Gazatarrak: «Gure alde oihukatzen jarraitu behar duzue»

Manifestaziora deitu dute Gernika-Palestinak eta Nafarroako Yalak gaurko, Bilbon eta Iruñean, 17:30erako. Gazatarrek euren «ahotsa» izateko eskatu diete euskaldunei, mezu bidez.

Khan Younis, joan den apirilean. MOHAMMED SABER / EFE.
Julen Otaegi Leonet.
2024ko ekainaren 8a
10:30
Entzun

Ozendu egin dira joan den urriaren 7az geroztik Gazako sarraskia amaitu dezatela eskatzen duten ahotsak; oihuak dira ugari edo ia denak, eta ez dirudi baretuko direnik. Gaur ez, behintzat: Gernika-Palestinak eta Nafarroako Yala plataformak manifestaziora deitu dute gaurko Bilbon eta Iruñean, 17:30erako.

Europako Parlamenturako hauteskundeak izango dira bihar, eta bezpera erabaki dute, hain zuzen, Europari galdegiteko ez dadila izan Palestinako gatazkaren «gaizkide». Genozidioa stop! Europa, ez zaitez konplize izan lelopean elkartuko dira manifestariak Bilboko udaletxearen eta Iruñeko Golem zinemen parean.

Manifestazioen atarian, bideo bat zabaldu dute Gernika-Palestinak eta Yalak. Gazatarrak agertzen dira bertan, zerrenda guztiz suntsitu batean, gaurko manifestazioko kartela eskuetan dutela. Abesti bat ere entzuten da, eta hitzen artean, errepika: «Libre Palestina» diote behin eta berriro.

Horrekin batera, gazatarrek idatzitako mezu bat ere partekatu dute bi egitasmoek. Honela dio: «Jabaliatik, Gazatik, hondakinetatik eta minetik, Bilboraino eta Iruñeraino. Sufrimenduaren bihotzetik deitzen zaituztegu gure izenean oihu egitera eta munduari esatera hemen zaudetela gurekin. Gure alde oihukatzen jarraitu behar duzue, gure ahotsa izan behar duzue, gurea ahula baita, eta min eta odol askorekin. Gure mezua, gure ahotsa eta gure itxaropena zarete. Horri guztiari eutsi ahal izan badiogu, zeuek ere bai. Eta denok batera aurrera egin dezakegu eskuz esku, gure askatasuna, Palestinaren askatasuna eta gizateriaren askatasuna lortu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.