NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak adierazpena onartu du, hainbat egunez hitzak neurtzen ibili eta gero. Batetik, eskatu du palestinarrei «giza laguntza emateko bide seguru eta berehalakoa» bermatzeko. Bestetik, aldeei eskatu die sor ditzatela «liskarrak modu iraunkorrean amaitzeko baldintza egokiak». AEBak eta Errusia abstenituta eta Segurtasun Kontseiluko gainerako hamahiru kideek aldeko botoa emanda onartu dute adierazpena.
Segurtasun Kontseiluak eztabaida luzea izan du New Yorken gaur onartu beharra zuen adierazpenaren inguruan. Su eten bat eskatzeko ahaleginean aritu badira ere, AEBek ez dute horretarako biderik utzi, eta borrokak eteteaz aritu dira. Azkenean, giza laguntza helarazteko «baldintzak» sortzea besterik ez dute aipatu.
Gaur onartutako adierazpenean, bestalde, galdegin dute Gazako zerrendako errepide guztiak segurtasunez erabili ahal izatea giza laguntza helarazteko, eta mekanismo bat sortzea NBEri laguntza baliabideak lehenbailehen bideratzeko. Bahituak askatzeko eta Gazan fuela sartzeko ere eskatu du, oinarrizko beharretarako.
Gazan su etena eskatzeko ebazpen bat bozkatu zuten organo horretan abenduaren 8an, eta AEBek betoa jarri zioten —horretarako aukera dute, kide iraunkor gisa—. Aste honetan eztabaidatu duten agiria, berriz, Arabiar Emirrerri Batuen iniziatiba izan da, hark aurkeztu zuen lehen proposamena Segurtasun Kontseiluan.
The Guardian Erresuma Batuko egunkariak jakinarazi duenez, astean honetan hainbat aldaketa egin dizkiote eztabaidagai izan duten idazkiari, eta, besteak beste, «liskarrak» berehala eteteko atala ezabatzea proposatu zuten AEBek. Trukean, «premiazko sarbide humanitarioari oztoporik gabe eta segurtasunez bide emateko eta liskarrak modu iraunkorrean amaitzeko baldintza egokiak garatzeko» eskaera gehitu zioten zirriborroari. Segurtasun Kontseiluak onartutako ebazpenak lotesleak dira berez, nahiz eta azken 75 urteetan Israelek ez dituen bete gehienak.
Egunkari horrek adierazi duenez, aldaketa horiek eta beste batzuk gauzatu ahal izateko, negoziatzen aritu dira AEBetako eta Segurtasun Kontseiluko beste herrialde batzuetako agintariak azken egunetan. AEBek NBEn duten ordezkari Linda Thomas-Greenfieldek gaur goizaldean egin ditu horien inguruko adierazpenak: «[Proposamenak] bat egingo du Egiptok dituen lehentasunekin: berehalako laguntza humanitarioa eskaintzeko aukera emango digu hala izatea erabakitzen duten lurraldeetan, eta aurrera egiteko nahia dugu». Alde horretatik, ziurtatu du Arabiar Emirerri Batuek sortu duten testuaren bertsio horrek «gehikuntzak» dituela eta «arabiarren» eskaerak betetzen dituela.
Guterresen zaputza
Antonio Guterres NBEko buruak Israeli egotzi dizkio laguntza Gazara iristeko zailtasunak: «Egiazko arazoa zera da, Israel nola egiten ari den bere ofentsiba, horrek sortzen baititu arazoak Gazan giza laguntza banatzeko». Azken asteetan esan duen bezala, gaur ere errepikatu du «su eten humanitario bat» dela gazatarren beharrei erantzuten hasteko bide bakarra. Segurtasun kontseiluaren partetik gehiago espero zuela erantsi du.
Riyad Mansour Palestinak NBEn duen enbaxadoreak adierazi du «norabide egokian» doan urrats bat dela adierazpen hau: «Inplementatu egin behar da, eta su eten berehalakoa ezartzeko presio erraldoi bat egin behar da aldi berean. Berriro esango dut: su eten berehalako bat». Behin eta berriro errepikatu du «su etena», segurtasun kontseiluak aste oso saihestu duen hitza.
Israelgo enbaxadorea, ordea, kritiko agertu da: «130 bahituak, emakumeak, umeak, eta zaharrak, atxikita dauzkate oraindik Gazan, eta ezin dira orri baten azpiko aldeko ohar bat bihurtu. Giza laguntza egunero sartzen da Gazan. Baina Hamasek bahitutakoek ezin dute Gurutze Gorriaren bisitarik jaso. Bahituek izan beharko lukete batzar honen agendaren lehen puntua».
Aste honetan egin dituzten adierazpenetan, AEBetako ordezkariek adierazi dute su etenari buruzko jatorrizko ebazpen proposamenak NBEren esku uzten duela urtebetez «laguntza humanitarioa kudeatzeko kontrolaren parte handi bat». Haien ustez, horrek larrialdietako horniketak bideratzea «oztopatuko» luke. Ondorioz, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresi eskatu diote «goi mailako» koordinatzaile bat izenda dezala laguntza humanitarioarekin zerikusia duten kontuak ikuskatzeko, eta, hala, egin beharreko prozesu guztiak «errazteko». AEBek uste dute «ahalik eta lasterren» izendatzea komeni dela, eta ohartarazi dute «gatazkako alde guztiek» kooperatu beharko luketela koordinatzailearen lana ez zailtzeko.
Richard Gowan nazioarteko krisiei aurre egiteko NBEko taldearen zuzendariak zalantzak ditu horren emaitzekin, The Guardian-en esan duenez: «Washingtonek horren alde egingo du, asko leundu baitu testua; baina Errusiak zailtasunak izango ditu onartzeko». Azkenean, baina, Errusia abstenitzeko modua topatu dute.
Aste honetan eztabaidatutako testuetan beste aldaketa batzuk egitea ere proposatu dute AEBek. Besteak beste, nazioarteko zuzenbide humanitarioarekin lotutako eskubideen urraketak gaitzesten dituen adierazpena ezabatzea. «Zibilen eta horien ondasunen aurkako erasoak, indarkeria eta terrorismo ekintzak» gaitzesten zituen, zehazki, Arabiar Emirerri Batuen jatorrizko proposamenak.
20.000 hildako
Bien bitartean, The Guardian-ek iragarri du Israelek atzera bota dituela Gazaren kontrako erasoaldiari amaiera emateko epeak; hamar aste igaro dira urriaren 7an erasoa hasi zenetik. Horrekin guztiarekin lotuta, Gazako Osasun Ministerioaren arabera 20.000 lagun inguru hil ditu Israelek orain arteko bonbardaketetan; horietatik 8.000 umeak dira. Horrez gain, Israelgo armadako soldaduek eta Zisjordaniako kolonoek hirurehun palestinar inguru hil dituzte.
The Times of Israelegunkariak egin duen inkesta batek erakutsi du Israelgo herritarren %40k nahi dutela Joe Bidenek jarraitzea AEBetako presidente, eta %26k nahiago dutela Donald Trump 2017 eta 2021 arteko Etxe Zuriko maizterra itzultzea. AEBetako presidentetzarako bozak datorren urteko azaroan dira egitekoak. 2020an The Times of Israel egunkariak egindako inkestetan, bestelakoak izan ziren emaitzak: Israelgo herritarren %60k nahiago zuten Trump. Hedabide horrek azaldu duenez, azken hogei urteotan lehen aldia da Israelen demokratek aurrea hartzen dutena.