Gazan nazioarteko misio batek behin-behinean gobernatzea adostu dute Arabiar Ligako herrialdeek

Egipton bildu dira Arabiar Ligako ordezkariak, eta zehaztu dute Gaza berreraikitzeak 50.400 milioi euroko kostua izango lukeela. Aho batez gaitzetsi dituzte Trumpen asmoak.

Arabiar Ligako herritaldeetako ordezkariak, gaur, Kairon. ERREGE GORTE HAXEMIA / EFE
Arabiar Ligako herritaldeetako ordezkariak, gaur, Kairon. ERREGE GORTE HAXEMIA / EFE
maddi iztueta olano
2025eko martxoaren 4a
20:45
Entzun 00:00:0000:00:00

AEBetako presidente Donald Trumpek dagoeneko badauka plan bat Israelek Gazaren aurkako erasoaldia amaitzen duenerako: han bizi diren bi milioi pasatxo palestinarrak beren sorterritik ateratzea, eta zerrenda «Ekialde Hurbileko Riviera bat» bihurtzea. Arabiar Ligako kide diren herrialdeek Etxe Zuriko maizterrak horrelakorik egitea eragotzi nahi dute, ordea, eta horretarako bildu dira gaur Kairon (Egipto); Trumpen asmoaren aurrean «jarrera bateratu bat» adosteko, eta zerrendaren etorkizunerako beste plan bat ontzeko, alegia. Eta bat etorri dira: Egiptok Gaza berreraikitzeko eginiko proposamena ontzat eman dute Arabiar Ligako herrialdeek.

Dokumentuak 112 orri ditu, eta ez ditu barne hartzen «giltzarri» izango diren hainbat erabaki; adibidez, zer gertatuko den Hamasekin eta han jarduten duten gainontzeko milizia palestinarrekin. Egiptok ondutako planak proposatzen du nazioarteko behin-behineko misio batek gobernatzea zerrendan, zehaztu gabeko epe batez. Talde horrek bermatu beharko luke Gazan laguntza humanitarioa sartzea, eta zerrenda berreraikitzeko hasierako kudeaketen ardura izango luke.

Planean zehaztu dute, hori bai, Gaza berreraikitzeak 50.400 milioi euroko kostua izango lukeela, eta hiru fasetan egingo luketela: lehenbizi, hondakinak garbitu eta aldi baterako etxebizitzak eraikiko lituzkete; ondoren, bi urteren epean 200.000 etxebizitza eraikiko lituzkete; eta, azkenik, hurrengo bi urte eta erdietan beste 200.000 etxebizitza eta aireportu bat eraikiko lituzkete. Gainera, adimen artifizialarekin egindako hainbat irudi gehitu dituzte: ongi zaindutako belardiak, etxe koloretsuak eta hondartza aurrean eraikitako hotelak agertzen dira, besteak beste.

Trumpek iragarritako asmoei dagokienez, aho batez gaitzetsi dituzte. Etxe Zuriko maizterrak otsailaren 5ean plan hori aurkeztu zuenean ere, herrialde arabiarren kritikak jaso zituen; haien arabera, gazatarren lekualdatze masiboa «segurtasun mehatxu handi bat» litzateke inguruko herrialdeentzat, eta desplazatutako palestinarrentzat.

Arabiar Ligako kideek jada eman diote baiezkoa plan horri; orain, proposamen horixe bera «atzerriko zenbait herrialderi» aurkeztekoak dira, haien oniritzia eta laguntza ekonomikoa bermatu ahal izateko. Are gehiago, Arabiar Ligak uste du beharrezkoa dela epe laburrean nazioarteko konferentzia bat egitea, Gaza berreraikitzeko finantzaketa arabiarra zein nazioartekoa bultzatzeko.

Ikusteko dago nazioarteak zer-nolako erantzuna ematen dion Arabiar Ligan onartutako proposamenari. Trumpen marra gorria Hamasek Gaza gobernatzea litzateke, horren inguruan galdetuta Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaile Brian Hughesek gaur esan duenez. Halere, Etxe Zuriko maizterra prest legoke herrialde arabiarren ikuspuntua «aintzat hartzeko».

Hamasen ezezkoa

Erabakia jakinarazi aurretik, Palestinako erakunde islamikoak ez zeukan Egiptok ondutako proposamenaren berririk, Hamaseko kide Sami Abu Zuhrik hainbat berri agentziari adierazi dienez. Halere, argi utzi du Hamasen iritzia bestelakoa dela: «Palestinarrek soilik erabaki dezakete Gazaren etorkizunaren inguruan». Haren arabera, erakunde palestinar horrek ez du «inola ere» onartuko ez atzerriko tropen presentziarik, ez atzerriko gobernurik; eta marra gorritzat jarri du taldeari armak uzteko eta desegiteko eskatzea.

Larunbatean bukatu zen Israelek eta Hamasek Gazarako adostutako meniaren lehenengo fasea. Akordioaren arabera, igandean zen bigarren fasea hastekoa, baina azken asteetan izan diren ika-miken eta desadostasunen ondorioz, blokeatuta daude bigarren faserako baldintzak zehazteko negoziazioak. Berez, bigarren fasean Israelek bere tropak atera behar lituzke Rafahko pasabidetik; Tel Avivek, ordea, joan den astean esan zuen ez duela hori egiteko asmorik.

Horren ordez, AEBekin adostutako proposamen bat egin dio milizia palestinarrari: musulmanen ramadanak irauten duen bitartean, 42 egunez, tregoaren lehenengo fasea luzatzea. Palestinako erakunde islamistak, baina, esan du ez duela horrelakorik onartuko, eta urtarrilaren 19an hasitako menia «errespetatzeko» exijitu dio Israeli.

Erasoak Jeninen

Horrez gain, Israelgo armadak Isser Saadi hil du gaur, Hamasek Jeninen duen burua, miliziak berretsi duenez. Tel Aviv urtarrilaren 21etik ari da Zisjordania okupatuaren iparraldeko hiri horri eraso egiten. Eremuko iturriak aipatuta berri agentziek argitaratu dutenez, Israelgo armadak saiakera ugari eginak zituen lehenago Saadi hiltzeko.

Israel Jeningo hainbat kanpalekuri ari da eraso egiten, hango milizien aurkako operazioan. Hala ere, Jenindik 20.000 herritar inguru desplazatu dira erasoak hasi zituztenetik, Wafa berri agentziaren arabera. Gutxienez 57 lagun hil dira Jeninen erasoaldiari ekin ziotenetik, NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.