Israelen setioaren aurkako protestak egiten ari dira Gaza iparraldean. Ehunka lagun elkartu ziren atzo zerrendaren iparraldeko Beit Lahia eta Beit Hanoun hirietan eta Jabaliako errefuxiatu esparruan, baita hegoaldeko Khan Yunis hirian ere. Milaka palestinarrek jarraipena eman diete manifestazioei gaur, eta Gaza hiriko kaleak ere hartu dituzte. Israelen erasoak eteteko eskatu dute, baita zerrendari ezarritako blokeoa bertan behera uzteko ere.
Hamasen aurkako oihuak ere entzun dira atzoko zein gaurko mobilizazioetan, hainbat berri agentziaren arabera: AFP France-Pressek kaleratu zuenez, honela mintzatu zen manifestari bat: «Soluzioa Hamasek Gazako agintea uztea bada, zergatik ez du herritarrak babesteko amore ematen?». Beit Lahian bi mila lagun baino gehiago bildu dira gaur, eta Efe agentziak protestari baten aldarriak jaso ditu: «Hamas, gerarazi gerra eta utikan! Atzerrian daudenek gogorrak garela uste dute; bada, ez. Ez espero erresistentziarik gure aldetik». BBC Britainia Handiko hedabidearen arabera, Hamaseko milizianoek manifestariak sakabanarazi zituzten atzo, indarrez.
Al-Fatahk «herriari entzuteko» eta Gazako agintea uzteko eskatu dio erakunde islamistari. Talde horren Gazako bozeramaile Munther al-Haiekek Hamasi egotzi dio «palestinarren auziarentzat mehatxu bat» izatea, Wafa Palestinako berri agentziak kaleratu duenez. Horregatik, Gazako Gobernua uzteko eskatu dio. Al-Fatahko beste bozeramaile batek, Maher al-Namurak, «herriaren deia» entzuteko eskatu dio erakunde islamistari, ohar batean. Protestetan entzundako Hamasen aurkako aldarriak «urteetako esplotazioaren ondorio» direla aipatu du. Eta Hamasi gomendatu dio utz diezaiola PAE Palestina Askatzeko Erakundeari herritarren «zauriak sendatzen» eta zerrendaren berreraikuntza gidatzen.
PAEko talde nagusia da Al-Fatah. Hamasek hauteskunde legegileak irabazi zituen 2006an, eta Gazako zerrendaren kontrola hartu zuen 2007an. Ordutik, erakunde islamista eta PAE elkarrengandik aldenduta egon dira.
Hamasek, bere aldetik, protestak deitu ditu astebururako: ostiralean, zapatuan eta igandean «haserre globala» erakutsiko dute, Israelek okupatutako lurretan egindako «krimen sionistak» eta Gazako setioa salatzeko. Deialdi horren berri eman du Filastin Palestinako egunkariak, erakunde islamistaren ohar bat aipatuz.

Atzo bete zen astebete Israelek Gazaren aurka erasoak areagotu eta zerrendarako menia hautsi zuenetik. Egun hartan gutxienez 400 palestinar hil zituen Israelgo armadak, eta, ordutik, ez ditu erasoak eten. Azken egunean 39 palestinar hil ditu Israelek zerrendan, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, eta 830 izan dira hildakoak menia hautsi zuenetik. Israelgo armadak zerrendaren erdialdean egin dituen bi erasoren berri eman du Al-Jazeera komunikabideak: gutxienez hamahiru palestinar hil dituzte Nuseirateko errefuxiatu esparruan eta inguruetan.
Tel Avivek Palestinako erakunde islamistari egotzi zion «behin eta berriz uko egin» diola bahituak askatzeari, eta horregatik hautsi zuela urtarrilaren 19an sinatutako su etenerako akordioa.
Hamasek gaur kaleratutako ohar batean adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa gezurretan ari dela, eta erasoei berrekinda ez duela lortuko bahituak askatzea: «Okupazio indarrak bahituak indarrez askatzen ahalegintzen badira, hilkutxetan eramango dituzte». Erakunde islamistak kaleratutako oharrean gehitu du Israelgo lehen ministroarena dela su etena hautsi izanaren «erantzukizun osoa».
«Are eta gogorrago»
Netanyahuk, baina, ez du erasoak eteteko asmorik. Are, Hamasek bahituak askatzen ez dituen bitartean, «errepresioa are eta gogorragoa» izango dela ohartarazi du beste behin Israelgo lehen ministroak. Horrez gain, errepresio neurri horietako bat Gazako lurrak hartzea izango dela adierazi du Israelgo Parlamentuan. 59 bahitu israeldar daude Gazan, eta, Israelen arabera, horietatik 25 daude bizirik.
Urtarrilean adostutako menia akordioaren lehen fasean —martxoaren 1ean amaitu zen—, Hamasek 33 gatibu askatu zituen; horietatik 25 zeuden bizirik, eta zortzi, hilik. Tel Avivek 1.900 preso palestinar inguru utzi zituen aske. Tarte horretan, Israelgo armadak aireko erasoak mugatu zituen, eta zerrendaren hegoaldera lekualdatutako palestinarrei Gazako iparraldera itzultzeko modua eman zien. Aldeek, baina, ez zuten lortu ados jartzea bigarren fasea abiatzeko, eta Israelek menia hautsi zuen.
Damaskoren arabera, Siriaren subiranotasuna «argiki urratu» zuen Israelek atzo, Siriari eraso eginda. Eraso horietan sei zibil hil zituztela jakinarazi du gaur Siriako Atzerri Ministerioak, ohar batean. Eta ohartarazi du Tel Aviven «etengabeko erasoak» areagotu egin direla Siria hegoaldeko Daraa eskualdean. Israelgo armadak ohar batean esan zuenez, «terrorista batzuek» suzko armak baliatuta egindako erasoari erantzuteko egin zituzten bonbardaketak. Daraako gobernatzaile Anwar al-Zoabik argitu du zenbait herritarrek militarrei aurre egin zietela «etengabeko erasoei» erantzunez, eta Israelgo armadak tokia bonbardatuz erantzun zuela.siriak salatu du israelen erasoek SIRIAREN subiranotasuna urratzen dutela