EB Europako Batasunaren eta AB Afrikako Batasunaren arteko bosgarren goi bilera hasi zen atzo, Abidjanen (Boli Kosta), eta gaur amaituko da. Gaztedian inbertitu, etorkizun eramangarri baten alde izenburupean, immigrazioa, lankidetza ekonomikoa eta segurtasuna dira bilerako gai nagusiak. Horri, ezustean batu zaio immigranteen esklabotzaren inguruko eztabaida, AEBetako CNN kateak Saharaz hegoaldeko gazteak itxuraz enkantean saltzen erakusten dituen bideo bat argitaratu ostean, Libian.
Bilerak guztira Afrikako 55 estatutako ordezkariak eta EBko 28 kideetakoak bilduko ditu, baita bi erakundeetako goi kargudunak eta nazioarteko begirale ugari ere; guztira 110 delegazio egongo dira ordezkatuta. Era horretan, ABk eta EBk «berdinen arteko lankidetza berritua» sustatu nahi dute. «Abidjanera bazkide gisa goaz lehenekoz, iraganeko emaile-hartzaile erlazioa atzean utzita», azaldu zuen EBko Atzerri Politikarako goi mandatari Federica Mogherinik. Izan ere, bilera egiten den bosgarren aldia den arren, lehenengo aldia da Afrikako Batasunak izen horren pean parte hartuko duena.
Bilerak Afrikako gazteentzako lan eskaintzak sortzea du helburuen artean, horiei «kontinentean etorkizun hobe bat emateko», eta era horretan Europarako bidaiak saihesteko. Egun, Afrikako biztanleriaren %60k 25 urtetik behera ditu, eta gazteen —15 eta 35 urte artekoak— langabezia tasa %31 da.
Helburu hori lortzeko asmotan, 44.000 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du Europako Batasunak, Afrikako sektore pribatua indartzeko asmoz. «Ongizaterako benetako etorkizun bat emateko gai ez bagara, jada ez dira dozenaka mila izango euren jatorrizko herrialdeak uztea erabakiko dutenak, milioika baizik», azaldu zuen Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak.
ABko presidente Alpha Condek ere azaldu zuen laguntzak «inoiz baino beharrezkoagoak» direla, «batez ere emakumeentzat, eta haurrak babesteko». ABko Batzordeko presidente Moussa Faki Mahamaten ustez, berriz, gazteak «heriotzaren ontzietara» ez joateko bide bakarra dira.
Irudi «beldurgarriak»
«Immigrazio irregularraren» eta pertsonen trafikoaren aurka egiteko asmoa ere azaldu dute bi aldeek, Libiako irudiak ikusi ostean. Boli Kostako presidente Alassane Outtarak esan zuen «onartezinak» direla, eta «premiazko neurriak» hartzeko deia egin zuen.
Europako Kontseiluko presidente Donald Tuskek ere «beldurgarritzat» jo zituen irudiak, eta horiei aurre egiteko akordioen beharra azpimarratu: «Ezin dugu onartu EBk eta Afrikak elkarri errua botatzea. Konponbideak bilatu behar ditugu biziak salbatzeko». Europako Kontseiluko presidentearen ustez, immigrazioaren trataeran egongo da bi erakundeen arteko erlazioen etorkizunaren gakoa.
Goi bilera abiatu aurretik, Libiari erreferentzia egin zion Mogherinik ere, eta babesa eskaini dio Libiako Gobernuari —NBE Nazio Batuen Erakundeak lagundua—. Alemaniako kantziler Angela Merkelentzat,berriz, beharrezkoa da Europara iristeko bide legezko eta seguruak irekitzea, pertsonen trafikoa eta esklabotza amaitzeko.
Lantalde berria
Goi bilerak aurrera egin bitartean, EBk, ABk eta NBEk lanerako talde berri bat eratzeko erabakia hartu dute: Europarako bidea hartzen dutenen biziak babesteko, aberriratze boluntarioak sustatzeko eta nazioarteko babesa behar duten errefuxiatu eta immigranteak kokatzeko. Horretarako, ezinbesteko ikusi dute mafien aurka lan egitea, batez ere, Libian.
Afrikako hainbat herrialde ere neurriak hartzen ari dira Libian gertatzen ari denaren aurrean. ABk immigranteen jatorrizko herrialdeei gazteak aberriratzeko konpromisoa eskatu die. Nigeriako presidente Muhammadu Buharuk atzo adierazi zuen lanean jarri direla, gazteak «ahuntzak bezala» tratatzen dituztela salatu ostean: «Ahal dugun guztia egingo dugu nigeriar gehiagok Europarako bidaia arriskutsu hori ez abiatzeko».
Horietako asko Boko Haramen moduko talde armatuetatik ihes egiteko irteten dira euren herrialdetik. Horiei aurre egiteko, Saheleko G5 taldea eratu dute Mauritaniak, Malik, Burkina Fasok, Nigerrek eta Txadek. Estatuok 500 milioi euroko inbertsioa lortu nahi dute, 5.000 kidez osatutako indar bateratua aurrera eramateko. Immigrazioa eta talde armatuen indarra dira eremuko arazo nagusiak. Izan ere, handik abiatzen dira Europara iristeko bidea hartzen duten immigrante eta errefuxiatu gehienak.
«Gazteen etorkizuna hobetzen» laguntzeko eskatu dio Afrikak EBri
44.000 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du EBk, Afrikako sektore pribatua indartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu