Gerra Ukrainan

Gehienez ere Ukrainaren bat egiterako bidea zirriborratzea du asmo NATOk

NATOko kideek goi bilera hasiko dute gaur Vilniusen. Stoltenbergek iragarri du aliantzarekin bat egiteko betoa kendu diola Turkiak Suediari. Erdoganek Turkia EBn sartzeko bidea irekitzearekin lotu du erabakia

Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusia eta Gitanas Nauseda Lituaniako presidentea, atzo, Vilniusen. FILIP SINGER / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko Ukrainak egin beharreko bidea zirriborratzea. Hori da Mendebaldeko aliantza militarreko kideek beren buruari jarri dioten helburu nagusia gaur eta bihar Vilniusen egitekoa duten goi bilerarako. Paraleloki, 31 aliatuek adostu beharko dute Kiev nola lagundu militarki aurrerantzean. Esanguratsua da, gainera, Lituaniako hiriburuan egitea batzarra, Bielorrusiako mugatik hogei bat kilometrora. Hain zuzen, Errusiatik gertuen dauden herrialdeak dira azken urteetan gastu militarra gehien handitu dutenak, eta hori ere, defentsako aurrekontuei bultzada bat ematea, mahai gainean egongo da biltzarrean. Finean, aliantzak sendo eta bat eginda agertu nahi du Kremlinen aurrean.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATO «garun heriotzan» zegoela adierazi zuen 2019ko azaroan, baina iazko otsailean Errusiak Ukrainan hasitako inbasioak suspertu egin du. Horren erakusgarri, datu bat: 2010 eta 2021 artean zortzi goi bilera egin zituzten, eta oraingoa azken urte eta erdiko laugarrena izango da. Iazko ekainean Madrilen egindako batzarrean, aliantzak kontzeptu estrategikoa berritu zuen hamabi urte geroago, eta puntuetako batean zera nabarmendu: «Errusiako Federazioa da aliatuen segurtasunarentzako mehatxurik zuzenena eta nabarmenena». Baina Txina ere radarpean dago orain dela urte batzuetatik; horregatik, Pazifikoaren bueltako herrialderik aberatsenetako —Japonia, Hego Korea, Australia eta Zeelanda Berria— liderrek ere parte hartuko dute bileretan.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere bai. Aurrerantzean NATO Kontseilua-Ukraina organoaren bidez artikulatuko dute Ukrainaren eta aliatuen arteko harreman diplomatikoa, eta horrek presentzia handiagoa emango dio Kievi aliantzaren barruan. Zelenskirentzat, baina, ez da nahikoa. NATOn sartzeko «keinu argi bat» eskatu die aliatuei. Ukraina eta Georgia aliantzako kide bihurtuko zirela adierazi zuten aliatuek 2008an Bukaresten egindako goi bileran. Eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia esaten ari da baietz, sartuko dela aliantzan, kide guztiak ados daudela, baina denbora behar dela horretarako, eta, edozein modutan, Errusiarekin duen gerra bukatu ondoren izango dela.

Haren hitzak aintzat hartuta, behintzat, interpreta daiteke aliatuek ez dutela nahi ez egutegi zehatzik, ez bide orri argirik; gehienez ere, horri buruzko zirriborro bat. Desadostasunak daude, ordea, formulazioaren inguruan. Hori bai, goi bilera aurkezteko atzoko agerraldian, idazkari nagusiak esan zuen aukeretako bat izan daitekeela aliantzak bat egiterako ekintza plana baliogabetzea; modu horretan Kievek «bi pausoren ordez bakarra» eman beharko luke kide bilakatzeko.

AEBak dira, nabarmen, NATOri dirutan ekarpenik handiena egiten dioten herrialdea, eta Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak herenegun CNN telebista kateari esan zion Ukraina ez dagoela kide bihurtzeko prest. «Bide arrazional bat diseinatu behar da horretarako». Gaineratu zuen, bide batez, Kievek oraindik ez duela bete «demokratizazio» prozesua, eta hori dela aliantzan sartzeko baldintzetako bat. Washingtoni iruditzen zaio Ukrainari keinu argiak eginez gero Errusiak probokaziotzat har dezakeela hori, zeren inbasioa hasi aurretik Kremlinek egindako eskaeretako bat izan zen aliantza 1997ko mugetara itzultzea; hau da, presentziarik ez izatea Europa ekialdean. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek atzo adierazi zuen Errusiak «argitasunez eta sendotasunez» erantzungo duela baldin eta Ukrainak aliantzarekin bat egiten badu.

Hamalau hileko blokeoa

Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek oniritzia eman dio Suedia NATOn sartzeko erabakiari, Stoltenbergek atzo iragarri zuenez. Suediak aliantza militarreko kide bihurtzeko hautagaitza aurkeztu zuen Finlandiarekin batera, iazko maiatzean. Azken hori kide bihurtu zen joan den apirilean, Turkiarekin negoziatu ostean, Ankarak betoa kendu ziezaion. Erdoganek, baina, ezetzari eutsi dio Stockholmen kasuan, atzo arte. Besteak beste, argudiatu du bere gobernuak terroristatzat daukan PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren jarraitzaileek Suedian «terrorismoa goratzen» dihardutela oraindik.

Horrez gain, Erdoganek ezusteko adierazpenak egin zituen atzo Suediaren bat egitea Turkia EB Europako Batasuneko kide bihurtzeko prozesuarekin lotu zuenean. Haren esanetan, Suediak aliantza militarrarekin bat egin aurretik, Bruselak bide bat ireki behar lioke Turkiari EBko estatu kide bilakatu ahal izateko. Herrialdea blokera sartzeko elkarrizketak hainbatetan eten dira, 2005ean ofizialki hasi zirenetik.

Stoltenbergek Ankararen erabakia txalotu zuen, Erdoganekin eta Suediako lehen ministro Ulf Kristerssonekin bildu osteko agerraldian. «Gaur egun, guztion segurtasunerako onurak dituen urrats historiko bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.