Gazako zerrendaren %80 biztanleentzako arrisku handiko eremuek osatzen dutela nabarmendu du gaur Philippe Lazzarini UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusiak. X sare sozialean zabaldutako mezu batean, NBE Nazio Batuen Erakundeko agentzia horretako buruak salatu du gune horietako biztanleak behartuta daudela beren etxeak uztera, eta ez dutela nora joan: «Ez dago leku segururik hara ihes egin ahal izateko, harrapatuta daude».
UNRWAko buruak azpimarratu du are eta larriagoa dela zerrendaren iparraldeko biztanleen egoera. «Setiatuta» daudela esan du, eta ihes egin nahian dabiltzala, «noraezean». Horrez gainera, salatu du 40 egun baino gehiago daramatzatela laguntza humanitariorik hartu gabe.
Urriaren 6tik Gazako eremu horren aurkako erasoak areagotu ditu Israelgo armadak. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Tel Avivek gutxienez 2.000 palestinar hil ditu han, azken hilabete eta erdian.
%70Gazan zenbat soro txikitu dituzten. Satelite bidez hartu dituen irudi batzuk aztertu ondoren, NBE Nazio Batuen Erakundeak ondorioztatu du Israelen erasoek Gazako soroen %70 txikitu dutela, eta ganaduen %90 hil.
Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak herenegun argitaratutako txosten batean, Lazzarinik esandakoak berresten dituzte. NBE Gaza iparraldeko biztanleei laguntzen saiatzen aritu den arren, ezinezkoa izan zaiola, hala jasota dago txostenean: «Okindegiak eta sukaldeak itxi dituzte, laguntza humanitarioaren sarbidea bertan behera geratu da, eta ur zein saneamendu sistemak martxan jartzeko zailtasunak daude».
Urri hasieratik, Gaza iparraldetik 100.000 eta 131.000 palestinar inguruk ihes egin dute zerrendaren erdialdeko Gaza hirira. Eta populazioak nabarmen egin du gora han: 250.000 biztanle ziren lehen, eta 375.000 inguru dira orain. Gaza iparraldean, 65.000 eta 75.000 biztanle artean geratzen direla azaldu dute txostenean; hau da, urriaren hasieran baino bost aldiz gutxiago.