Israelek ukatu egin du Gazan «genozidioa» egiten ari direla

Nazioarteko Justizia Auzitegian hartu du hitza Israelgo Justizia Ministerioko ordezkari Gilad Noamek, Hegoafrikak jarritako salaketaren harira. NBEren arabera, jada 600.000 gazatarrek ihes egin dute Rafahtik.

Hegoafrikak aurkeztutako salaketaren saioa, atzo, Nazioarteko Justizia Auzitegian, Hagan. LINA SELG / EFE
Hegoafrikak aurkeztutako salaketaren saioa, atzo, Nazioarteko Justizia Auzitegian, Hagan. LINA SELG / EFE
maddi iztueta olano
2024ko maiatzaren 17a
13:30
Entzun

Egunotan Hagan dute hitzordua Israelek eta Hegoafrikak, azken horrek «genozidioa» leporatuta Israelen aurka Nazioarteko Justizia Auzitegian jarritako salaketaren harira. Gaur Tel Aviveko ordezkariek izan dute argudioak plazaratzeko aukera, eta Israelgo Justizia Ministerioko ordezkari Gilad Noamek ukatu egin du Gazan «genozidioa» egiten ari direla; are gehiago, esan du Rafahn hasten dela Hamasen «tunel sarea», eta erakunde islamistari egotzi dio palestinar zibilak «giza ezkutu» gisa erabiltzea.

Hegoafrikak atzo izan zuen tartea aurkeztutako salaketaren inguruko argudioak emateko. John Dugard legelariak hitzaldia baliatu zuten Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatzeko abian jar ditzala Israelen aurkako «kautela neurriak», eta Israelgo armadari agindu diezaiola Rafahren aurkako ofentsiba militarra bertan behera uzteko. Baina Tel Avivek uste du Hegoafrikaren eskaeren atzean «beste interes batzuk» egon litezkeela, eta Afrikako herrialde horri egotzi dio «bere aliatu Hamasen aldeko abantaila militar bat» bilatu nahi izatea.

Hegoafrikak NBE Nazio Batuen Erakundearen Genozidioari Buruzko 1948ko Konbentzioa oinarri hartuta aurkeztu zuen Israelen aurkako salaketa, abenduan. Ordutik, Israelgo Gobernuak behin eta berriz nabarmendu du Israelen «defendatzeko eskubidea», eta ukatu egin du Gazaren aurkako operazioetan «asmo genozidak» dituztela. Antzera mintzatu da gaur Noam, eta Hamasi egotzi dio gerra hasi izana. Halere, irmo adierazi du: «Ez da su etenik izango Hamasek gatibu guztiak askatzen dituen arte».

Nolanahi ere, gauza bat da zer esaten den, eta beste bat, zer egiten den; eta urriaren 7tik hona Israel Gazaren aurka egiten ari den sarraskiak hautsak harrotu ditu nazioartean. Hainbeste, non G7koek —AEB Ameriketako Estatu Batuek izan ezik— eta beste hainbat herrialdek —hala nola Australiak, Hego Koreak, Herbehereek eta Danimarkak— gutun bateratu bat kaleratu baitute gaur, Israeli eskatzeko «nazioarteko zuzenbidea» bete dezala Gazaren kontrako gerran. Bestalde, zerrendara laguntza humanitarioa sartzen uztea exijitu diote, baita «Rafahko pasabidetik» ere.

Eskaera horrekin batera iritsi da AEBen jakinarazpena: hasi dira lehen kamioi humanitarioak zerrendara sartzen, soldadu estatubatuarrek Axdoden —Gaza iparraldetik 29 kilometrora— eraikitako ur gaineko nasaren bidez. Hori bai, Israelekin adostu bezala, zehaztu dute soldadu estatubatuar bat bera ere ez dela eremu palestinarrean sartu. AEBek Nazio Batuen Erakundearekin koordinatuko dute laguntza horren banaketa.

Halere, egoera gero eta makurragoa da zerrenda hegoaldean. NBEk gaur jakinarazi duenez, azken egunotan 600.000 gazatarrek baino gehiagok ihes egin dute Rafahtik. Horietatik gehienek Gaza iparraldean hartu dute babes, nahiz eta Israelgo armadak berriro ere abiatu dituen eremu horren aurkako erasoak.

Laguntza militarraren alde AEBetan

Israelera bideratutako laguntza militarraren inguruan kontraesanezko mezuak bidaltzen ari da Washington. Aurreko astean Joe Biden presidenteak ohartarazi zuen AEBek ez zutela Israelera armarik bidaliko armada Rafah hirira sartuz gero, eta erabaki horrek Alderdi Errepublikanoaren haserrea piztu du. Hori dela eta, Etxe Zuria arma horiek bidaltzera behartuko lukeen lege proposamen bat aurkeztu zuten errepublikanoek, eta atzo bozkatu zuten Ordezkarien Ganberan. Gehiengoak lege proposamenaren alde egin zuen.

Errepublikanoen proposamenaren aldeko botoa eman zuten 224 diputatuk —tartean zirela hamasei demokrata—, eta kontra bozkatu zuten 187k. Nolanahi ere, ez da espero aurrera egitea, horretarako Senatuan ere onartu behar baitute —Alderdi Demokratak du gehiengoa ganbera horretan—, eta Bidenek esan du lege proposamen horri betoa jartzeko asmoa duela.

TIROKETA BAT IZAN DA ISRAELEK SUEDIAN DUEN ENBAXADATIK GERTU

Israelek Suedian duen enbaxadako egoitzatik gertu tiroketa bat izan da gaur goizaldean, Stockholmgo Poliziak jakinarazi duenez. Erasoan ez da ez hildakorik ez zauriturik izan, baina tiroketaren eremua itxi dute. Oraingoz ez dute inor atxilotu, baina ikerketa abian dago oraindik; Poliziaren arabera, «xehetasunak falta dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.