Gazako errefuxiatu esparru batean jaio zen Atef Abu Saif (Jabalia, Palestina, 1973) idazle palestinarra eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia (2019-2024). Zisjordanian bizi izan da azken bost urteetan, baina Gazara bisitan joana zen Israelek zerrendaren aurkako erasoaldia areagotu zuenean, iragan urriaren 7an. Gazako egunerokoaliburuan jaso ditu han bizitakoak —BERRIAk, Jakinek eta Elkarrek elkarlanean sortutako Aleka bildumaren parte da—, eta asteon Euskal Herrian da, hura aurkezten. Ahoan bilorik gabe azaldu ditu gerraren nondik norakoak eta Israelen okupazioaren pean jasandakoak; ahoan bilorik gabe salatu ditu nazioartearen jokabideak ere.
Hondartzan izan zinen azkeneko aldian Israelek Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuen. Arraroa da berriro ere hondartza batean egotea?
Oso arraroa. Joan den urriaren 7an egon nintzen azkenekoz hondartzan, gerra hasi zen egunean. Akordatzen naiz oso goiz zela, 05:00ak inguru. Ia urtebete igaro da, eta ordutik ez dut berriz itsasoan igeri egin; ez naiz itsasoari begiratzeko gauza ere izan. Hondartzan egon nintzen azken aldian gerra hasi zen, semearekin korrika atera behar izan nuen, ihes egiteko, bizirik iraun ahal izateko.
Egun batzuetarako bisitan joan zinen Gazara, baina, erasoaldiaren ondorioz, azkenean ia hiru hilabete eman zenituen han. Dena den, ez zen gerra bat pairatu duzun aurreneko aldia, ezta?
Ez, inondik inora ere ez: gerra baten erdian jaio nintzen, eta gerran bizi izan naiz nire bizitza osoa. Jabaliako errefuxiatuentzako kanpalekuan jaio nintzen, 1973ko abuztuan. Bada, gure etxean bertan, kanpaleku horretan hasi zen gerra urte hartako urrian. Gero, Lehenengo Intifadan [1987-1993], hiru aldiz egin zidan tiro Israelgo soldadu batek. 15 edo 16 urte nituen. Eta zertxobait geroago Israelgo kartzela batean eduki ninduten preso, soldaduei harriak jaurtitzeagatik.
Eta, halere, Gazako egunerokoa liburuan diozu ezustean harrapatu zintuela urriaren 7koak.
Urriaren 7an Palestinako Ondare Nazionalaren Eguna zen, eta lehen aldiz ospakizun bat egin behar genuen Khan Yunis ekialdeko Al-Qarara museoan —Israelgo armadak bonbardatu egin zuen iragan urrian—. Zerrenda bonbardatzen hasi zirenean, akordatzen naiz nola esaten nien anaiari, koinatuari eta semeari, zera, Israelgo armadaren beste oldarraldi bat baino ez zela, errutinazko entrenamendu militar bat. Gerrara ohitzen zarenean, dena iruditzen zaizu normala. Ez genuen uste urtebete iraungo zuenik.
«Gerrara ohitzen zarenean, dena iruditzen zaizu normala»
Erasoaldiak, bonbardaketak, blokeoa: Gazak izan al du inoiz garai oparorik?
Duela hamazazpi urtetik, Gaza erabat setiatuta dauka Israelek. Halere, Gaza izan da noizbait lurralde eder eta oparo bat. Gaza hiria, adibidez, hiri palestinar garrantzitsuenetako bat da historikoki; ekarpen asko egin dizkio Palestinako kulturari eta Palestinako gatazkari. Gerra, eraso eta bonbardaketa guztien gainetik, oso lur bizia izan da Gaza. Zoritxarrez, ez du inoiz bizitzeko aukerarik izan.
Noizbait izango al du?
Okupazioak dirauen bitartean, ez; okupazioa bizitzaren aurkakoa baita. Israelgo armada ez da soilik pertsonak hiltzen ari, lekua bera hiltzen ari da: eraikinak, etxebizitzak, monumentuak, kaleak, estatuak, kultur espazioak eta liburutegiak suntsitzen ari da. Gerra honen helburua leku honen memoria ezabatzea da.
Urriaren 9an hau idatzi zenuen Gazako egunerokoa-n: «Zer egin behar du Palestinako Aginte Nazionalak, ikusirik Israelek ez duela uzten laguntza humanitario eta medikoa irits dadin Gazako zerrendara?». Lortu duzu galdera hori erantzutea?
Ez. Baina, egia esan, Israelek mugen kontrola daukan bitartean, inork ezin du ezer egin. Palestinako Aginte Nazionalak gehiago egin behar luke, noski, baita nazioarteak eta herrialde arabiarrek ere. Baina, zintzoa banaiz, esan behar dut Israelgo agintarien baimenik gabe inork ezin duela Gazan ezer sartu. Inor ez da gai Israel egiten ari den genozidioa eteteko, pentsa. Garai hartan Palestinako Aginte Nazionalaren parte nintzen, eta nik ere nahi nuen esku hartze handiagoa. Baina inork ezin zuen ezer egin. Euskal Herriko jendeak ere lagundu nahi du, gehiago egin nahi du, baina ezin du. Horrek argi erakusten du nazioarteko legedi humanitarioa zeinen hanka motza den Gazari dagokionez; ez da ezer egiteko gauza.
Eta, bien bitartean, Netanyahuk [Benjamin, Israelgo lehen ministroa] jolasean jarraitzen du bere trikimailuekin eta gerrarekin. Orain Libanorekin jolastu nahi du. Beste gerra batean. Eta Gazako erasoaldia gelditu dezala eskatu beharrean, Libanokoa eten dezala eskatzen ari zaio nazioartea. Baina horrek esan nahi du denbora irabazi duela Gazako sarraskiarekin jarraitzeko, eta bere gerra hedatzeko. Gazari dagokionez, gutako inor ez da nahikoa saiatu.
PANeko Kultura ministroa izan zara 2019tik joan den martxora arte. Noiz hasi zinen politikan?
13 urte inguru nituenean. Lehen Intifada izango zen, gutxi gorabehera; orduan batu nintzen Al-Fatahra. Errefuxiatu gisa jaio nintzen. Gurasoei galdetzen nien ea zer zen errefuxiatuentzako kanpaleku bat, eta ez zekiten zer erantzun. Horregatik erabaki nuen Al-Fatahra batzea, uste dudalako borrokatu egin behar dugula gure eskubideen alde; palestinarroi, behintzat, ez dizkigu inork debalde ematen. Israelgo okupazioa txoko guztietan dago, xehetasun xumeenean atzeman daiteke. Gazako haurrek eta nerabeek ez dute inoiz zerrendatik kanpoko mundua ikusi: telebistaren edo sakelako telefonoaren pantailatik begiratzen diote. Eta, kontrara, munduak albistegi bat izango balitz bezala begiratzen dio Gazari. Askotan ezin zara neutrala izan, neutrala izateak alde okerrean zaudela esan nahi du eta.
Joan den otsailaren 26an dimisioa aurkeztu zuen PANeko gobernuak. Zuk ere utzi zenuen kargua. Zer dela eta hartu zenuten erabaki hori?
Presidenteak [Mahmud Abbas] iritzi zion gobernua aldatzeko beharra zegoela nazioarteko komunitatearekin harremana sendotu ahal izateko. Nazioartearen arabera, Palestinako Aginte Nazionala politikoegia zen, Al-Fatahko kideak baikara gehienok, eta presidenteak orduan erabaki zuen alderdi politikorik gabeko gobernu bat osatzea. Zoritxarrez, ez zen ezer aldatu. Nazioarteko komunitateak nahi duen guztia ematen dio Israeli. Eta nik ez nuen berriz gobernuan egon nahi.
Zergatik ez?
Denbora gehiago behar dut nire idazlanetarako, eta gainera… Ez dakit. Ez dago gaizki ministro izatea, ez naiz hori esaten ari, baina nahikoa da niretzat. Zure etikari eutsi behar diozu, eta nik ezin dut egin beste askok egiten dutena: bulegoko aulkiari urte luzez eutsi. Beste batzuen garaia da. Bestalde, idazlea naiz, eta politikaria izan gabe defendatu dezaket nire jendea, nire obren bidez.
«Gazako haurrek eta nerabeek ez dute inoiz zerrendatik kanpoko mundua ikusi; telebistaren edo sakelako telefonoaren pantailatik begiratzen diote»
Urriaren 7az geroztik, aditu batzuek aipatu dute hainbat hedabidetan PANek babesa galdu duela, eta Hamasek irabazi.
Gauza bat esango dizut. Palestinako Aginte Nazionala zintzoa izan da: Israelekin bakea adostu nahi zuen. Besteak [Hamasek] ez du Israelekin bakerik adostu nahi. Palestinako Aginte Nazionala horregatik ari da babesa galtzen, bakea nahi duelako. Abbas zintzoa izan da, eta saiatu da Israelekin bakea eskuratzen. Halere, orain hauteskundeak egingo balira, Al-Fatahk eta Abbasek biztanleriaren %50en babesa lortuko lukete. Baina aurka dauden horien ahotsa ozenagoa da, hedabide islamista arabiarrek babesten dituztelako, eta hedabide horiek zarata handia egiten dute.
Abbasek egin zezakeen Hamasek egiten duena, baina [Abbasek] uste du gure lurraldea babesteko modua dela Israelekin negoziatzea eta nazioarteko komunitatearekin harreman diplomatikoak izatea. Tamalez, babesa galtzen duzu horregatik.
Iragan uztailaren 23an hamalau fakzio palestinarrek batasun gobernu bat adostu zuten Gazarako, Israelen erasoaldia amaitzen denerako. Al-Fatah ere horren parte da; Hamasekin dituen desadostasunei erreparatuta, aurrerapausotzat jo liteke, ala?
Entzun, Hamas palestinarren parte da. Ez gatoz bat Hamasekin, baina hau politika da; desadostasunak dauzkagu. Palestinan batasun nazionala izan nahi badugu, ezin da Hamas baztertu. Beste galdera bat da ea Hamas gobernuan egotea komeni ote den. Hori beste kontu bat da. Izan ere, nazioartearekin elkarlanean ariko den gobernu bat behar da, eta herrialde gehienek Hamas talde terroristen zerrendan daukate. Hortaz, errezeta bat edo modu bat aurkitu beharra dago Palestinako alderdi guztiak etorkizunaren eraikuntzaren parte izan daitezen. Dena den, nazioarteak ezin du exijitu palestinarrok demokratak izatea, eta gero esan Hamasek ezin duela ekintza horretan parte hartu.
Uste dut palestinarrok ados jar gaitezkeela gure artean. Ez nator bat Hamasekin; eta askotan bildu naiz harekin, Al-Fatahko bozeramailea nintzenean, baina hori Palestinako barne politikaren parte da. Kanpo politikari dagokionez, palestinar guztiok bat gara, eta ados jarri beharra daukagu.
«Palestinan batasun nazionala izan nahi badugu, ezin da Hamas baztertu»
Palestina estatu gisa aitortu zuten Irlandak, Espainiak eta Norvegiak iragan maiatzean. Poztu zintuen erabakiak?
Ez bereziki, ez baita nahikoa. Ezer ez da nahikoa. 1948. urteaz geroztik, gatazkak dirau, irtenbiderik gabe. Palestina estatu gisa aitortzeagatik txalotzea nahi badute, jai daukate. Aspaldi egin behar zuten hori! Gainera, aitortza hori praktikan jarri behar da: harreman diplomatikoak estutuz, akordioak sinatuz…
Eta zer egin behar lukete?
Bakea lortzeko, borroka egin beharra dago; ezin da bakea lortu soilik txaloak joz edo irribarre eginez edo adierazpenak eginez. Bakea lortzeko, borroka egin behar dugu. Lehenik, Palestinako estatua aitortu behar lukete mundu osoan. Gero, hurrengo pausoa: Israelek ez badu onartzen bake itun bat egitea palestinarrekin, zigortu egin behar lukete. Israel ez dago legearen gainetik, baina, zoritxarrez, legearen gainetik balego bezala jokatzen du. Hemen eta Europa osoan, Israeli babesa adierazten diote nonahi. Israeli lehentasunezko tratua ematen dio EBk, eta diru hori Israelgo industria militarrera iristen da gero; horrekin ontzi militarrak eta tankeak egiten dituzte, eta Gazari erasotzeko erabiltzen. Beraz, kontua ez da palestinarren alde edo israeldarren alde jarri beharra. Kontua da aukeratu beharra dagoela gizatiarra izan edo ez izan, eta nork bere etikari eta moralari eutsi behar diela.
Abenduaren 30ean irten zinen Gazatik. Baina posible da han bizitakoak ahaztea?
Ihes egin ondoren ere, gerrak zurekin jarraitzen du: oroitzapenak ez doaz inora, iltzatuta gelditzen dira bonbardaketak, tankeak, borrokak… Burura datozkizu irudi guztiak, gorpu zatiak eta aieneka ari diren pertsonen aurpegiak. Gerra honetan 135 senide hil dizkidate: aita, koinata, lehengusu-lehengusinak… gerrak nire barruan jarraituko balu bezala sentitzen naiz. Gainera, oraindik ere senideak ditut Gazan, eta egunero nabil telefono deiak egiten, bizirik daudela ziurtatzeko. Gerra honen xehetasun guztiak bizitzen ari naiz. Eta bukatu ondoren ere, ez da erabat bukatuko, ondorioei aurre egin beharko diegu.
Nola begiratzen diozu etorkizunari?
Ez nuen uste gerra hasi eta urtebetera honen inguruan hitz egiten ariko nintzenik, oraindik ere erasoaldia abian dagoen bitartean. Ohituta nago bukatu ondoren gerrari buruz hitz egitera, baina berria da oraindik bukatu ez denean horretaz aritzea. Nahi dudan bakarra da hurrengo urtean berriro ere zurekin hemen esertzea eta gerraren inguruan hitz egin behar ez izatea.