Gazarako laguntza humanitarioaren sarbidea oztopatzea ahalbidetu die Israelek gaizkile taldeei

Netanyahuren bulegoak jakinarazi du Israelgo lehen ministroak oniritzia eman ziela irailean Hezbollahren komunikazio sistemen aurka egindako erasoei.

Israelgo soldadu bat, Gazarako laguntza humanitarioa daraman kamioi baten aurrean. ABIR SULTAN / EFE
Israelgo soldadu bat, Gazarako laguntza humanitarioa daraman kamioi baten aurrean. ABIR SULTAN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko azaroaren 11
14:15
Entzun

Gazara bidalitako laguntza humanitarioaren zati handi bat blokeatzen dute gaizkile taldeek Rafahko pasabidean, eta Israelgo armadak ez ikusiarena egiten du. Israelgo Haaretz hedabideak gaur eman du horren berri, zerrendan laguntza humanitarioa ematen duten nazioarteko erakundeetako iturriak aipatuz. Israelgo soldaduek kontrolatzen dute pasabide hori, eta salatu dute gaizkile taldeetako kideek laguntza daramaten kamioiak arpilatzen dituztela eta gidariei estortsio egiten dietela.

Informazioan aipatutako iturriek gaitzetsi dutenez, arpilatzeak «sistematikoak» dira. Gainera, gehitu dute laguntza daramaten zenbait erakundek gaizkileei ordaintzeari uko egiten diotela, eta laguntza humanitarioa Israelgo armadaren kontrolpeko biltegietan geratu izan dela azkenean. Iturri horiek soldaduen jarrera kritikatu dute: erasoak Israelgo tropak dauden gunetik ehunka metrora gertatzen direla jakinarazi dute, baita, zenbaitetan, gidariek soldaduei laguntza eskatu dietela eta horiek uko egin izan diotela ere. Soldaduek laguntza daramaten kamioiei errepide «seguruagoak» hartzea galarazten diete.

Armadako iturriekin ere hitz egin dute Haaretz-ekoek; horiek esan dutenez, iraganean, soldaduek eraso egin izan zieten kamioiak arpilatzen ari ziren gaizkileei, baina laguntza garraiatzen zuten erakundeetako langileak zauritu zituzten. Horrek kritika asko eragin zituenez, adierazi dute armadak nahiago duela «ez arriskatu» eta kamioien inguruan dabilen inori eraso ez egin. Salbuespen bakarra dagoela zehaztu dute: kamioiei eraso egiten ari direnak Hamaseko kideak badira.

Laguntza ematen duten erakundeek behin eta berriz salatu dute Tel Avivek Gazara laguntza humanitarioa iristea oztopatu duela. Urriaren 16an, Unicefek jakinarazi zuen Gazan laguntza sartzeko «inoiz baino zailtasun gehiago» dauzkatela. Joan den astean, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak Tel Avivi ohartarazi zion «nabarmen» areagotu behar duela Gazarako laguntza humanitarioa.

Bilagailuen erasoa Netanyahuk onartu zuen

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak oniritzia eman zien Hezbollahko kideen komunikazio gailuen aurkako erasoei. Horren berri eman dio gaur Netanyahuren bulegoko bozeramaileak Reuters agentziari. Libanoko talde xiitako milaka kideren pertsona-bilagailuek eztanda egin zuten, irailaren 17an; eta beste komunikazio aparatu batzuk lehertu zituzten, hurrengo egunean. 39 lagun hil zituzten eraso horietan, eta 3.400 baino gehiago zauritu.

Azken bi egunetan, ehun lagun baino gehiago hil ditu Israelek Gazan, Libanon eta Sirian. Libanon, gutxienez, 58 lagun hil dituzte larunbatetik. Gaur goizaldean, herrialdearen ekialdean gauzatu ditu erasoak Tel Avivek, eta bost herritar hil ditu, Libanoko Berri Agentzia Nazionalaren arabera. Atzo, hainbat gune bonbardatu zituen Israelek, eta orotara 53 herritar hil zituztela jakinarazi zuen Libanoko Osasun Ministerioak.

Egun berean, Israel Katz Israelgo Atzerri ministro berriak Hezbollah «garaitu» dutela ziurtatu zuen. Libanoko talde xiitako buru Hassan Nasrallah hil izana jo du lorpen nagusitzat. Yoav Gallant ordezkatu du Katzek, iragan astean Netanyahuk Gallant kargugabetu ostean. Atzo, Atzerri Ministerioak antolatutako ekitaldi batean egin zituen adierazpen horiek Defentsa ministro berriak. Gaineratu zuenez, orain «presioa» egiten jarraitu behar dute garaipen horren «fruituak jasotzeko».

Gazan, 11 palestinar hil dituzte gaur Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuan, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera. Aurrez, atzo, beste 35 herritar hil zituzten Jabalian, zerrendako iparraldean; horien artean, hamahiru haur. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez, 51 lagun hil zituzten atzo, zerrenda osoan.

Sirian, gaur, Homs hiriaren inguruko gune batzuetan gauzatu dituzte erasoak, herrialdeko horretako SANA berri agentziaren arabera. Eta, atzo, zazpi lagun hil zituen Israelek Damaskon eginiko aire eraso batek, Siriako Osasun Ministerioak jakinarazi zuenez.

netanyahuren aurkako auzibidea atzeratzeko eskatu dute

Ustelkeria kasu batengatik, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurkako auzibide bat martxan da, 2020tik. Iazko azaroan zen bere testigantza ematekoa, baina atzeratu egin zen Gazako gerragatik. Uztailean, lehen ministroaren abokatuek epaiketa 2025era arte atzeratzeko eskatu zuten, baina Jerusalemgo epaitegi batek abenduaren 2an ezarri zuen testigantza emateko eguna. Orain, beste atzerapen bat eskatu dute, argudiatuta, «segurtasun gertakariak» direla medio, lehen ministroak ez duela denbora eduki testigantza prestatzeko. Gainera, epaitegiak bonben aurkako babesik ez duela ere salatu du Netanyahuren defentsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.