guztiz» lortu dela  eta, hortaz, egungo feminismoa «gizonen aurkako mugimendu bat» dela.

«Mugimendu arrazistak eta feminismoaren aurkakoak gai dira herritarrak erakartzeko»

JUDITH GOTZZientzia Politikoetan doktorea

Politologoak nabarmendu duenez, Austriako eskuin muturrak, gainera, lelo gisa erabiltzen du feminismoak «familia suntsitu» nahi duela —beste hainbat herrialdetan ere antzera jokatzen dute ultrek—. FPOren eta haren inguruan dauden mugimenduen arabera, egungo feministek «familia suntsitu» nahi dute, aita eta ama eredutik at bestelakoak ere egon daitezkeela proposatzen dutelako. Familia tradizional eta «heteroarauan» oinarritzeak bide ematen dio bestelako errealitate eta komunitateen aurka egiteko; LGTBI komunitatearen eskubideen aurka, adibidez: «Sexu bereko ezkontzen aurka egin dute kanpaina, horrek familia suntsitzen duela argudiatuta».

FPO alderdiko buruzagi Herbert Kickl iraileko hauteskundeetan izandako emaitzak ospatzen. FILIP SINGER / EFE
FPO alderdiko buruzagi Herbert Kickl iraileko hauteskundeetan izandako emaitzak ospatzen. FILIP SINGER / EFE

Gotzek esan zuenez, familiaren aldeko mezuen xedea feminismoaren aurkako argudioak areagotzea da, «emakumeen aurkako ekintzailetzat» jotzeraino.

Alderdi politikoek estatuen organoetara eramaten dituzte ideia horiek, baina, Alabaok ohartarazi zuenez, horien atzetik hamaika talde eta ekintzaile daude. Horiek, gainera, «askoz erradikalagoak» dira, eta «oso erreakzio bortitza eragin dute hainbat eskubideren aurrerapausoen aurka»; abortatzeko eskubidea, esaterako. Gotzek gaineratu zuen Austrian abortuaren aurkako ekintzak nabarmen areagotu direla azken urteetan: «Fundamentalista kristauek mila gurutzeen mobilizazioak antolatu dituzte abortatzeko eskubidearen aurka protesta egiteko».

Aurka egiteko garaia

Alabaok nabarmendu zuen «larria» dela talde horien aurka ez egitea: «Gehiengoa eskubide horien alde dago, baina, talde horiei ez badiegu aurka egiten, botere handia lor dezakete, hainbat kolektiboren eskubideak ezeztatzeraino». Manuela Ramos Peruko Mugimendu feministako kide Rocio Gutierrezen ustez, ideia horiei aurre egiteko, aurrena feminismoari berari begiratu behar zaio: «Autokritika egin behar dugu. Ezkerra askotan ez da gai izan feministon zenbait eskaerari erantzuteko, traizionatu gaituztela sentitzeraino».

«Borroka feminista ezin da borroka demokratikotik aldendurik egon»

 ROCIO GUTIERREZ Manuela Ramos Mugimendu feministako kidea

Horiek horrela, adierazi zuen talde feministak batzeko garaia heldu dela, eta haien kasua jarri zuen mahai gainean: «Gure protagonismoak alde batera uzten ikasi behar dugu. Gure koalizioak indartzeko, amankomunean jarritako agenden gainean lan egin behar dugu». Gutierrezek azaldu zuenez, Peruko mugimendu feministak harreman estuak ditu herrialdeko mugimendu indigenekin, bereziki talde horietako emakumeekin. Feminismoaren eskariekin bat egiteaz gain, emakume horiek lurrarekin lotutakoak ere badituzte. Horregatik, nabarmendu zuen batzuetan pauso bat atzera eman eta horiei ere erreparatu behar dietela. «Borroka feminista ezin da borroka demokratikotik aldendurik egon».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.