Gaza itzaltzen ari da, eta gero eta zailagoa da jakitea zer gertatzen den han barruan. Israelek, isiltasun informatiboa inposatuz —kazetariei debekatua die zerrendan sartzea, eta zenbait telekomunikazio dorreri eraso die—, gizatasuna kendu nahi die lurralde horretan bizi diren bi milioi lagunei. Horregatik, oso baliagarria da zuzeneko konexioak egitea, oraindik ere egiten baitira gutxi batzuk, Israelen setioa gaindituta. Noor Harazeen berriemaileak, esaterako, zuzeneko bat egin zuen, larunbatean, Deir el-Balahn, zerrendako hegoaldean. «Gazako hegoaldean gaude: Israelgo armadak iparraldetik hona etortzeko eskatu die herritarrei, seguruago egongo direlakoan. Baina hemen ere erortzen dira bonbak», esan zuen Harazeenek, negar egiteko zorian. CGTN telebista kateko langilea da, eta Al-Aqsako Martirien Ospitalearen parean ageri da zuzenekoan, atzean hainbat pertsona eta anbulantzia joan-etorrian dabiltzala. «Familia osoak iristen dira ospitalera. Baita 5 urtetik beherako haurrak ere, burua moztuta. Erabateko sarraskia da». Ordurako, Osasun Ministerioak 2.250 biktima palestinar zituen zenbatuak, baina Harazeenek ohartarazi zuen askoz gehiago izango zirela azkenerako.
Gaza itzali, bai, baina gogor ere egiten ari da. Halaxe erabaki dute milaka lagunek, bai zibilek eta bai medikuntzako profesionalek, uko egin baitiote Gazako iparraldetik alde egiteari. «Palestinako Ilargi Gorriak emandako zerbitzuek bizia salbatu diete Palestinako herritar askori», esan du erakundeak, BERRIAri helarazitako ohar batean. Larunbat gauean bidali zuen, hain justu Israelgo armadak emandako ebakuazio epea bukatu eta gero. «Hori dela eta, erakundeak ez du hustuko ospitalea, eta lan humanitarioa egiten segituko du, gaixoei eta zaurituei lagunduz».
Zaurituak ez ezik, beste pertsona zaurgarri batzuk ere aipatu ditu erakundeak, ezin baitzuten alde egin ordu gutxian; tartean dira, besteak beste, ZIUetan daudenak, inkubagailuetan dauden ume txikiak, adinekoak, desgaitasunen bat dutenak eta arnasteko arazoren bat dutenak. Lan medikoa egiteaz gain, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen ditu Ilargi Gorriak, erakundeak esan duenez: «Gure ospitale batean, Al-Quds-en, babesa ematen diegu ehunka herritarri [Gaza hirian dago, eta hori ere hustu egin behar litzateke, Israelek agindutakoaren arabera]».
«Ez dugu jendea ebakuatuko baldintza hauetan: funtsean, haiek heriotza zigorrera kondenatzea litzateke hori», esan du erakundeko langile batek. Erabaki ausarta da: egun gutxi dira Ilargi Gorriko lau langile hil zituztela zerrendan. Israelek bi egun zeramatzan Jabaliako errefuxiatuen esparrua bonbardatzen Gaza iparraldean dago, eta, besteak beste, 50 pertsona hil zituen han. Ilargi Gorriko zenbait anbulantziari baimena eman zieten hara joateko eta biktimak eta zaurituak artatzeko, baina Israelek bonbak jaurti zizkien, eta zenbait osasun langile hil.
NBEren Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko (UNRWA) arduradunak, Philippe Lazzarinik, presazko prentsaurreko batera deitu zuen igande gauean. Jerusalemen izan zen, eta Tamara Alrifai bozeramailearekin batera aritu zen. Baziren zortzi egun erabateko blokeoa indarrean zela, eta Gazara ez zela iristen ez edateko urik, ez erregairik, ez jatekorik. «Gazako zerrenda urik gabe geratuko da laster», esan zuen Lazzarinik. «Urak bizia dakar, eta Gazan bukatzen ari da ura, baita bizia ere». Bitartean, exodo behartuak ez du etenik: «Milioi bat lagunek alde egin dute etxetik. Jende oldeak doaz etengabe hegoalderantz. 1948an gertatutakoaren antz handia hartzen diot honi». Lazzarinik dioenez, 400.000 desplazatu babestu dira erakundeak hegoaldean dituen eskoletan, nahiz eta toki horiek ez dauden horretarako pentsatuta. «Leku batzuetan, komun bakarra dago ehunka pertsonarentzat».
UNRWA neurritsua izan ohi da hitzetan, baina erakundeko bozeramaileak adierazi du Israel bereizi gabe ari zaiela bonbak jaurtitzen herritarrei. «Milioi bat laguni eskatu diete etxetik alde egiteko eta hegoalderantz joateko, baina ez diete segurtasun bermerik eman, eta, bitartean, bonbak jaurtitzen segitu dute», salatu du Alrifaik.
Ehunka mila herritar ikarak hartuta daude oraindik. «Ezin dut ulertu zer gertatzen ari den», esan du Nedaak, Gazatik. Halako batean lortu du hori kontatzeko indarra biltzea, eta sakelakoaren bateria kargatzea, mezuei erantzun ahal izateko. «Dena gain behera doa, oso azkar. Bonbardaketak ikaragarriak dira, eta bereizi gabe egiten dituzte, toki guztietan. Ez dago leku segururik». Nedaa ikaragarri beldur da, ez soilik beragatik, baita ingurukoengatik ere. Rafahko pasabidera joan nahi du familiarekin, Gazako zerrenda eta Egipto lotzen dituen igarobidera. Baina Israelek ez die uzten: bi aldiz bonbardatu du Rafah, eta berriz bonbardatzeko mehatxua egin du. «Ez dut inoiz pairatu hau baino egoera zailagorik».
Zisjordanian, suminduta
«Aski izan dugu bizialdi honetan. Ez dugu hemen geratu nahi gure seme-alabak Gazan hiltzen ari diren honetan. Hara bueltatu nahi dugu, eta haiekin hil». Seme-alabei buruz hitz egiteko baino ez du indarrik Ahmadek. Ramallahko udal pabiloi baten inguruan, Zisjordania okupatuan, ondoezik eta noraezean dabiltza 600 arima herratu, eta haietako bat da Ahmad. Denak dira Gazako zerrendako biztanleak, baina, gerra hasi zenean, Israelgo lurretan zeuden, lanean. Geroztik ezin dira etxera itzuli, eta ez daukate senitarteko eta lagunekin hitz egiteko modurik. Hamar egun pasatu dira, milioi bat lagunek baino gehiagok alde egin dute, eta 2.800 baino gehiago hil dira.
Ahoz aho jakin dute Ramallahn milaka palestinar dohaintzak egiten ari direla, ihes egindakoak etxean hartzeko. Errefuxiatu palestinarrek koltxonetetan egiten dute lo, lurrean pilatuta. Baina, egiatan, Gazako herritarrek ez dute Ramallahn egon nahi: «Gazara itzuli nahi dugu, kosta ahala kosta», esan du Ahmadek. 35 urte ditu, eta Khan Yunis hirikoa da jatorriz, zerrendako hegoaldekoa. «Bizi gara oraindik, baina arimarik gabe».
«Eraman nazazu Gazara, eta hil nazazu», esan du Ramallahn harrapatuta dagoen beste langile batek. Nidal du izena, eta hura ere Khan Yunis hirikoa da. «Ez dugu dirurik nahi. Ez dugu umiliatuta bizi nahi. Oso nekatuta gaude». Haien hitzetan, Gazara bueltatu ahal izanez gero, senitartekoekin hiltzeko aukera izango lukete. «Espetxe zibil horretan, zenbait familiak eztanda egin dute. Familia batzuetan ez dago kide bat ere bizirik. Ez heldurik, ez haurrik. Eta aski da. Jainkoari erregutzen diogu. Eraman gaitzazu Gazara, eta hil gaitzazu».
Nidal garrasika ari da amorruaren amorruz, lepoko zainak handituta. Mundu osoko agintariei mintzatzen zaiela dio. Bi eskuetako hatz erakusleekin, aho aurrean duen mikrofonoa seinalatu du, eta oihu egin dio, erakundeetan agintzen dutenen aurpegiak hortxe baleude bezala, haiek baitauzka bere miseriaren erantzuletzat. «Dei egiten diogu Mahmud Abbas presidenteari, dei egiten diogu Europako Batasunari, eta dei egiten diegu nazio arabiar eta musulmanei. Aski da! Esna zaitezte! Esna zaitezte! Psikologikoki leher eginda gaude! Mezu bat besterik ez daukat: zatozte gurekin Gazara, eta utz gaitzazue hiltzen. Utzi gure senitartekoak ikusten. Ama, gurasoak, seme-alabak. Horixe eskatzen dugu pertsona gisa. Ez dugu luzaroago bizi nahi. Bihotza txikituta daukagu».
Gazako herritarrek badakite nazioarteko zuzenbideak babesa eman behar liekeela. Bai zerrendan eta bai Libanon, Israelek fosforo zuria jaurti du azken egunetan. Produktu horrek erredura larriak eragiten ditu azalean, eta eraikinetan sua pizteko gai da. Legez kontrakoa da jendea bizi den tokietan erabiltzea. Eta Gaza, hain zuzen, munduan populazio dentsitate handiena duen eremua da. «Zergatik jaurtiko duzu fosforo zuria Gazan?», esan du, atsekabez, Ramallahn harrapatuta dagoen beste gazatar batek, Xarifek: «Gure umeak al dira errudunak? Zibilak al gara errudunak? Gure umeak kalean bizi dira orain, eta badira egun batzuk nire osaba desagertuta dagoela».
11 urteko haur batek eten egin du helduen elkarrizketa, eta mikrofonoa eskatu: «Eskerrik asko Ramallahko jendeari. Hartu egin gaituzte, eta jatekoa eta edatekoa eman digute. Asko maite zaituztegu, eta ohore handia da zuek ezagutu izana». Mutikoak ustekabean esandakoa entzunda, inguruko batzuei lasaitu egin zaie begitartea. Honekin bukatu du haurrak: «Jainkoak bedeinka zaitzatela. Oxala, palestinarrek noizbait Palestina askatuko balute».
Garbiketa etnikoaren ideia
Kontuan harturik Isaac Herzog Israelgo presidenteak —moderatutzat jotzen da— nola aldatu duen pentsamoldea, Gazako zerrendan dauden palestinarren etorkizunak ez du itxura onik. Yoav Gallant Defentsa ministroak, jendaurrean, justifikatu egin zuen zerrendaren aurkako erabateko setioa, «giza animalien» aurka ari direlakoan, eta, horren ondoren, Herzogek ohiz kanpoko gorroto erakustaldi bat egin zuen bat-batean: «Gazako herritar guztiak dira gertatutakoaren erantzuleak», esan zuen Herzogek, Hamasek Israel hegoaldean egindako erasoaz ari zela. Ostiralean esan zuen hori, hain zuzen Israel egunean mila bonba jaurtitzen ari zela, seigarren egunez jarraian. «Ez da egia zibilak ez daudela inplikatuta [Hamasen jardunean]. Gezur borobila da. Zibilek bazuten aukera [Hamasen] deabruzko erregimen horren aurka altxatzeko».
Ikusita munduko herrialde boteretsuenek Israeli onespena eman diotela eta hark gizateriaren aurka egindako krimenak finantzatu eta bermatzen dituztela, Israelgo eliteak buruan darabil garbiketa etnikoaren ideia. Horixe ematen dute aditzera oraingo agintariek, hitz erdika beti. Erretiratuta daudenak, ordea, ez dira ezkutatzen: «Sinaiko basamortuan, Egipton, nahi adina toki dago», esan zion Al-Jazeerari Israelgo Atzerri ministrorde ohiak, Danny Ayalonek: «Asmoa da [Gazako herritarrak] toki zabal horietara joatea, eta nazioarteko komunitateak hiriak eraikitzea haientzat».
Gazako zerrendan garbiketa etnikoa egitea ez da soilik Israelen kontua izango. Hala ohartarazi du Mada Msr Egiptoko hedabideak: «Orain arte, Egiptok uko egin dio lekualdaketa masibo baten helmuga izateari», dio atari independente horrek egindako ikerketa batek, Gazako herritarren Sinaiko kokalekuei buruz. Baina batzuk lanean ari dira horretarako: «Herrialdeko autoritateak, ordea, Mendebaldeko gobernuen presiopean daude, eta herrialde horiek pizgarri ekonomikoak eskaini dizkiete akordio bat lortzen saiatzeko». Baliteke garbiketa etnikoa martxan egotea.