Gazari «lehorrez, airez eta itsasoz» eraso egiteko prest dagoela iragarri du Israelek

«Beranduegi izan baino lehen», Gazaren aurkako erasoak eteteko eskatu dio Irango Atzerri ministroak Israeli. Edateko ura agortzear da Gazan

Israelgo armadako lehorreko tropak eta soldaduak tankeetan, lehorreko ofentsiba hasteko prest, atzo arratsaldean, Gazako mugan. ATEF SAFADI / EFE.
Maddi Iztueta Olano - Edu Lartzaguren
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Prest zaudete hurrengo faserako?». Horixe Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Gazako mugan dauden lehorreko tropei egindako galdera, Israelek Gaza iparraldeko biztanleei hegoaldera joateko emandako epea bukatu eta gutxira. Dagoeneko agerikoa zena berretsi zuen gero Israelgo armadak: Gazari «lehorrez, itsasoz eta airez» eraso egiteko prestatzen ari direla. Lehorreko ofentsiba edo inbasio bat laster egitekoak direla, alegia.

Mehatxua ikusirik, halere, irmo agertu zen Hamaseko adar politikoko lider Ismail Haniyeh. «Gazako herritarrak beren lurraldean geldituko dira. Ez dute inoiz Gaza utziko edo hortik ihes egingo», adierazi zuen telebistan egindako agerraldi batean. Israeli «genozidio bat» egitea leporatu zion. Dena den, nabarmendu zuen «genozidioan» konplize dituela AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Europako zenbait herrialde. Israelek lehorreko operazioaren berri eman ondoren, dozenaka mila palestinarrek babes bila jo zuten ospitaleetara.

Iranek ere erantzun zien Israelek iragarritako asmoei. «Beranduegi izan baino lehen» Gazaren aurkako «gerra krimenak eteteko» aholkatu zion Tel Avivi Irango Atzerri ministro Hossein Amir-Abdollahianek. Ohartarazi zuen erasoekin jarraituz gero Ekialde Hurbileko beste eremu batzuetara zabaldu zitekeela gatazka; eta, «kontuz ibiltzeko», bereziki, Hezbollah miliziak «gerran erabat parte hartzea» erabakitzen badu.

Israelek Gazan lehorreko ofentsiba bat egiteko aukera presente izan da joan den larunbatean gatazka hasi zenetik. Horren adierazlerik nabarmenena izan zen herenegun Israelek Gaza iparraldeko biztanleei emandako ultimatuma. Hasieran, atzo goizera arteko epea eman zien beren etxeak utzi eta hegoaldera joateko. Gero, 16:00ak arte luzatu zuen epe hori. Milaka batzuek lortu zuten hegoaldera ihes egitea, baina beste asko, ia gehienak, han geratu dira. Besteak beste, ospitaleetako langileak, argudiatuta ehunka zauriturentzat «ezinezkoa» litzatekeela hegoalderako bidea egitea, osasunez «oso larri, larriegi» daudela argudiatuta.

Izan ere, ez da nolanahikoa Gaza iparraldetik hegoaldera egin beharreko bidea, Israelek Gaza une oro bonbardatzen jarraitu baitu. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2.215 palestinar baino gehiago hil eta 8.100etik gora zauritu ditu Israelek. Tel Aviven arabera, berriz, 1.300 lagunetik gora hil eta 3.000 inguru zauritu dituzte palestinarrek.

Israelek agindutako ultimatuma gaitzetsi egin du nazioarteak. Horietako bat izan zen, adibidez, EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrell: «Uste izatea milioi bat pertsona 24 orduan mugi ditzakezula gerra egoeran, elikagairik, urik edo aterperik gabeko gune batera, setiopean, izugarri arriskutsua da, eta praktikoki ezinezkoa». Israeli sostengua berriro adierazi zion arren, nabarmendu zuen Israelek defendatzeko duen eskubideak «muga bat» duela eta muga hori «nazioarteko legea» dela.

Egiptok, Jordaniak, Qatarrek eta Iranek ere aho batez gaitzetsi zuten Tel Aviven agindua. «Garrantzitsua da palestinarrak beren lurrean geratzea», esan zuen Egiptoko presidente Abdel Fattah el-Sisik. Jordaniako errege Abdullah II.ak, berriz, lekualdatze horrek Ekialde Hurbileko mapa geopolitikoari nola eragingo liokeen ohartarazi zuen: «Ezinbestekoa da lekualdatze behartuari aurre egitea eta hori etetea, errefuxiatuen krisi bat inguruko herrialdeetara ez hedatzeko».

Atzerako kontua, amaitzen

«Denbora amaitzen»ari zaie Gazako haurrei, NBE Nazio Batuen Erakundearen haurrentzako Unicef erakundeak atzo ohartarazi zuenez. Haurrei, eta, oro har, Gazatik atera ezinik dauden guztiei. Astelehenean Israelek Gaza erabat setiatu ondoren, gero eta baliabide gutxiago geratzen zaizkie hango biztanleei. Asteazkenean agortu zen argindarra, Gazako zentral elektrikoa erregairik gabe gelditu baitzen. Atzo, urik gabe gelditzearen arriskuaren berri eman zuen UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak.

Asteon behin eta berriz eskatu diote gauza bera nazioarteari, hau da, Gazara lehenbailehen giza laguntza bidaltzeko. Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak baieztatu zuen atzo horretarako «elkarlanean» ari direla AEBak, Israel, Jordania, Egipto eta NBE. Hori bai, laguntza humanitarioa bidaliko badute, eta, korridore humanitario bat irekiko badute, UNRWAk ohartarazi du «ezinbestekoa» dela Israelek erasoak etetea, edo bi aldeek «su eten bat» negoziatzea. Izan ere, txoko bat bera ere ez dago «arriskutik salbu» Gazan. «Gerrek arauak dituzte. Zibilak, ospitaleak, eskolak, klinikak eta NBEk kudeatzen dituen eraikinak ezin dira helburu militarrak izan».

Gatazka hasi zenetik Israelen aldera lerratu den arren, Europako Batzordeak atzo iragarri zuenGazara bidaliko duten giza laguntza hirukoiztea erabaki dutela. Denera, 75 milioi euro kostatuko da laguntza hori, aurreikusitakoa baino 50 milioi euro gehiago. «NBErekin elkarlanean jarraituko dugu laguntza hau Gazan dauden guztiengana iristen dela ziurtatzeko», azaldu zuen batzordeko presidente Ursula von der Leyenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.