Gazarako menia «inoiz baino gertuago» dago, Hamasen eta Israelen arabera

Meniak hirurogei egun iraungo du. Joe Biden AEBetako presidenteak maiatzean proposatutako dokumentua da eztabaidatzen ari diren su etenaren oinarri.

Desplazatuak kanpalekuetan, Gaza erdialdeko Deir al-Balah hirian, asteon. MOHAMMAD SABER / EFE
Desplazatuak kanpalekuetan, Gaza erdialdeko Deir al-Balah hirian, asteon. MOHAMMAD SABER / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abenduaren 18a
11:47
Entzun

Hamalau hilabeteren ondoren, irudi du luze gabe irits daitekeela Gazako su etena. Horrela, Israelek iazko urriaren 7an zerrendaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, borrokak behin-behinean etengo lituzketen bigarren aldia litzateke. Hala iradoki dute Hamasek eta Israelek, azken orduetan egindako adierazpenetan. Palestinako erakunde islamistak atzo Telegramen idatzitako mezuaren arabera, «aukera handiak» daude ados jartzeko, baldin eta «okupatzaileak» baldintza gehiago «inposatzeari» uzten badio.

EFE berri agentziak atzo kaleratu zuenez, negoziazioetan parte hartzen ari diren Israelgo iturriak aipatuz, Tel Avivek ere uste du «inoiz baino gertuago» dagoela menia bat lortzeko aukera. Nolanahi ere, bi aldeek zehaztu dute oraindik hainbat xehetasun argitu behar dituztela. Hala ere, nazioarteko hainbat hedabidek negoziazio barneko iturriak aipatuz gaur kaleratu dutenez, menia ez da behin betikoa izango, baizik eta hirurogei egunekoa.

Hain justu, xehetasun horiek argitzeko bildu dira gaur CIA Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendaria, William Burns, eta Qatarko lehen ministroa, Xeikh Mohammad bin Abdulrahman al-Thani, Dohan (Qatar). Halaber, atzotik Kairon da PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbas. Preseski, bitartekari lanetan ari dira AEB, Egipto eta Qatar. Nazioarteko hedabideen arabera, Joe Biden AEBetako presidenteak maiatzean proposatutako dokumentua du oinarri orain eztabaidatzen ari diren su etenak.

Nolanahi ere, ikusteko dago menia iritsiko ote den, ez baitira gutxi borrokak behin-behinean etetearen aurka agertu diren Israelgo Gobernuko kideak. Horien artean, Finantza ministro ultraeskuindar Bezalel Smotrich. Israelgo Haredi irrati katean egindako elkarrizketa batean, Smotrichek arbuiatu egin du su eten bat adostea; are, iritzi dio hori «huts larri bat» izango litzatekeela. Eta gehitu du: «Gerra hasi zenetik, inoizko ahulen dago Hamas. Ez da haren bizitza luzatzeko garaia».

Kontrara, Israelgo berrehun eskola baino gehiagotako ikasleak protestara atera dira gaur, gobernuari exijitzeko adostu dezala su eten bat Hamasekin, erakunde islamistak aske uzteko gatibu hartutakoak. Ez dago argi bahitutakoen artean zenbat lagun geratzen diren bizirik, baina, Ekialde Hurbileko zenbait hedabidek diotenez, iazko urriaren 7ko erasoan milizia palestinarrek bahitutako 240 lagunetatik hirurogei inguru bizirik daude zerrenda barruan; hildako 35 gatibu gehitu behar zaizkie horiei, uste baita haien gorpuak Gazan daudela. 

Iazko urriaren 7az geroztik, Gazarako su eten bakar bat adostu dute: iazko azaroaren 22an sartu zen indarrean, eta, hasieran lau egunekoa behar bazuen ere, azkenean abenduaren 1era arte luzatu zuten. Meniaren harira, Hamasek 110 bahitu utzi zituen aske: 86 israeldar eta 24 atzerritar; eta, Israelek, 240 preso palestinar, guztiak adingabeak eta emakumeak.

Eraso gehiago

Su etena adostu artean, oraindik ere Israel Gazari eraso egiten ari da gau eta egun. Horren erakusgarri da hildako palestinarren kopurua: asteon, 45.000 hildakoren langa igaro da, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Bada, Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, Israelgo armadako lurreko tropak erasoak egiten ari dira Gaza iparraldeko hainbat eremutan, eta, horien ondorioz, su hartu du Kamal Adwan ospitaleko ZIU zainketa intentsiboetako unitateak. Horiek horrela, OME Osasunaren Mundu Erakundeko eskualde horretako zuzendari Hanan Balkhyk X sare sozialean salatu duenez, Israelek ez dio utzi erakunde horri Kamal Adwan ospitalera «nahitaezkoa» duten nazioarteko mediku talde bat bidaltzen. OMEko kideak adierazi duenez, gainera, ospitalea ebakuntzetarako eta erditzeetarako baliabiderik gabe geratu da.

Bestalde, bart gauean egindako bonbardaketetan, Israelek hamasei pertsona hil ditu gutxienez: hamar Beit Lahian eta sei Nuiseraten, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera. Horrez gain, Israelek jakinarazi du gutxi barru eraso egingo diola zerrenda erdialdean dagoen Bureij errefuxiatu esparruari. Esparruko hainbat auzo husteko agindua eman du Tel Avivek, argudiatuta handik misilak jaurti zituztela Israelen aurka, eta «eraso horiei erantzun behar» diela.

248

Israelek zenbat aldiz urratu duen Hezbollahrekin adostutako menia. Israelgo armadak atzo Tiron, Marjayoun eta Hasbaiyyan (Libano) hamabi aldiz egin zuen eraso. Horiek horrela, eta Al-Jazeera Qatarko telebista katearen datuen arabera, Israelek 248 aldiz hautsi du Hezbollahrekin iragan azaroaren 27an sinatu zuen su etena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.