Ana Pontonek (Sarria, Galizia, 1977) presidente gisa ikusten du bere burua. BNG Bloke Nazionalista Galiziarreko presidentegaiak bere gobernu proposamena aurkeztu zuen Santiagoko hotel berean hartu du Nós Diario.
Kanpainan joera bera erakutsi dute inkesta guztiek: beherantz doa PP, eta gorantz BNG. Zer iritzi duzu zuk?
Inoiz baino ilusio handiagoarekin bizi dugu kanpaina, aldaketarako izugarrizko gogoa dago, eta seguru nago igandean aldaketarako botoa emango dutenek bat egingo dutela BNGrekin; geldiezinak izango gara, eta, lehen aldiz, BNGko presidente bat egongo da. Batek baino gehiagok esan digu inoiz BNGri bozkatu ez dioten askok hauteskunde hauetan egingo dutela lehen aldiz. Nahiko nuke horiek ilusioz bozkatzea, sinetsiz boto horrek beren bizitzak hobetzeko balioko duela. Herrialde honetarako proiektu berri bat jarriko dugu martxan.
Atzean utzi behar ditugu Galizia txiki egin duten PPren agintaldiko hamabost urteak: biztanle gutxiago, industria gutxiago, gazte gutxiago (200.000 gaztek atzerrira jo dute). Handitu duten bakarra zor publikoa izan da, eta hori osasun zerbitzuetan eta hezkuntzan murrizketak egiten zituzten bitartean. Orain, aski dela esan du herriak, eta badaki etorkizun hobe bat lortzeko botoa BNGren aldekoa dela. Aldaketaren aldeko botorik galtzen ez bada, aldaketaren aldeko botorik etxean geratzen ez bada, otsailaren 18an udaberria helduko da Galiziara.
Demoskopian adituak direnek gakotzat jotzen dute jendeak parte hartzea eta botoak pilatzea.
Gakoa da garai honetan gertatzen ari dena irakurtzen jakitea: aukera dugu akituta dagoen eta aurrera egiteko ideiarik gabe geratu den gobernu bat atzean uzteko, lehen aldiz, BNGk eskura baitu herrialde honetako presidentetza.
«Aldaketaren aldeko botorik galtzen ez bada, otsailaren 18an udaberria helduko da Galiziara».
43 urte hauetan, sei presidente izan ditugu, denak gizonak, eta guztiak estatuko indarretakoak, eta ez zuten lortu Galizia beharrezko tokian jartzea. Bada garaia emakumezko presidente bat izan dezagun, BNGkoa, proiektu handi bat eta herriaren konfiantza dituena. Herri honen harrotasuna altxatuko duen presidentea izan nahi dut.
Inkesten arabera, hautesleen %20k ez dute argi nori bozkatu, eta erabakia azken egunetan hartuko dute. Zer esango zenioke PPri edo BNGri bozkatu zalantzan dagoen norbaiti?
Ikusi beharko litzateke inkestek dioten adina dauden zalantzan; hala ere, batzuek kanpainan erabakitzen dute nor bozkatu, eta kanpainak erabakigarriak dira. Pertsona horri esango nioke, apalki, aukera bat emateko hobeto egin genezakeela frogatzeko. Gerta liteke zenbaitek, borondate onez, erabakitzea PPrengan sinestea, baina argi dago zer-nolako Galizia utzi digun PPk: murriztutako osasun zerbitzuak dituen Galizia bat, zeinak lehen arretan itxaron zerrenda luzeak dituen, eta non 11.000 haur pediatrarik gabe dauden; industrian lanpostuak galtzen ari den herria, baita autonomoetan ere, eta nekazaritzan eta arrantzan; herri bat non gazteek kanpora jotzen duten, eta krisi demografikoa gero eta okerragoa den. Hori da PPk eskaintzen duena, betikoa.
Osasun sistema da herritarren kezka nagusietako bat, CISen inkestaren arabera. Zer neurri proposatzen dituzue alor horretan?
Inkesta horretatik arreta eman zidaten gauzetako bat izan zen Xuntako gobernua zela herritarren kezken artean laugarrena, eta hori argazki bat da: PPren gobernua arazo bat bilakatu da Galiziarentzat.
Osasun publikoa berreskuratu nahi badugu, gobernua aldatu behar dugu, PPk helburu bat baitu: publikoa den oro hondatzea, pribatuari mesede egiteko. Lehen arretarako erreskate plan bat jarriko dugu martxan, 200 milioirekin; eredua aldatuko dugu, legegintzaldia amaitzerako osasuneko aurrekontuen %25 lehen arretan erabil daitezen eta espezialista gehiago egon daitezen osasun zentroetan, adibidez, psikologo klinikoak, jende askok baititu buru osasuneko arazoak, eta, gaur egun, antidepresibo kaxa bat da duten bakarra.
Zeintzuk lirateke presidente gisa hartuko zenituzkeen lehen neurriak?
Familiei laguntzeko lehen arretarako erreskate plana. Xuntako lehen batzarrean testuliburuen doakotasuna onartuko dugu, eta handitu egingo ditugu etxerako laguntza zerbitzuetarako funtsak, adinekoak zaindu behar ditugulako, haiekin zorretan gaudelako.
Kanpaina bereziki indartsua egiten ari zarete gazteak erakartzeko.
Aldaketarako motorretako bat dira gazteak. Animatu nahi ditut neskak eta mutilak beren etorkizunaren alde borrokatzera; jakin dezatela BNGren boto paperean daudela beren ametsak. Herrialde bat eraiki nahi dugu non gazteek ez dituzten maletak egin beharko joateko, etortzeko baizik.
«Xuntako lehen batzarrean testuliburuen doakotasuna onartuko dugu, eta handitu egingo ditugu etxerako laguntza zerbitzuetarako funtsak».
Badut beste kezka bat ere: etxebizitzarako sarbidea, gazteen gehiengo handi bat ezin baita emantzipatu; badira lanean ari direnak baina ezin dutenak gurasoen etxetik alde egin, alokairua izugarri garestia delako. PPk, hamabost urteotan, lehertu egin ditu etxebizitza politikak; guk dagokien tokian jarriko ditugu. Apustu indartsua egingo dugu etxebizitza hutsak mugiarazteko. 500.000 etxe huts baino gehiago ditugu herrialdean, hirietan batez ere. Beste neurri batzuen artean, zergak ezarriko dizkiegu etxebizitzak merkaturatzen ez dituzten inbertsio funts, banku eta enpresa handiei.
Orain, jakinik PPk amnistiaren alde egitea aztertu zuela JxCrekin bildu ostean, uste duzu ikusiko ditugula amnistiaren aurkako manifestazio gehiago?
Edozertarako gai da PP. Gezurretan aritzea da PPren politika egiteko modua, eta hori alde batera utzi behar dugu otsailaren 18an. Mugarik gabeko hipokrisia iruditzen zait hausnartzen ibili zen neurri bat kriminalizatzea, baina hori da PP azken hamabost urteetan egiten aritu dena. Gezurra eta manipulazioa ditugu komunikabide publiko ofizialetan, guztion baliabideekin ordaindutako horietan, PPk TVG bahitu zuelako PPtb bilakatzeko. Era berean, pelleten krisiaren harira ikusi dugu gezurra baliatzen dutela gobernatzeko: gezurra esan zuten isurien berri lehen aldiz noiz izan zuten galdetu zitzaienean, baita mugiarazi zituzten baliabideei buruz. Nik beti esango diet egia galiziarrei.
Bada uste duenik PPko presidentegai Alfonso Rueda koldarra dela uko egin diolako eztabaidetan parte hartzeari.
Koldarkeria da. Bada ezer garrantzitsuagorik hautagai batentzat komunikabide publikoetan kudeaketaz eta proiektuaz eztabaidatzea baino? Komunikabide publiko eta pribatuetan jarri zizkiguten eztabaiden arabera antolatu genuen gure kanpaina. Onartu genuen CR-TVGkora joatea, nahiz eta PPren neurrira prestatua izan, eta onartu genuen RTVEra joatea; baina Rueda ezkutatu egiten da, eta ezkutatzen den hautagaia ez dago prest presidente izateko. Herriak baztertuko du Rueda, haren eskubidea baita hautagaien arteko eztabaiden lekuko izatea. Ziur naiz honek kalte egingo diola Ruedari, [PPko presidente Alberto Nuñez] Feijoori egin zion moduan. Harrigarria da PPk bere hautagaia ezkutatu nahi izatea kanpaina honetan.