Eremu txikia da Gazako zerrenda: 365 kilometro koadro. 40 kilometro da luzean, eta gehienez ere hamabi kilometro zabalean. Ez da Euskal Herriko eskualde asko baino handiagoa: Baztanek antzeko eremua du, 373 kilometro koadro; Arratiak, pixka bat gehiago (396); Urola Kostak, doi bat gutxiago (353).
Kontua da eremu txiki horretan bizi direla 2,1 milioi pertsona, Euskal Herriko edozein tokitan baino dentsitate edo biztanle pilaketa handiagoa du. Konparazio batera, Baztanen, kilometro koadroko 21 herritar bizi dira; Bilbo Handian, 2.270; Gazako zerrendan, 5.750.
Iazko urriaren 7tik, urtebetean, Israelgo armadak 41.788 pertsona hil ditu Gazako eremu estu eta populatu horretan; alegia, Basauriko (Bizkaia) biztanle guztiak baino gehiago. Eta 96.794 lagun zauritu ditu; alegia, Barakaldoko (Bizkaia) biztanle ia guztiak zauritu balitu bezala.
Urtebetean, Gazako 1,9 milioi pertsonak utzi behar izan dute etxea —biztanleen %90ek—. Datua Euskal Herrira ekarrita, proportzio berean, Hegoaldeko biztanle guztiek etxea abandonatu balute bezala da hori; Baztangoaren neurriko eremu batean kontzentratuta. Libanon, berriz, 1,2 milioi herritarrek utzi dute bizilekua azkeneko asteetan.
Zaila da ulertzea Israelek Gazan urtebetean egindako txikizioaren tamaina, baina horri neurria hartzeko datu bilduma bat da hau.
HILDAKOAK, ZAURITUAk eta iheslariak
41.788Gazan hildakoak. Erasoak aurrera egin ahala, gero eta zailagoa da hildakoak zenbatzea, kontaketa hori egiten duten osasun zerbitzuak ere hondatu egin baititu Israelgo armadak. Baina, halere, Nazio Batuen Erakundeak ontzat jotzen du datua: 41.788 pertsona gutxienez hil dituzte Gazan, 2023ko urriaren 7tik; Gazako biztanleriaren ia %2 da hori. Horietatik 34.344 identifikatu dituzte izen-deiturekin, eta identifikatutako horietatik 11.355 ziren umeak (%33). Horiez aparte, 96.794 lagun zauritu dituzte erasoetan, eta 10.000 inguru desagertuta daudela uste dute.
1.900.000Iheslariak. Gazako herritar gehienek utzi behar izan dituzte beren etxeak, Israelgo armadaren aginduz, eskualdeak txikituz joan diren heinean. Herritarrek %90ek (1.900.000 pertsonak) utzi dituzte beren etxeak.
266Gazan hildako UNRWAko langileak. Palestinarako Nazio Batuen Erakundearen misioa da UNRWA; haren azpiegiturak eta langileak jopuntuan jarriak ditu Israelek. Urriaren 7tik erakunde horretako 266 kide gutxienez hil dituzte Gazan.
173Gazan hildako kazetariak. Gazako erasoa bertatik bertara kontatzeko lanean ari ziren 173 kazetari hil ditu Israelek erasoetan.
723Zisjordanian hildakoak. Gatazkaren arretagunea Gazan badago ere, Zisjordanian 723 palestinar hil dituzte urriaren 7tik. Horietatik 160 ziren adingabeak (%22). Horiez gainera, 5.750 lagun zauritu dituzte.
1.974Libanon hildakoak. Irail erditik aurrera Israelek Libanon egindako erasoen ondorioz 1.276 lagun gutxienez hil dituzte, eta zaurituak 6.000 baino gehiago dira, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera. Iazko urriaren 7tik, 1.974 pertsona inguru hil eta 9.400 inguru zauritu ditu Israelek herrialde horretan; tartean, ehun bat osasuneko eta larrialdietako langile.
1.200.000Libanoko iheslariak. Gazan egin bezala, Israelgo armadak hustuarazi egin du Libano hegoaldea. 5,8 milioi pertsona inguru bizi dira Libanon, eta Israelek erasoa hasi duenetik, beren etxea utzi dute ia laurden batek —1.200.000 pertsonak; Bizkaiko biztanleak adina, gutxi gorabehera—.
1.200Israelen hildakoak. Gazako miliziek 2023ko urriaren 7an egin zuten erasoan 1.200 pertsona inguru hil zituzten Israelen. Hasieran 1.400 hildako aipatu baziren ere, gero berraztertu dute zenbaki hori. Horiez aparte, 5.400 lagun zauritu zituzten. Hezbollahren erasoek 33 lagun inguru hil dituzte Israelen.
346Gazan hildako soldadu israeldarrak. Israelgo armadak berak aurtengo martxoaren 12an aitortu zuenez, urriaren 7ko oldarra hasi zutenetik 346 soldadu israeldar hil dituzte Gazan, eta 2.290 zauritu.
253Israelen bahituak. Gazako miliziek 253 lagun bahitu zituzten 2023ko urriaren 7an. Horietatik 72 hil dira, eta beste batzuk presoekin trukatu dituzte. Israelgo Gobernuak uste du Gazan bizirik jarraitzen dutela 101 bahituk.
HONDATUTAKO AZPIEGITURAk
%63Kaltetutako eraikinak. NBEren datuen arabera, Gazako zerrendako eraikin guztien bi herenak (%63) hondatuta zeuden uztailean, erasoaren ondorioz. 156.000 eraikin baino gehiago dira horiek. Uste dute 215.000 etxebizitza unitate suntsitu dituela Israelek —Gipuzkoako etxebizitza guztien bi herenak dira horiek—.
%57Gazan hondatutako ospitale eta anbulatorioak. Erasoa hasi aurretik Gazan zeuden 36 ospitaleetatik, hamazazpi soilik ari dira lanean; lehen arretako 131 zentroetatik, 56 daude martxan; eta UNRWAren 27 osasun zentroetatik, hamar. Irekita dauden horietan ere erregaia, botikak eta oinarrizko baliabideak falta dituzte, eta ezin dute arreta behar bezala eman. Guztira, 194 osasun azpiegituretatik 111 hondatu ditu Israelek (%57). Kanpainako bederatzi ospitale ari dira lanean, horietatik bost erdizka.
%85Gazan hondatutako eskola eraikinak. 564 ikastetxe zeuden Gazan urriaren 7ko erasoa hasi aurretik. Orain, seguru hondatuta ez dauden bakarrak 22 dira. NBEren arabera, ikastetxe guztien %85 hondatu dituzte, eta beste %11 ere kaltetuta daude seguru asko. Unibertsitateak ere suntsitu dituzte tartean. Eskola umeen %5 bakarrik ari dira eskolak hartzen.
%70Gazan galdutako ur hornikuntza. BBC kateak maiatz hasieran egindako ikerketa baten arabera, Gazan zeuden ura tratatzeko eta itsasoko urari gatza kentzeko azpiegituretatik erdiak (%53) hondatu ditu Israelek. NBEren arabera, Gazako ur-hornikuntza sistemak garraiatzen zuen ur kantitatearen %70 galdu du.
%67Gazan hondatutako laborantza lurrak. Gazako lurren %41 inguru —150 kilometro koadro— laborantza lurrak ziren erasoa hasi aurretik. NBEk udan egindako ikerketa baten arabera, horietatik bi herenak —102 kilometro koadro— hondatuta daude erasoaren eraginez. Gaza iparraldean kaltea handiagoa da —laborantza lurren %75 hondatu dituzte han—.
%68Gazan hondatutako errepideak. Israelen erasoek Gazako errepideen 1.190 kilometro hondatu dituzte erabat, eta 415 kilometrotan kalte handiak eta 1.440 kilometrotan kalte arinagoak eragin. NBEren arabera, errepideen %68 hondatuta daude.