Gazan laguntza humanitarioa sartzeko inoiz baino zailtasun gehiago dauzkatela salatu du Unicefek

Erakundeak ohartarazi du hamabi egunez ezin izan dutela giza laguntzarik sartu zerrendaren iparraldean. AEBen abisuei entzungor eginez, Israelgo armadak eraso egin dio beste behin Beirut hegoaldeari.

Lau palestinar, Gaza erdialdeko Deir al-Balah hiriko errefuxiatuentzako kanpaleku batean, herenegun. MOHAMMAD SABER / EFE
Lau palestinar, Gaza erdialdeko Deir al-Balah hiriko errefuxiatuentzako kanpaleku batean, herenegun. MOHAMMAD SABER / EFE
maddi iztueta olano
2024ko urriaren 16a
12:06
Entzun

Iazko urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, zerrendara laguntza humanitarioa sartzeko inoiz baino muga gehiago dituztela salatu du Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak. Erakunde horretako bozeramaile James Elderrek prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, zerrenda iparraldean ez da ez elikagairik, ez urik, ez osasun baliabiderik sartu Israelgo armadak duela hamabi egun eremu horren aurkako lurreko operazioari berrekin zionetik. Hain justu, Unicefen ohartarazpena iritsi da AEB Ameriketako Estatu Batuek Israeli atzo belarritik tira egin ondoren: Washingtonek exijitu zion Tel Avivi «gehienez ere 30 egun barru» abian jartzea Gazara laguntza humanitarioa iristen dela bermatzeko neurriak.

Bada, bi astean lehen aldiz, laguntza humanitarioa sartu da gaur Gaza iparraldean. Israelgo Cogat erakundearen arabera —Palestinako lurraldeetarako laguntza humanitarioa koordinatzen duen Israelgo erakunde bat da—, 145 kamioi sartu dira hegoaldeko Kerem Xalom eta iparraldeko Erez pasabideetatik. Halere, Gazako egoera gero eta muturrekoagoa da. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari Philippe Lazzarinik gaur jakinarazi du erabat suntsituta daudela zerrendako azpiegituren %60 eta %70 artean. «Zerrendan dagoen jendea borrokan ari da egunero, goseteari eta gaixotasunei aurre egin eta bizirik irauteko», esan du Lazzarinik.

Horrekin lotuta, Israelgo Auzitegi Gorenak agindu dio Netanyahuri datorren azaroaren 11 baino lehen azaldu dezala zergatik ari diren galarazten gaixorik eta larri zauriturik dauden zibil gazatarrak zerrendatik irtetea, beste herrialde batzuetan behar duten tratamendua jaso ahal izateko. Israelgo hainbat gobernuz kanpoko erakunde humanitariok aurkeztu zuten blokeo horren aurkako salaketa, iragan uztailean.

Gazatik haratago, Israelek etengabe jarraitzen du Hezbollah milizia xiitaren eta, oro har, Libanoren aurka egiten. Gaur goizaldean, Israelgo armadak berriro eraso egin dio Beirut hegoaldeko Dahieh auzoari, eta, horrela, beste behin entzungor egin dio AEBek esandakoari. Izan ere, Libanoko lehen ministro Najib Mikatik atzo iluntzean jakinarazi zuenez, Israelek ez zuen «denbora batez» Libanoko hiriburuaren aurka egingo, argudiatuta hala esan ziola Tel Avivek Washingtoni.

Hain zuzen ere, Israelgo armadak baieztatu du Hezbollahk eremu horretan dituen «140 helburu militarri» egin diela eraso. Horien artean, talde xiitaren arma biltegi bati, Avichay Adraee Israelgo armadako bozeramaileak X sare sozialean idatzi duenez. Zenbait ordu geroago, Libano hegoaldeko Nabatieh herria bonbardatu dute, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera. Gutxienez sei pertsona hil dituzte eraso horretan, eta dozenaka zauritu. Talde xiitak ere jarraitzen du Israel iparraldera misilak jaurtitzen; bart, kasurako, 50 misil inguru jaurti ditu. Israelgo armadaren arabera, horietatik gehienak eraitsi dituzte, eta besteek ez dute ez inor zauritu, ez inor hil.

Iran, erasorako «prest»

Israelen erasoaldiak hizpide, telefonoz hitz egin zuten atzo iluntzean NBEko Idazkari nagusi Antonio Guterresek eta Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik. Gaur goizaldean kaleratutako komunikatu batean Irango Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez, Araghtxik Guterresi eskatu zion NBEk dituen eskumenak balia ditzala Israel Gazan eta Libanon egiten ari den «sarraskia eta krimenak» eteteko. Eta Israelen eraso posible bati aurre egiteko, Irango Atzerri Ministerioak ohartarazi du Teheranek dagoeneko prest duela «erantzun eraginkor eta bortitz bat».

AEBek Iranen eta Israelen arteko oldarraldian daukate jarrita arreta; EB Europako Batasunak, berriz, Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoetan. Israelgo armadak egunotan misio horren aurka egin dituen erasoak izan dituzte hizpide, gaur, talde komunitarioko estatu kideetako Defentsa ministroek. Bilkuraren ondoren kaleratutako ohar bateratuan, adierazi dute kasko urdinek han jarraituko dutela, hau da, NBEk ez dituela «inondik inora ere» Libanon dituen tropak handik aterako.

Erresuma batuko gobernuak asmoa du israelgo bi ministro zigortzeko

Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek iragarri zuen, atzo, hausnartzen ari direla Israelgo bi ministro ultraeskuindarren aurkako zigorrak abian jartzea: Finantza ministro Bezalel Smotrichen aurka, batetik; eta Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirren aurka, bestetik. Starmerrek argudiatu zuen bi ministro horiek adierazpen «krudelak eta muturrekoak» egin dituztela palestinarren inguruan iazko urriaren 7az geroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.