Ingurumen mobilizazioa

Gazte indigenak klima krisiari aurre egiteko greban izango dira gaur Turinen

Munduko tenperaturaren igoerari gutxien eragiten diotenak izan arren, indigenen komunitateak eta tokiko komunitateak dira ingurumen krisiaren kaltetu nagusiak.

Fridays for Future grebako partaide batzuk Turinen. ALESSANDRO DI MARCO / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 29a
13:09
Entzun

Gazte indigenak eta hainbat komunitatetako liderrak Fridays for Future erakundeak antolatutako mundu greban izango dira gaur Turinen (Italia). Elkarretaratze horren helburua da klima krisia salatzea eta irtenbideak areagotzeko beharra aldarrikatzea.

Klima aldaketa gaur egungo arazorik larrienetako bat da, zalantzarik gabe. Leku guztietan desberdin eragiten badu ere, ez dago klima aldaketaren ondoriorik pairatu ez duen lurralderik. Horri aurre egiteko, Fridays for Future erakundeak urtero antolatzen du Nazioarteko Topaketa bat, klima aldaketa salatzeko helburua duena. Aurtengo elkarretaratzean, Indonesiako eta Mexikoko gazte mugimenduetan buru diren komunitate indigenetako eta lokaletako emakumeak batuko zaizkie Turingo 500 klima aktibistari baino gehiagori.

Kaltetu nagusiak

Deialdia egin duten erakundeek argudiatu dutenez, munduko tenperaturen igoerari gutxien eragiten diotenak izan arren, indigenen komunitateei eta tokiko komunitateei kalte egin die gehien ingurumen krisiak. Uholdeei, lehorteei eta baso suteei aurre egin behar izan diete azken urteotan. Hori horrela, ikerketa zientifiko askok ondorioztatu dute komunitate horien eskubideak babestea dela eredurik eraginkorrena biodibertsitatearen galera eta deforestazioa prebenitzeko, horiek elikatzen baitute klima aldaketa.

Lider gazteek, Lurralde Komunitateen Aliantza Globalaren (GACT, ingelesez) ordezkari gisa, munduko liderrei jakinaraziko diete beharrezkoa dela natura kontserbatzeko planetan sartzea beren ezagutza tradizionalak eta giza eskubideak.

Era berean, komunitate indigenek eta tokiko komunitateek arreta berezia jarriko dute haien aurka areagotu den indarkeria boladan. Kriminalizazio kasuek, giza eskubideen urraketek eta lurrak bereganatzeko kasuek gora egin dutela salatu dute. Gobernuek, esaterako, lehentasuna ematen diete garapen eta kontserbazio proiektuei, eta, ondorioz, beren lurrak uztera behartzen dituzte jatorrizko herriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.