Urriaren 7az geroztik, Tel Avivek 9.061 pertsona hil ditu Gazan; horietatik, 3.760 hemezortzi urtetik beherakoak. Israelen erasoek etenik ez dutela ikusita, NBEk ohartarazi du «agortzear» dela Gazan «genozidio bat» saihesteko denbora. Horren adierazle dira asteon Jabaliako erefuxiatuen kanpalekuari egindako hiru erasoak: asteartean, atzo, eta gaur. Gazako osasun ministerioak adierazi duenez, 195 lagun hil zituzten kanpalekuko lehen bi erasoaldietan, eta, oraingoz, beste 30 dira gaur hildakoak. Gainera, erasoaldien eraginez, 800etik gora zauritu eta 100 desagertu baino gehiago daude; ustez, eraikinen hondakinen azpian.
Bureji errefuxiatu kanpalekuari ere eraso egin dio gaur Israelek, eta gutxienez hamabost lagun hil dituzte. Bertan 40.000 pertsona bizi dira, eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak kudeatzen du kanpalekua. Bestalde, UAE Arabiar Emirerri Batuak Gazako 1.000 ume artatu nahi dituela iragarri du, baina ez du esan nola aterako lituzketen Gazatik. GaineraAdingabeak «familiak lagunduta» irtengo liratekeela gaineratu du, eta artatuak izan ostean «etxera itzuliko» liratekeela.
Erregai faltaren eta erasoen ondorioz, euren zerbitzuak bertan behera utzi behar izan dituzte Gazako hamasei ospitalek. Horren aurrean, Israelgo armadako buru Hertzl Halevik iragarri du, gaur, Israel prest legokeela Gazako ospitaletan erregaia sartzen uzteko. «Duela aste eta erdi esan zuten erregairik gabe geldituko zirela, baina hori oraindik ez da gertatu. Momentua iristen denean, erabakiko dugu zer eta nola egin». Edonola ere, hori egiteko «inolako asmorik» ez duela esan du gutxira Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk. Izan ere, Israelen kezka handienetako bat da erregai hori Hamasen eskuetara iristea, eta, hartara, Israeli eraso egiteko erabiltzea.
Egoera makur horretatik ihes egin ahal izateko, Rafahko pasabidea bigarrenez irekita egon da gaur. Hamasek iragarri duenez, beste 60 zauritu eta 400 atzerritar irten dira. Rafahko pasabidea da Egiptok kontrolatzen duen bakarra, eta, hain justu, Gaza eta Egiptoren mugan dago. Horren harira ere mintzatu da gaur Egiptoko Atzerri ministro Sameh Shukryk; haren arabera, posible litzateke 60 nazionalitatetako atzerritarrak edo nazionalitate bikoitza duten 7.000 pertsona inguruk pasabidea igarotzea.
Bestalde, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek Gazan «eten humanitario baten beharra» dagoela adierazi du bart gauean, Israelen erasoaldia hasi zenetik lehen aldiz. Dena den, argitu du Hamasek bahituak dituenak «Gazatik ateratzeko» baliatuko luketela eten hori. Etxe Zuria, ordea, su eten baten aurka dago oraindik ere.
Gaza hiria, inguratuta
Palestinako milizianoek eta Israelgo lehorreko armadak borrokan jarraitzen dute Gaza iparraldean. Israelgo armadaren arabera, lehorreko operazioen bidez, tropa israeldarrek dagoeneko inguratuta daukate Gaza hiria. Halere, hogei soldadu israeldar hil dituzte ofentsiba horietan.
Gainera, Israelen etengabeko erasoek aldaketak eragin dituzte Ekialde Hurbilean eta nazioartean dituen harremanetan. Bahraingo Gobernuak, adibidez, Israelekin harreman ekonomikoak eten zituen atzo, «palestinarren eskubideekiko eta palestinarren kausarekiko» babesa adierazteko. Bahrainek 2020an aitortu zuen Israelgo estatua, Abrahamgo Itunaren bidez, AEBen bitartekaritzarekin.