Gedvin Avdic (Sarajevo, 1995) Daytongo Akordioaren negoziazio betean jaio zen. Hortik egun gutxira, Bosniako, Kroaziako eta Serbiako presidenteek gerrari amaiera emango zion ituna sinatu zuten. Ama Sarajevoko ospitaleko erizaina zuen, katolikoa. Aita, berriz, musulmana izan zuen, eta frontean telefono konexioaren arduradun izendatu zuten, elektronikan aditua zelako. Egun, Avdicek 25 urte ditu, eraikuntzan egiten du lan, eta eskultore gisa ibilbidea egiten saiatzen ari da; batik bat, metala landuta.
Bizi izan ez zenuen gerra presente egon al da zure bizitzan?
Betidanik. Txikia nintzenean, lurrean zuloak egiten nituen kartutxoak topatzeko, eta, gero, apaingarriak egiten nituen horiekin. Eta gogoratzen dut niretzat txetnikak [milizianoak] munduko gauzarik beldurgarriena zirela. Munstroak bezala. Amonak haiei buruz hitz egiten zuen moduagatik zen, nire osaba gerran hil baitzen, eta amonarentzat bere seme gazteena hil zuten horiek munduan zeuden pertsonarik gaiztoenak baitziren. Gero, helduz zoazen heinean, gauzak hobeto ulertzen dituzu.
Nolako eragina izan du zugan jatorri ezberdinetako gurasoak izateak?
Nire aitaren aitak Korana buruz errezitatu zezakeen, eta nire amaren ama egunero joaten zen elizara. Baina nire gurasoek ez zuten arazorik izan elkarrekin egoteko. Jugoslavia komunistako bikote bat izan zen, behar zuen guztia izan zuena. Eta nire etxean jainkoa tipo on bat zen. Ez zidan eskatzen inor gorrotatzea, behar duenari laguntzea baizik. Eta erlijio guztiak horretan oinarritzen dira, hain justu, politikarekin nahasten diren arte.
Nola irakatsi zizuten gerra eskolan?
Gerrari buruz hitz egiten da, baina soilik datu historikoak aipatuz. Badakizu: noiz hasi eta noiz amaitu zen. Ez da pertsonaia horretaz edo besteaz hitz egiten, inork irabazi edo galdu zuela aditzera ez emateko. Nik hainbat fedetako irakasleak izan ditut, eta, alde horretatik, ez dut inoiz sentitu batetik besterako inolako ezberdintasunik. Bosnian dugun eskola hobea izan daiteke, bai, baina daukaguna nahiko ondo dagoela uste dut. Gure irakasleek beren onena ematen dute kaka zaharraz libre dagoen hezkuntza bat eskaintzeko, eta asko eskertzen diet hori.
Nolakoa da egungo Sarajevon 25 urte izatea?
Itzela da. Amak beti galdetzen dit: Zergatik zarete gazteak horren pasiboak? Zergatik ez duzue zerbait egiten? Eta nik esaten diot bere gaztaroa gogoratzeko. Jugoslavian dena zuten. Nahi zenuena egin zenezakeen, baita nahi zenuen lekura bidaiatu ere, gauzak ondo zihoazelako. Eta orduan esaten diot egungo egoerarekin alderatzeko. Eta ulertu egiten nau. Nik hau besterik ez dut ezagutu; ez naiz hemendik atera. Baina, niretzat, lekurik onena da, horregatik. Gaztea naiz, osasuntsua, kalera irteten naiz, edan egiten dut, jendea ezagutzen dut, ondo pasatzen dut... Niretzat ongi dago, eta ez nuke beste leku batengatik aldatuko, batzuentzat gauzak hemen guztiz normalak ez direla ulertzen dudan arren.
Gatazkaren tentsioak presente al daude oraindik gazteen artean?
Gazteok gero eta gehiago aldentzen ari gara nazionalismoaren ikuspuntu primitibo horretatik, begirada globalago bat dugulako. Munduan 200 estatu daude, eta baita milaka herrialde indigena ere, eta horrekin ulertzen duzu lurralde honetan dugun adarkadura ez dela ezer. Hiru anai-arreba gara.
Nola zabaldu daiteke ikuspuntu hori gizartean?
Gerrako parte hartzaileak eta biktimak humanizatu behar direla uste dut. Politikak munstro gisara tratatu ditu, baina alde batekoek zein bestekoek ez zuten aukerarik izan. Gerrara zindoazen edo preso zindoazen, lubakiak aitzurtzera. Eta denek egin dute negar senideren bat hil zaienean. Gertatutakoari ikuspuntu humano batetik begiratu behar diogu, eta ez nazionalismotik.
Sarajevoko setioak 25 urte. Edvin Avdic. Eraikuntzako langilea
«Gazteok gero eta gehiago aldentzen ari gara nazionalismoaren ikuspuntu primitibotik»
Gerra bere azalean bizi izan ez bazuen ere, haren presentzia gertu izan du beti Avdicek. Gazteak nazionalismoetatik aldentzen ari direla uste du, eta begirada globalagoa eta humanitarioagoa eskain diezaioketela gertatutakoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu